Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Leire Martinezek musika munduko matxismo egoera larriak kontatu ditu BIMEren bigarren egunean

Musika industriaren azoka den BIMEk bigarren eguna bizi du Euskalduna Jauregian. Sorkuntzaren ingurukoez gainera, industrian emakumeek duten paperaz edota istorioak sortzean artistek zaleekin duten loturaz aritu dira hizketan. Leire Martinez errenteriarra izan da protagonista nagusia gaurko egunean.

Leire Martinez eta Francisca Valenzuela sendo aritu dira musikan emakumeek pairatzen duten matxismoa salatuz.
Leire Martinez eta Francisca Valenzuela sendo aritu dira musikan emakumeek pairatzen duten matxismoa salatuz. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskalduna Jauregian gertatzen ari denaz harago, Estatu Batuetako Seattle hiriko KEXP irrati publikoak aurtengo BIMEren baitan zuzeneko bereziak grabatuko ditu Bilboko Enkarnazioaren elizatik eta medioko zuzendari digitala eta aurkezlea denak, Albina Cabrera argentinarrak, zuzendu du eguneko lehen mahai-ingurua. KEXP Irratia ezagun egin zen Soundgarden, Pearl Jam, Mudhoney edota Nirvanaren grunge doinuak aireratzen aitzindariak izateagatik eta, gerora, zabalkunde nabarmena izan du mundu mailan internetaren sorreratik.

‘Ahalduntzetik haratago: industria eraldatzen duten emakumeak’, gai hori ardatz hartuta Leire Martinez Errenteriako abeslaria eta Francisca Valenzuela Kalifornian sortu eta jatorri txiletarra duen musikaria izan dira hizlariak. Ibilbidearen hasieran kontziente ote ziren beren emakume izaerak sor zitzakeen oztopoez egin die galde Cabrerak eta Leire Martinezek bere hasiera edo ez-hasiera desberdina izan dela adierazi du. «Beti taldeetan izan dira nire hasierak eta horietan emakume bakarra izaten nintzen, baina denok berdinak ginen, lanak banatuta zeuden eta egin beharrekoa egiten zen. Egia da, industria handiago batera sartu nintzenean dena aldatu zen, eraikitako proiektu batean sartu nintzen eta rolak oso banatuta zeuden bertan. Egiari zor, gizartean orokorrean topatzen ditugun gauza berak ematen dira musika industrian ere, baina hori dena gehiago bizi izan dut La Oreja De Van Goghen sartu nintzenetik aurrera», kontatu du errenteriarrak.

«Egiari zor, gizartean orokorrean topatzen ditugun gauza berak ematen dira musika industrian ere, baina hori dena gehiago bizi izan dut La Oreja De Van Goghen sartu nintzenetik aurrera»

Valenzuelak aipatu du Txilen badabiltzala egoera aldatu nahian eta hainbat ekimen egin dituztela emakumeen eskutik, baina bere ibilbidearen hastapenetan emakume autoreei jarraika ibili zela, eta Txilen emakume gutxi zirela musika sortzen orduan. Hamazazpi urte zituela beste musikari heldu bati idatzi zion bidea nola egin zezakeen galdetuz, «eta emakumeerik ez zegoen arren, sistematikoki matxismoa pairatu nuen, eta deseroso eta arriskuan ikusten nuen nire burua uneoro. Mexikon zuzendari exekutibo batek bilera batean ia-ia ezkontzeko eskatu zidan eta hor ohartu nintzen industrian ohikoa zela halako egoerekin topo egitea. Hartara, nire taldea sortzen joan nintzen heinean, emakumez inguratu nintzen eta hor, seguru sentitu nintzen unetik aurrera, industriari begira ekarpena egin nahi izan nuen egiteko moduak aldatu asmoz. Garai haietan ez zegoen bulegoetan eta erabakiguneetan emakumerik eta, zorionez, hori pixkanaka aldatzen ari da».

Matxismoaren gordintasunaren aurrean ekintzen beharra

Leire Martinezek une horretan hitza hartu eta esan du emakumeek beren komunitate propioa sortzea soilik ez dela kontua: «Gizonezkoek ondo zaindu behar gaituzte. Behin, konpainia bateko presidente batek, Sonykoak, zerrendetan lehendabiziko tokira iritsi zen kantu baten bueltan egindako bileran esan zidan sekulako titiak nituela. Jo eta ma geratu nintzen. Hori bai, nik erantzun nion ezingo zituela berak nahi bezala apreziatu. Taldekideei esan nien akaso Sonyrekin harremana etengo zela horren ondorioz, baina haietako inork, denak gizonak, ez zuen ezertxo ere egin egoera horren aurrean». Ez zen halakorik gertatu, ordea, eta azken diskoa ere Sonyrekin kaleratu zuten.

«Taldekideei esan nien akaso Sonyrekin harremana etengo zela horren ondorioz, baina haietako inork, denak gizonak, ez zuen ezertxo ere egin egoera horren aurrean»

Guztiak hobeto funtzionatzeko zer aldatu beharko litzatekeen galdetuta, Martinezek zera esan du: «Diskurtsoak eta oso ondo daude, baina ekintzak falta dira horren aurrean, eta hori ematen denean gertatuko da benetako aldaketa. Geroz eta kontzientzia gehiago dago eta aldaketa horiek pixkanaka ikusten ari gara, baina ez dira sakonekoak izan».

Ruidosa plataformari buruz aritu dira segidan, erakunde honek ikerketak egin zituen emakumeen presentziari buruz Latinoamerikan eta Argentinan kupoen legea sortu zen horren ondorioz. 2018an egin zuten lehen ikerketa Valenzuelak kontatu duenez, «Latinoamerikako datuak bildu eta %10a zen emakume edota talde mistoena oholtzan. Asko ez ziren oharta, baina beste batzuk kuotak aldatzen hasi ziren, eta azken batzuk haserretu eta betoa ezarri zidaten beren jaialdietan. Argentinako kasuan %3-4a zen emakumeen presentzia, eta, legea sortzearen ondorioz, egun %30ekoa da gutxienez emakumeek jaialdietan izan behar duten presentzia eta horrek emakumeentzat lan aukera gehiago ekarri du ezbairik gabe, artistetatik hasi eta teknikarietaraino».

Ikerketa berri bat egin dute orain Ruidosakoek eta %20koa da emakumeen presentzia edo mistoena Latinoamerikan, baina %1a soilik da kartelburua, eta hori ez da horrela mundu anglosaxoian. Enpresetan, berriz, %20koa da emakumeen presentzia baina karguetan %12koa baino ez da, eta hori industrian dirua jartzen dutenen araberakoa da. «Hortaz, Ruidosak neurriak hartu nahi ditu emakume eta disidentzien mesedetan. Eta hor topatzen dut askok ez duela beren burua ahaldunduta ikusten. Hitzaldiak emateko deitzen diegunean, esaterako, emakume askok uste du ez dela bere tokia, baina guk sinetsarazten diegu baietz, beren espazioa delako deitzen diegula».

Proiektu baten aurpegi izatearen zama

Talde baten aurpegia izatearen arduraz galdetu die Cabrerak segidan eta Leire Martinezek baietz esaten zuen buruarekin, ardura hori sentitu duela bere gainean: «Zarata asko zegoen jendartean eta taldearen bideari eustea nire lana zela sentiarazten zidaten. Gerora aldekoak eta kontrakoak egon dira eta babestua sentitu naiz, egiari zor. Barrutik bizita, gaur egun da nire ibilbidearen jabe lehenengoz sentitzen ari naizen unea, ni naizela nire erabaki guztien jabe nabari dut orain. Taldean egon nintzen garaian, proiektua eta marka ziren garrantzitsuak nire ustetan, erromantikoa nintzen, nire izenaren gainetik zegoen hori guztia eta pozik bizi nuen hori. Orain, kanpotik ikustean, konturatu naiz 17 urteren ostean askorentzat ezezaguna naizela, talde bateko kide izateak hori dakarrelako, eta hori nik onartu nuen, ez diot beste inorri egotziko hau. Baina jabetzen naiz nire irizpideak ez zirela hainbeste entzuten taldearen baitan, eta hori behin kanpotik begira jarrita konturatu naiz. Hortaz, orain bai, nik nahi dudana egiten nabil». Txalo zaparrada jaso du une honetan.

«Orain, kanpotik ikustean, konturatu naiz 17 urteren ostean askorentzat ezezaguna naizela, talde bateko kide izateak hori dakarrelako, eta hori nik onartu nuen, ez diot beste inorri egotziko»

Independentzia zer den galdetuta Martinezek esan du «sormenean aske izatea dela, baina besteengan lana delegatzeko beldurrik gabe», taldean lan egitea maite duelako, «baina erabakiak nik hartuta. Sormenerako askatasuna izatea da hor garrantzitsuena». Valenzuelak halabeharrez hasi zela modu independentean esan du eta gerora industrian berarentzat egitura egokirik ez zuela ikusten gaineratu eta horregatik lan independente moduan egin duela.

Aldaketen beharra

Azken urtean gertatu denak ea industrian aldaketarik eragingo ote duen galdetu diote publikotik Leire Martinezi eta esan du atentzio dei moduan balio izan badu, txalotzen duela, baina ez du hainbesterako izan denik uste: «Batzuetan pertsonaiak sortzen ditugu eta estandarte moduan jartzen ditugu egoera zailen aurrean, baina propaganda hutsean geratzen direla uste dut eta falta dena benetako kontzientziazioa da, benetako ekintzak behar dira. Nire egoeraren inguruan jakin den gutxiarekin egon den analisi eta erreakzioa halakoa izatea sekulakoa izan da, harritu nau eta jaso dudan babesarekin pozik nago. Baina ez dadila anekdota hutsa izan eta egon dadila aldaketaren bat industrian ere».

Valenzuelak esan du martir moduan ez dela bizi behar hori guztia, gauzak egitea dela motibatzen duena eta ekosistema bat sortu behar dela, «akzio-erreakzioak egon daitezen. Jendearentzat pertsonak ezagutzea garrantzitsua da, elkar entzutea, itsu gauden puntuetan argia sartu dadin, elkar hartuta. Denon artean lan baldintza hobeak sortu behar direla uste dut, prekarizazioarekin bukatzeko, eta, noski, komunitatean parte hartzea garrantzitsua dela uste dut, Ruidosa bezalako beste plataforma gehiago ere badirelako munduan, guztion artean ekarpena egin dezagun aldaketa honen aurrean. Hori bai, inori ezin diot esan zer egin behar duen, bakoitzak bere ikuspegia duelako». Gisa horretara bukatu da hitzaldia.

Zale sutsuekin loturak eraikiz

‘Entzuleak zelan bihurtu superfan: fidelizatzen duen marketinga’ izeneko mahai-ingurua izan da jarraitu dugun hurrengoa. Primavera Labelseko Anna Romeuk bideratuta La Vendicion zigiluko Junior E. Edward, The Orchard banaketa enpresako Marina Sans eta Sonido Muchachoko Edu Fernandez izan dira hizlariak.

Entzule pasiboak non ote dauden izan da hasierako hizpidea. The Orchardeko Sansek esan du «playlist algoritmiko eta editorialetan egon daitezkeela, baina hortik erakarri eta artista ezagutzeko bidean jarri ditzakegunak identifikatzea» dela beren lana, «bidelagun izan behar dugu artistaren proiektuari babesa eman ahal izateko». Sonido Muchachoko Fernandezen hitzetan, «komunitatea sortzea da helburua eta marketing sortzailea behar da horretarako».

Moderatzaileak marketingaz harago errelatoa benetakoa izan dadin eta konexioa modu sinesgarrian sentitzeko estrategia nola landu daitekeen galdetu duenean, Fernandezek berriz hitza hartu eta «oinarrizko kontzeptua» dela gakoa esan du. «Hortik sortu behar da guztia eta hori artistak berak sortzea da garrantzitsua, errelatoa hortik eraiki behar da», Sonido Muchachokoaren aburuz. Sansek gehitu du artistak abiatu behar duela bide hori, «nahiz eta gero lan-talde zabalago batek lagundu». Edwarden hitzetan, «beren unibertsoa sortuta etorri behar du artistak eta guk errelatoa sortu behar dugu horren gainean. Yung Beef edota La Zowiren mezu eta hitz egiteko moduak sortuta zeuden, guk horri guztiari marko hori handitu besterik ez diogu egiten». Sansek autentikotasuna gauza txikietan dagoela esan du, «artistak nola erantzuten dien mezuei, nolako hartu-emana duen zaleekin, modu espontaneoan sortzen duen edukia nolakoa den… hori ere oso garrantzitsua izaten da».

«Beren unibertsoa sortuta etorri behar du artistak eta guk errelatoa sortu behar dugu horren gainean. Yung Beef edota La Zowiren mezu eta hitz egiteko moduak sortuta zeuden, guk horri guztiari marko hori handitu besterik ez diogu egiten»

Artisten formakuntza, gakoetako bat

«Artistak formatu egin behar dira eta aipatu behar zaie gu erreminta bat garela, baina ulertu behar dute negozio baten bueltan gabiltzala eta horren parte ere egin behar ditugu», aipatu du La Vendicion zigiluko Edwardek: «Haientzat artearen parte izatea ere garrantzitsua da eta gustatzen zaie offline ekintzak, kalekoak, egitea». Horri Sansek zera gehitu dio: «artistei azaldu behar zaie hau guztia sarrerak edota merchandisinga saltzeko beharrezkoa dela. Pre-save moduan egiten diren akzioak garrantzitsuak dira, eskuratzen den datu-basea sekulakoa delako eta entzuleari ematen zaion oparia, zerbait berezia izanagatik ere, ez delako halako gainkostea duen ezer». 

Egunerokoan datuak nola interpretatzen diren galdetu die Romeuk segidan, «arrakasta eta porrota zer eta nola diren ulertu ahal izateko ezinbestekoa baita hori». Fernandezek esan du Depresion Sonorarekin gertatu dena badela berezia, espero ez zuten harrera izan duelako: «Guk orain datu horiek edukita, ikusi behar dugu nola egin behar dugun aurrera begirakoa, nola indartu edota irratietan zer nolako kanpaina egin. Gero badugu abesti bat, kaleratu berri dena, eta ez dena single moduan etorri, uste dugula zerbait berezia gertatuko dena berarekin. Badugu halako bihozkada bat, baina hiru-lau hilabeteetako datuak ditugunean ikusiko dugu gero bihozkadarena gertatuko den edo ez». 

«Badugu halako bihozkada bat, baina hiru-lau hilabeteetako datuak ditugunean ikusiko dugu gero bihozkadarena gertatuko den edo ez»

Fanak bai, erosleak behar

«Nola egiten dugu zaleak sofatik altxa eta gugan dirua jar dezaten?», egin die galdera saioaren hondarrean Romeuk. Fernandezek dio newsletterrak esaterako oso ongi funtzionatu dutela Mujeres taldearen kasuan. «Algoritmotik harago, gero, oso garrantzitsua da merchandisinga, proiektuaren identitatea eta parte izatearen sentimendua izugarri handitzen duten elementuak direlako halakoak, monetizaziotik harago. Kontzertuaren esperientzia hor dago, baina kamisetaren diseinua ere oso garrantzitsua da. Guk kontzertu batetarako bidean badakigu norbait fan den edo ez kamisetengatik edota artistaren looka imitatzen badu entzuleak», gehitu du Fernandezek.

Edwardek esan du zaleak artistaren zaindari izan behar dutela: «Batzuetan managerra baino managerrago bihurtzen dira eta hori zerbait oso zoroa da. Like batetik abiatuta, ‘save’ bat, sarrera bat eskuratu, bisera bat erosi eta whatsapp komunitateetaraino iristen gara, zerbait intimoagoa den esparruetara eta horrek fans fenomenoa areagotzen du. Geroz eta introspektiboago edo pertsonalagoa izan artistaren iruditeria, geroz eta errazagoa da kanpora begira saltzeko» Edwarden ustetan.

«Batzuetan zaleak managerra baino managerrago bihurtzen dira eta hori zerbait oso zoroa da»

Istorioak sortzeko, plataforma asko behar

Abestiaz harago istorioak kontatzearen garrantziaz aritu dira arratsaldeko hitzaldi batean Sebas Alonso kazetariak gidatuta, Vicent Argudo PRISAko zuzendari musikala, Marisa Moya Emerge managemente enpresakoa eta Zahara artista. 

Gaur egun kantu asko eta asko kaleratzen direla esan du Zaharak eta gehitu du saturazioa dagoela: «Horri guztiari testuinguru bat eta narrazio bat gehitzen badiozu, abestiak horren parte bat baino ez badira, zurekin lotura bat sortzen da eta horrek du benetako garrantzia. Baina arriskua ere bai, zure kantuak erreminta estetiko bat bihurtzeko arriskua». Dena dela berak albumak sortzea maite duenez, errelatoaren gainean lan egitea maite duela esan du eta horretarako sortzaile ugariz biltzen dela gehitu.

«Abestiak horren parte bat baino ez badira, zurekin lotura bat sortzen da eta horrek du benetako garrantzia. Baina arriskua ere bai, zure kantuak erreminta estetiko bat bihurtzeko arriskua»

Lilly Allen artistak bere dibortzioaren inguruan disko bat nola egin duen aipatu du Alonsok eta Moyari esan ea hori ez ote den artistaren aurka etortzen gero. Moyaren esanetan, «garrantzitsua musika da. Bere istorio guztia oso argi izaten du artistak eta bakoitzak bere modura kontatuko du gero. Baina musikaren bidez kontatuko du, eta hori ez da erraza izaten. Beren emozioak publikoak sentitzea nahi izaten dute artistek, izan bat edo milioi bat. Hortaz, managerron lana istorio eta eduki guzti hori bideratzea izaten da. Nahi duten moduan iristea, modu ordenatuan, eta lurrera jaitsita».

Argudok medioaren ikuspegia eman dio horri guztiari: «Medio bakoitzak istorio kontaketa horri buelta bat ematen dio. Baina abiapuntua abestia da eta abesti horrek zure publikoarentzat balio duen edo ez konturatu behar du batek. Mainstreamaren bueltan istorioak ere geroz eta gehiago dira eta sortzen den horrek oso sofistikatua izan beharra du, eta Estatu Batuetatik datorren guztia uste duguna baino gehiago landuago iristen da alde horretatik». Storytelling potenteena landu duen artistari buruz galdetuta, Rosalia jarri du adibide moduan: «Castingetara aurkeztu, multinazional batek baztertu, AEBtako batek fitxatu eta bere disko bakoitzaren inguruan sortu duen istorioa ikusita, ea zer mediok ez duen hori aireratzen».

Storytelling potenteena landu duen artistari buruz galdetuta, Rosalia jarri du adibide moduan: «Castingetara aurkeztu, multinazional batek baztertu, AEBtako batek fitxatu eta bere disko bakoitzaren inguruan sortu duen istorioa ikusita, ea zer mediok ez duen hori aireratzen».

Artista txikiek aukerak behar

Moyak hor artista txikiaren gaiari heldu dio: «Nazioartera begira artistak ez badira ateratzen, artista berriei babes askorik ematen ez zaielako ere bada. Aitana, Rosalia edo Quevedo aipatu dira, baina nazioartekotzeko bidean, halako tapoi bat bada artistentzat». Argudok medio desberdinetan lan egin duela aipatu du eta harrituta dagoela Los 40 kopiatzen saiatze hori: «Kantu berri bat ateratzeko garaian, abesti garrantzitsuez betetzea ingurua garrantzitsua da eta horretan saiatu izan da Los 40. Baina gainerako medioek gauza bera programatzen badute, ez dute bere tokirik egingo. Eta hori ematen den pausu bakoitzarekin gertatzen da».

Zaharari istoriak sortu dezakeenaren presioari buruz galdetu dio segidan Alonsok eta horrela erantzun du: «Sormenean ez dut sekula ere halako baldintzarik sentitzen. Nik inpultsoetatik sortzen dut, irudimenak eskaintzen didan horretatik. Gero disoziazio bat egin behar izaten dut istorio hori jendeak ulertu eta eros dezan, eta hori ez da erreza. Gainerakusketaren garaia dela diogu, baina gehiegizko azalpenak sortzen hasten gara askotan eta ez, askoz ere nitxokoagoa da gure sorkuntza artista independete garen aldetik. Baina, noski, bi Zahara daude hor; sortzailea bata, jendeak diskoa entzutea desio duena eta albumari garrantzia ematen diona, eta bestea, enpresaria, zenbakiei begira jarri eta aurrerapen abestiak eta publikatu behar dituena. Eta hori nahikoa prekarioa da, bai nire kasuan behintzat. Hortaz, errelatoaren sortze prozesu hori da nire babesleku nagusiena».

«Baina, noski, bi Zahara daude hor; sortzailea bata, jendeak diskoa entzutea desio duena eta albumari garrantzia ematen diona, eta bestea, enpresaria, zenbakiei begira jarri eta aurrerapen abestiak eta publikatu behar dituena»

Sareen erabilerari buruz hitz egin du segidan musikari kataluniarrak eta «Instagrametik geroz eta urrunago» dagoela esan du. «MySpacen hito bat izan nintzen, erreprodukzio kopuruan milioi bat gainditu zuen bakarra izan nintzen Estatuan. Instagram ordea geroz eta gutxiago darabilt, 20 minutu egunean, hortaz, geroz eta urrunago nago», esan du Zaharak. «Medioek egiten genituen lehen gaur egun artistek sareetan egiten dituzten gauzak eta hor gainbehera bat dago, Nik ere nire Linkedin sarea elikatzeko nagia sentitzen dut eta ulertzen dut sareetan gauzak egin nahi ez dituen artista hori. Kontua da gure egoera ere ez dela lehengo bera eta jende gehiago falta da istorio horiek guztiak kontatzeko», aipatu du Argudok.

Arenak eta musikaren paradigma aldaketa

Movistar Arenak betetzearen inguruan Zaharak esan du «nartzisimo muturrekoa dagoela eta ez dagoela hainbeste entzule maila horretako sistema mantentzeko. Bi urte edo bi hilabetetan asko desagertu egingo dira, beren zenbakiek ez dutelako emango». Eta Emergeko Marisa Moyak hor gehitu du: «Eta zure antsietatea neurtzen duzu? Gainera, jendea kontsumoaz hizketan ari da. Barkatu, nik proiektuekin egiten dut lan eta kontsumoaz hitz egitea larria da, hitzegidazu entzuteaz, mesedez, jendeak urtebete edo gehiago daramala honetan lanean», haserre nabaritu zaio managerrari. Hor iritsi dira bukaerara hitzaldia.

Egunak aurrera segi du eta iluntzean Fito Cabrales izango da protagonistetako bat, publikoari irekitako hitzaldi bat eskainiko duelako ‘El monte de los aullidos’ diskoaren inguruan. Iluntzean berriz ere musikaz beteko dira hiriko areto desberdinak eta euskal talde eta proiektuek izango dute presentziarik. BBK Aretoan 20.00etan Castazabal nafarra arituko da, atzetik bertan Orishas kubatarren txanda izango da. Backstage aretoan, berriz, Basque Music jaia izango da eta Maloa Brothers, Marte Lasarte eta Txopet arituko dira 20.00etan hasita. Bukatzeko, Kafe Antzokian, MondoSonoro aldizkariak antolatuta, Airu talde bilbotarra eta La M.O.D.A. Burgosko taldeak arituko dira.

Bihar izango du Euskaldunako kongresuak azken eguna eta Aupa! sariak banatuko dira bertan. Hortik aurrera musika doinuek segiko dute aurrera BIME bukatu bitartean.