Zuzenean

Etzakit taldea sortu zenetik oso lotua egon da hainbat gai soziopolitikorekin, bai beraien letretan zein ekintzetan. Orain, eta 23 urteren buruan itzuli ostean, ez da aldatu eta, horregatik, bi elkartasun kontzertu antolatu ditu Harrera elkartea eta Seaskarekin batera.
Lehenengoa maiatzaren 8an izango da, Hendaian. Kontzertu hau Seaskarekin batera antolatu dute euskara eta ikastolen alde. Hezkuntza Ministerio frantziarrak ‘Baxoa’ azterketaren frogak euskaraz egiteko aukerarik ez die uzten euskal ikasleei eta, gaur egun, Seaskako ikasleen hizkuntza-eskubideak urratzen ari dira. «Haurrek beren hizkuntzan ikasteko eskubidea dute. Frantsesa inposatzeak eskubide hori modu sistematikoan urratzen du, ez salbuespen gisa, baizik eta arau gisa», gogorarazi du komunikatu batean musika taldeak.
«Bertzalde, gure identitatearen eta kulturaren aurkako erasoa da –gehitu du–. Gure hizkuntza ez da tresna hutsa: nortasunaren oinarria da. Nerabezaroan, non nortasuna eraikitzen den, ikasleari bere hizkuntzan aztertzea ukatzeak mezu argi bat bidaltzen du: zure hizkuntza ez da nahikoa, ez da balioduna. Horrek baztertzea eta autoestimaren kaltea dakar».
Bigarren kontzertua Bilboko Kafe Antzokian izango da maiatzaren 14an, Harrera elkartearen laguntzarekin, «behingoz preso eta iheslari guztiak etxean egon daitezen aldarrikatzeko», taldearen esanetan.
Sarrerak martxoaren 10ean jarriko dituzte salgai. Hendaiakoak, hemen eskura daitezke eta Kafe Antzokikoak, beraien webean.

Etzakit taldeak bi elkartasun kontzertu iragarri ditu maiatzerako Seaska eta Harrerarekin
Bikote bat txapelketatik kanpo eta beste batek fandango

'Laku bat orroka'-ren doinuan eginen du dantza Senpereko aintzirak

Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti

