Zuzenean

NAIZ

ETSk ‘Konkista’ disko berria eta honen entzunaldi gidatua iragarri ditu

ETSk abenduaren 5ean ‘Konkista’ lan berria kaleratuko duela eta, aurretik, azaroaren 30ean, Gasteizen diskoaren entzunaldi gidatua egingo dituela iragarri du. Taldearen «orain arteko proiektu pertsonal eta abangoardistena» dela uste dute. 

ETSko Iñigo Etxearreta, aurtengo martxoan BECen.
ETSko Iñigo Etxearreta, aurtengo martxoan BECen. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES)

Azken diskoa argitaratu zutenetik hiru urtera dator ETSren disko berria ‘Konkista’. Diskoa abenduaren 5ean argitaratuko dute, Durangoko Azokaren atarian, baina aurretik entzuteko aukera izango dute bakarren batzuek. Izan ere, iragarri dutenez, azaroaren 30ean entzunaldi gidatua eskainiko dute Gasteizen, Buesa Arenan. 

‘Konkista’ «kontrastez beteriko lana» dela aurreratu dute: «Bizitzaren irudikapen zintzoa da, kontraesanez eta anbibalentziaz betea. Kaos emozionaletik sortutako diskoa da, barneko konkista baterantz aurrera egiteko ditugun orbainak ulertzen saiatzen dena. Mundu guztiak bere lekua aurkituko duen babeslekua da». 

Komunitatea lagun

‘Konkista’ azaroaren 30ean, 18.00etan, aurkeztuko dute Buesa Arenan, «lehenengo aldiz eta behin bakarrik», Arabako Foru Aldundiak babestutako ekitaldi batean. «Bere komunitatearekin diskoa beste inork baino lehen partekatzeko eta taldearen eskutik kantu bakoitzaren atzean dauden istorioak eta emozioak ezagutzeko pentsatutako ekitaldia da», esan dute. 

‘Listening Party’ horretan proiektuarekin batera doazen ikus-entzunezko edukiak ere emango dira eta publikoarekin interakziorako uneak egongo direla aurreratu dute: «Hitzordu intimo eta sinbolikoa, plaza mugatuekin, ETSk bere jendearentzako opari gisa planteatzen duena». 

Sarrerak azaroaren 13an egongo dira eskuragarri 11.00etan lasttour.orgen eta aurresalmenta esklusibo bat egongo da ETS komunitatearentzat azaroaren 12an 11.00etan.