Zuzenean

Musikaren industria osatzen duten aktore desberdinen topalekua izaten da urtero-urtero BIME azoka Bilbon. Euskalduna Jauregian dozenaka postu topa daitezke eta haietan denetariko kontuak jorratzen dira. Hasi erakundeetatik, kontzertuetarako sarrerak saltzen dituzten plataformetatik pasa eta komun eramangarrietaraino. Musikaren bueltan sortu daitezkeen behar eta negozio guztiek topo egiten dute urriko azken astean Bilbon.
Mon Laferte abeslari txiletarra izan da aurtengo edizioko lehen izarra. Goizeko 10:00etan elkarrizketa goxoa izan du Paula Quintana Radio 3eko kazetari espainiarrarekin batera. Bere ibilbideari buruz aritu dira hizketan eta gauza interesgarriak kontatu ditu Lafertek. Hamahiru urte baino ez zituela hasi zen lanean Laferte eta 30 urterekin ezaugtu ahal izan zuen arrakasta deitzen duten hori, baina bidean miseriak pasata: «Nire lehen album independentea 2011n atera nuen eta 2013an bigarrena. Hirugarren diskoa ere independete gisara egin nuen, Mexikon, eta deprimituta nintzen, dirurik gabe eta argia ere moztu zidaten etxean. Orduan, argia elektrizitate enpresari lapurtu nion, frustrazioak eraginda. Horrela egon nintzen 6 hilabetez eta diskoa gisa horretara egin nuen, nire diskorik onena izan dena, sekulako arrakasta izan zuena. Ez nuen ezer ulertzen, txantxa bat zirudien, Vive Latino jaialdian jo nuen, showetan jendea sartu ezinda geratu zen… Horren ondoren bizilekuz aldatu eta elektrizitatea berreskuratu nuen etxean. Irabiaki bat egiteko aukera izan nuen lehen aldia dut gogoan; negar egin nuen», kontatu du Lafertek.
2017an Viña del Mar jaialdian egoteko aukera izan zuen, Txilen, eta saria ere jaso zuen. Quintanak aipatu du hitzik gabe geratu zela jendeari begira eta horrela erantzun Lafertek: «Mexikon saria jasoa nuen baina ez Txilen eta nire hirian jaso izanak gogoratzen dut zer sentiarazi zidan. Baina, oholtzara igo aurretik, telebista saioko zuzendariak esan zidan askorik ez hitz egiteko, eta horri egin nion kasu, telebistan diruak urrea balio omen du-eta». Mezu ironikoa abeslari txiletarrarena.
Kantu perfektuaren bila
Hurrengo hitzaldian kantu perfektuaren sorkuntzarako zer nolako lana egiten duten aritu dira hizketan Marwan jatorri palestinarreko musikaria eta David Otero ‘El pescao’ madrildarra Miguel Marcosen gidaritzapean.
Hainbat gairi heldu diote, baina sortzeko modua izan dute abiapuntu. Marcosek esan die bi gisatako sortzaileak egoten direla: mapak eta iparrorratzak. Lehenek kantu bat sortzerako garaian dena oso pentsatuta eta neurtuta edukitzen dutela aipatu du eta, bigarrenek, gauzak bidetik probatzen dituztela baina mapa baten barruan daudela jakin gabe. Otero eta Marwan ados egon dira biak ere iparrorratzak direla esaterakoan, nahiz eta Oterok esan abesti bat sortzeko bidean prozesu luzeetan murgiltzen dela, ez dela ia ezer ustekabean sortzen. Marwanek honakoa gehitu du: «Burmuinak mapa bati egiten dio kasu. Zuk egun batez reggae bat egingo duzula pentsatzen duzu eta hortik hiru egunetara reggae hori etortzen zaizu burura eta idazten ari zara, ez da kasualitatea».
Oterok honakoa esan du atzetik:«Aisialdia da niretzako lana, atseden momentuetan joaten naiz sortzera. Haur parke bat bezalakoa da estudioa, zure txirrista 80etako erritmo kaxa baten plugina da eta horrekin hasten zara jolasean eta kantuaren eraiketa lanean. Ni, honetan natibo digitala naiz, ‘Mario Paint’ jolasarekin hasi nintzen musika sortzen, Super Nintendo kontsolarekin».
Marwanek bere sortzeko moduan gitarran oinarritzen zela azalduz hasi da harik eta Jorge Drexlerrekin hizketaldi bat izan zuen arte: «Drexlerrek esan zidan Joaquin Sabinak esan ziola letretatik hasteko eta horrela egiteko. Bada, kasu egin nion eta Benedettiren hitzekin egin nuen proba eta sortu nuen abesti bat, kosta zen, baina orain banabil soneto alexandrinoetan; eta kanturik onenak etorri dira. Ez duzu melodiarik sortzen hasierna, abiatzeko modua askoz askeagoa da eta beste bidaia batzuk egiten dituzu». Horri gehitu dio hizkuntzaren arabera asko aldatzen dela kontua: «Ingelesez askoz errazagoa da nahi duzuna egitea, silaba bakarreko hitz gehiago dituelako. Baina, gero, hizkuntzak askotan ez du zerikusirik, jendea melodiekin geratzen delako».
Adimen artifizialaren aro honetan kezkaz bizi duela momentua adierazi du Oterok, «asko ari baitira sortzen eta erregistratzen eta nahi gabe ere sortutako kantu bat sortzen ibiliko gara gutako asko. Lehen imitatu egiten genituen, izan gure nerabezaroko Guns'N'Roses edo Greendayren gitarrak edota Roxetten melodiak, baina ez gara kontzienteki eseri eta kopiatzera jarri inoiz». Horri Marwanek horrela erantzun dio: «Gero melodia bera bi pertsonek abestean matizak aldatzen dira eta hor ere badago aldaketa bat. Baina orokorrean oso zaila da gaur egun sortzea. Niri galdetzen badidazu nor ari den sortzen, bada Rosalia eta bere taldea aipatuko nituzke, horiek bai ari direlako sortzen nire ustetan». Oterok «batzuk nahiago dute mugaraino arriskatu, eta hor sartzen da zuk aipatu duzuna, baina lotuta daude, ez dira eroriko», esan eta Marwanek baietz esan dio, «baina ez erabat. ‘El Mal Querer’ diskotik ‘Motomami’-ra aldaketa oso oso arriskatua» izan zela, estilo aldaketa totala.
Bideojokoak eta markekin harremanak
Play Station etxeko Alex Hackford musika arduradunaren hitzaldia ere bazen bideo-jokoek eta musikak duten harremanaren inguruan. Hitzaldia hasita zela iritsi gara, azken txanpara, eta bideojoko sagetan musikaren garrantziaz ari ziren hizketan, hala nola, ‘Uncharted’, ‘Gran Turismo’ edota ‘The Last Of Us’ izen ospetsuetan. «Zinemagintzaren pareko mugimendua dago egun eta hori zuzentzea amets moduko bat izan da niretzat. Napsterren eztandaren aurretik pop artistentzat bazuen garrantzia jokoetan egoteak, baina orain haien parte-hartzea zailagoa da. Hori bai, joko bakoitza mundu bat da», esan du Hackfordek. Musikak herrialde batetarako edo kultura batetarako sortzen ote diren galdetuta, hori dela zailena aipatu du, «jokoak globalak direlako. Garaian oso joko gutxi egiten ziren baina orain… Gainera, hardware eta softwareaz harago, arte sorkuntza asko garatu da. Egun musika jokalariarengana egokitzen da, bere mailara eta egoerara musika bat edo bestea entzungo du, puntu horretaraino dago garatua», bukatu du bere hitzaldia.
David Pejenaute nafarraren txanda izan da atzetik. Mahou garagardo etxearentzat egiten du lan marketingaren alorrean eta argi du artistekin lan egiteak eta musikaren munduan lan egiteak zer nolako garrantzia duen haientzat: «Jendearen %67arentzat musika oso garrantzitsua da beren bizitzan eta kontzertuetara eta jaialdietara joaten direnen %70ak garagardoa eskatzen du edateko». Datu esanguratsua ezbairik gabe.
Baina musikan geroz eta marka gehiago agertzen direla eta tokia egitea gehiago kostatzen dela esan du Pejenautek, eta horri «jendea festibalez nekatzen hasia dagoela ere bai. Gaur egun publikoak nahiago du dirutza bat utzi artista bakarra ikusteko eta ez erdipurdiko esperientzia emango dion jaialdi batetan». Hala, jaialdi handiak babesten dituzten arren, aretoetan sinisten duela esan du nafarrak: «Guretzako beti dira oso garrantzitsuak eta esperientzia oso desberdinak sortzen dira. Gainera, aretoetan gure produktua merkeagoa ere bada».
Artista berrien aldeko apustua egiten dutela aipatu du eta zuzeneko kontzertuetara talentuen bila joaten direla. Gainera, duten marka desberdinen baitan batean edo bestean kokatzen dituzte artistak, «gure marka identitatearen baloreak eta artistarenak bat egin behar du, bi aldeak irabazten atera daitezen», nabarmendu du Pejenautek. Hala, babesten dituzten artisten arteko sinergiak ere bilatzen dituzte, influencer eta halakoen bitartez edukiak partekatu ordez markaren babesean dauden artistek batzuk besteen edukiak partekatuz. «Sinesgarritasuna garrantzitsua da eta gure artista bat beste bat ikusten ari bada, hori da zabalkunde egiteko modurik onena».
Bukatzeko, nabarmendu du ez dira gobernuz kanpoko erakunde bat eta argi dagoela negozioaren mesedetan aritzeko daudela musikan. «Lehendabizi jendearen bihotzak konkistatu behar dira eta horretarako musika kanal oso garrantzitsua da. Gero, marka hori agertzen da haien inguruan eta bide horretatik erostaileak lortu daitezke. Hori bai, geroz eta marka gehiago daude eta inflazioa nabaritu dugu artistak lortzerako garaian. Horregatik gabiltza oso adi eszenan gertatzen denari eta talentu berriei», bukatu du nafarrak.
Talentu nafarraren erakustalditxoa
Goizari bukaera emateko Euskalduna Jauregiko terrazan Sedientos de Cumbia eta Castazabal proiektuek kontzertu labur bana eskaini dute Nafarroako lurrak emandako zainzuri, orburu, piper eta ardo artean. Lehenak egokiak dira Latinoamerikako presentzia handia izaten delako BIMEn eta kanpora irteteko bidean aukera bat delako plaza hau. Bigarrena, berriz, diskoa kaleratu berritan etorri da Bilbora. Proiektu berezia da, flamenkoa eta elektronika uztartzen ditu eta bihar izango da berriz ere zuzenean entzuteko aukera, Bilboko BBK Aretoan, 20:00etan. Izan ere, egunez egun Bilboko areto desberdinetan doako emanaldiak izango dira, 50etik gora emanaldi ostiral gauera arte.
Zuzeneko musikaren burbuilaren gaineko eztabaida
Zuzeneko musikaren inguruko gogoeta ere egin da halako mahai-inguru batean: nork ordaintzen du zuzeneko musika? Noren kontura hazi da hau? «Egia da sarrerak garestitu direla baina jendeak ordaintzen segitzen du. Kosteak garestitu dira, baina hori guztia ere hor dago», esan du Keina Garcia Mushroom Pillow zigiluko sortzaileak. Silvia M. Ferrari Oh, salvaje promotorako zuzendariak, berriz, «inbertsio-funtsen diru sarrerak ere eragin du merkatu honen handitzea». Kin Martinez Esmerarte enpresako buruak, berriz, abestiek berek lortu dutela esan du lehendabizi eta «nola ez, turismoaren sektoreak. Horrek ere asko eragin du. Baina, esan dudan moduan, grabatutako musikak ere sortu du zuzeneko musikaren zabalkunde hori ere. Talentua zaindu egin behar da eta hori da gure lehengaia».
El Mundoko Pablo Gil kazetariak aipatu du, berak zuzendu baitu mahai-ingurua, «ekonomiako lankideekin hitz eginda, boom hitza aipatu beharra dagoela. Ez dagoela zuzeneko musika baino gehiago hazi den beste sektorerik, %25ek hazkundea azken urteetan». Hor berriz ere Keina Garciak hitza hartu eta esan dio erakusteko datu horiek xehetasunetan: «zenbat dira Madrilen, zenbat beste hirietan, zenbat bertakoak eta zenbat atzerrikoak… Hori aztertuta akaso beste argazki bat genuke, estadioko nazioarteko artistek eramango zutelako hazkunde horren zatirik handiena».
Profesionalizazioaren igoera sekulakoa izan dela pandemiaren ostean dio Silvia M. Ferrarik: «Langileen baldintzak hobetu direla esango nuke, ordutegiak eta halakoak batez ere eta horrek garestitu egiten ditu jaialdiak ere. Beste kontu bat litzateke hazten ari diren artisten inguruan». Big Audio Mediako Pepo Marquezek hitza hartu eta esan du «industria benetan gaztea dela. Baina, 1.000 jaialditik gora daudela espainiar Estatuan eta hor akaso eguraldiak eta halako gauzek eragingo dutela, Europan ez delako halako fenomenorik ematen beste inon. Bataz besteko artistek beren diru iturriak egun %80 zuzenekoetatik jasotzen dute, grabatutako musikaren salmenta erabat gainbeheran dagoelako 2006tik. Moran anaiak izan ziren FIB jaialdiarekin halako saiakera bat egin zuten lehenak, Glastonburyk funtzionatzen zuela ikusita. Egun, jaialdi guztietan abuso laboralak ematen direla esango nuke, nahiz eta akaso azken lau urteotan hau aldatu den. Adibidez, gizarte segurantzan altan ez ematea».
Hor Keina Garciak hartu du hitza eta «ezetz» esan dio, eta hori dela «artista askorentzat kaltea» eta Ferrarik esan du «nire jaialdietan nik eskaintzen diet artista txikiei altan ematea». Hala, Marquezek adierazi du «pozten» dela hori jakinda, «bere esperientzia eta datuek kontrakoa esaten dutelako. Gainera, turismoarekin gertatzen den bezalaxe, makrojaialdiek, gehiegi garatu direlako, ez dut aberastasunik uzten joaten diren tokian. Gainera, herrialdeetako turismo sailetatik bultzatzen dira jaialdi hauek». Kin Martinezek erantzun dio esanaz «jaialdien kontua ere zalantzan jarri behar dela. Zenbat herriko festa dira egun jaialdi bezala aurkezten direnak? Hala ere artisten gaineko garapenean jarri ber da fokua. Tokiko artistak zaindu egin behar dira tokiko ekonomiaren garapenean eta jaialdietan ere nahi dute jo. Hor aretoekin ere lan egin beharra dago eta zirkuitu bat sortu, jaialdietarako bidean artistek beren bidea egin dezaten».
Zinez interesgarria lehen egunaren bukaerarako izan den mahaingurua. Iluntzean kontzertuak izango dira Bilboko areto desberdinetan eta bihar bigarren jardunaldia Euskalduna Jauregian. Bertan izango gara gertatzen denaren berri ematen.

«Somos unos esclavos de nuestra pasión discográfica»

Gorka Urbizuk Abbey Road estudioetan grabatutako ‘Bakan II’ EPa argitaratu du
«Funtzio bat ikusten diozu musikari garai ziniko eta ilun hauetan»

«El punk nos proporcionó una cultura crítica contra la Transición»


