Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Lide Hernando Muñoz
Bele musika proiektuko sortzaile eta abeslaria

«Putzu honetan asko gara eta badago elkar laguntzearen kontuan defizita»

Bakarkako bideari ekin zionetik bi urte igaro dira. Musika beltzak sortzen dion pasiotik hasi zen sorkuntza norabide horretan jartzen eta ‘Herrari’ diskoan soula eta r&b-a protagonista izan baziren, horiei uko egin gabe, 80etako disco musikara egin du salto ‘Muturrez Zerura’ bigarren diskoan. 

Bele abeslaria.
Bele abeslaria. (Iratxe ETXEANDIA | CAOS STUDIO)

Kantu dantzagarriak eta bonboa beltzetara daramatenak direla esan dezakegu Beleren bigarren diskoan oro har topatuko ditugunak. Lide Hernandok sortutako melodiak eta hitzak Iñigo Etxarriren laguntzaz jantzi eta grabatu ditu InEstudioan berriz ere. Bi pertsona lanean buru-belarri ‘Muturrez zerura’ erortzeko asmoz. ‘Musikharia’ saioan izan da donostiarra.

Kaixo, Lide. Zer moduz?

Ondo, pozik, diskoa kaleratu aurreko urduritasun eta antsietateak gaindituta. Ez dut ikasten-edo…

Eta hori, zeure buruari esaten diozula lehen abestitik ‘Tia relax…’.

Bada, hori da nire buruari egunero esan behar izaten diodan zerbait; izan ere, ez dut ikasten.

Baina hori, muturrera eraman gabe, ona izan daiteke, ezta? Hau da, ez bazenu presio hori sentituko, akaso, ez zenuke irrika bera izango musika sortzeko.

Bai, hala da. Nire urte honetako lanketa garrantzitsu bat bide horretatik joan da: espektatibak jaisten saiatzea motibazioa eta errendimendua jaitsi gabe. Nik uste hor dagoela oreka topatu beharra eta nahiko zaila da, motibazioa areagotzen bada espektatibak ere areagotzen zaizkidalako. Baina horrekin ibili naiz lanketa egiten azken urte honetan. Korrelazio bat dago bi elementu horien artean eta lan gogorrak ez du beti sari bera jasotzen. Eta horrek tristura edota frustrazioa eragin dezake. Baina, tira, ongi nabil eta zerbait nabaritu behar da.

«Gogoa nuen bira hori emateko, eta, batez ere, disko hau egin nahi nuen jendeak ongi pasa dezan. Eta nik ere bai, jakina»

Festa moduko intro batekin abiatzen da diskoa eta Igor Ruiz ‘Fino’ saxoa jotzen entzun dezakegu bertan.

Bera da diskoan kolaboratu duen pertsona bakarra eta esango nuke Etxarriz eta nitaz gain egon den musikari bakarra dela.

Gero MDJ Taldea ere ageri da.

Kar, kar. Haien identitatea utziko dugu misterio batean.

Introan baxua sartzean Motown eta 70etako disco musikara eramaten gaituzue.

Banuen gogoa funkera gehiago gerturatzeko. Funkera eta disco musikara. Antzekotasun dezente duten bi estilo dira; funkean hasi eta discora eraldatu zen musika mota hori. Beraz, gogotsu nintzen 70etako baina batez ere 80etako musika omentzeko, baina gaur egungo gako batzuekin. Midi asko dago diskoan eta dance estilora gerturatzen gara une batzuetan. Gogoa nuen bira hori emateko, eta, batez ere, disko hau egin nahi nuen jendeak ongi pasa dezan. Eta nik ere bai, jakina.

Ekoizle lanean Iñigo Etxarri izan duzu ondoan berriz ere. Ez da erraza izango elkarren ondoan talde baterako kantuak sortzetik baten proiekturako sortzera pasatzea.

Bueno, ekoizlea da baina sortzailea ere bai, hein handi batean. Hori argi eduki beharra dago. Ia beti modus operandi bera erabiltzen dugu abestien sorreran. Erroa nik eramaten dut estudiora, gero berak geruzak gehitu, ideiak eman, norabideren bat erakutsi dit eta aurrera egin dugu, baina nik abiatu ditut kantuak.

(Iratxe ETXEANDIA | CAOS STUDIO)

‘DIY ala hil’ dio mezu nagusiak; eszenan elkar laguntzeaz ere hitz egiten duzu ‘zuk zeuk egin’ filosofia horren baitan.

Oso modu laburrean diot abestian, baina bai badela DIY elkarrekin egitearen mezua. Bakoitzak berea egin dezala, defenda dezala, zeren horrek zure gauzen erantzule egiten zaitu eta zuk daramazu zure proiektuaren kontrola. Kontua ez da izatez filosofia hau gustatzen zaidala, baizik eta momentu honetan hori dagoela edota ez dagoela besterik batzuontzat. Diskoetxe batek, agente batek… zure musika ibilbidea gailurrera eramateko zain egoten bazara, ez zoaz inora. Hartu zuk aho-uhalak –eskerrik asko Olatz Salvador– eta eraman zuk zure bizitzako aho-uhalak. Putzu honetan asko gara eta elkar laguntzearen kontu horretan badago defizit­­a. Akaso momenturen batean nik ere huts egingo nuen, norbaitekin hanka sartuko nuen ni konturatu gabe. Baina, normalean, saiatu izan naiz bai laguntza eskatzen baina baita ematen ere behar duela uste dudan horri.

Diskoko ahots guztiak zureak dira?

Ia guztiak, bai. Esan dugun MDJ taldeak, edota koro-espektroa behar izaten dugunetan Etxarrik, ahotsen bat sartu izan du. Ez dugu efektu eta halako gehiegi sartzen, koruak organikoak izaten saiatzen garelako. Dena dela, efektua erabili dugunean azpimarratu nahi izan dugu eta bistan jarri. ‘Sefini’ kantuan, adibidez, talkbox-a erabili dugu «Bele herraria erori da muturrez zerura» abesteko. Geruza pila bat ditu zati horrek. Eta elementu hau gehiago erabili nahi genuen arren, zaila izan da instrumentu hori menperatzea, eta hor bakarrik erabili dugu. Baina ikasiko dut, asko gustatzen zaidalako talkbox-a.

Bonboa beltzetara, disko honetan dezente topatuko dugun elementuetako bat da.

Bai, betiere musika beltzak dituen sinkopa eta aurreratze horiekin jolasean ibilita. Baina bai saiatu garela abesti askotan bonboa beltzetara mantetzen.

Baxua, beste protagonista garrantzitsua abesti hauetan.

Bai, baxuak diskoan badu sekulako presentzia eta indar handia ere hartzen duela esan genezake. Bestela, galdeiozu Maria Antunez taldeko baxu-jotzaileari, esan didanez izerdi latzak botatzen ari da disfrutatzen ari den bitartean.

Edizio fisikoa: noiz, zer…

Bada, CDa eskuratu nahi duenak fanzinea eskuratuko du. Hau da, bata bestearekin doa. Eta, bestetik, biniloa egongo da. Durangoko Azokan izan da, baina norbaitek nahiko balu bidaltzea, harremanetan jarri eta bidalketa gastuak gehituta, helaraziko diot. Ez da dendetan egongo, printzipioz, nire kabuz salduko ditut. 

Bide guztian Iratxe Etxeandia izan duzu ondoan; pertsona garrantzitsu gisa aipatu izan duzu.

Unibertso bisuala hasiera-hasieratik landu izan nahi dudanez, bada, hainbat argazki saio egin ditut berarekin eta beti kontzeptu beraren bueltan. Kristal apurtuak, odola, soineko morea… Soineko more hori Fermin Muguruzarekin egin dugun biran ere eraman nuen eta horregatik egin dizkiot hainbeste argazki. Obsesio puntu bat diot jantzi horri, baina horrela da eta kito. Iratxe ez da argazkilaria soilik izan, diskoko alma materretako bat izan da. Belek bi zutabe baditu, horiek Iñigo Etxarri eta biok gara, baina, hirugarren bat egongo balitz, hori Iratxe izango litzateke. Fanzinea egiteko garaian berarekin elkartu nintzen eta berak moztu zizkidan argazkiak eta abar. Fanzinea nik diseinatu dudan arren, bera izan dut laguntzen. Nik gauzak gehiegi pentsatu behar izaten ditut egin aurretik, baina fanzinea edo bertan ikusten den collagea zuk egiten duzun moduan geratzen da betirako, momentuan bi argazki itsastea bururatu zaizulako eta kito. Hortaz, bera izan zen bultzada hori eman zidana, gauzak askorik pentsatu gabe egiteko. Nire barruak agindutakoari jarraitzeko bide eman dit Iratxek.

«Iratxe Etxeandia izan zen bultzada eman zidana gauzak askorik pentsatu gabe egitera. Nire barruak agindutakoari jarraitzeko bide eman dit»

Azken abestian ere badugu sorpresa bat, ingelesez abesten baituzu ‘Painting water’ kantuan. Nori zuzendua da?

Tira, abestia nahikoa orokorra da eta heriotzaren inguruan hitz egiten du. Heriotzaren eta ur-korronteen konparaketa egiten da, oso kristaua den kontzeptu batetik abiatuta; nik hildakoak ibaiaren ertz batetik bestera iristearen irudiarekin jolas egin dut. Greziar mitologiatik dator, nahiz eta gerora konturatu nintzen. Bideo bat agertu zitzaidan, uraren gainean margotzen zuen margolaririk onenaren istorioa kontatzen zuena. Eta ura margotzea oso zaila da. Bideoa ingelesez zen eta ‘painting water’ horrek zerbait ekartzen zidan burura. Hortik tiraka idazten hasi nintzen eta, ohartzerako, nire amatxirentzat idazten ari nintzen, duela ia hiru urte hil zena eta askotan bere falta sumatzen dudalako. Hortaz, berari eskainitako kantua izanagatik ere, galdu dugun edozeini eskain diezaiokegu.

Zuzenekoen gurpila martxan jarri duzue?

Abenduaren 8an Durangoko Azokako Ahotsenean izan ginen, eta abenduarean 17an, Iñigo Muguruzaren omenezko festan, Hondarribiko Itsas-Etxea auditorioan, Matah-rekin batera; bakoitzak bere lan berria aurkezteko aukera izan du bertan. Miryam De La Fuente ‘Matah’ eta biok Fermin Muguruzaren biran ibili gara elkarrekin eta berezia izan da oholtza partekatzea. Aurreikusita ez zegoen arren, ezin nion halako aukera bati ezezkorik eman.

Gero, urtea hastean, urtarrilaren 22an, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean izango gara; 30ean, Gasteizen, Izaskun Arrue Kulturgunean; otsailaren 6an, Legorretako Herri Antzokian; eta, otsailaren 13an, Donostian, Dabadaba aretoan.

Mila esker gurekin izatearren eta bide on.

Zuri, eskerrik asko.