MUSIKA

Trilogia izango bada, zer izango da ‘Mitoaroa’-ren hurrengoa?

Hiru egunetatik lehena bikain gainditu du ZETAK taldeak ‘Mitoaroa II’ ikuskizuna aurkeztuta. Sekulako eszenaratzea egin dute eta beste behin ahozabalik geratu dira bertaratu direnak. Irailaren 8an, astelehenarekin albiste gehiago izango omen da. Trilogia izango ote? Hala bada, presta gaitezen.


Amara Berri auzoan arratsaldeko lehen unetik jendearen atzera aurrerakoan nabari zen ’Mitoaroa’ ikustera gerturatutako asko eta asko zirela terrazetan pilatzen ari zirenak. Eguna pasatzera etorri denik ere izango zen, ordea, Begiristain Doktorearen pasealekuan ez baitzen aparkalekurik eta Illunbe ingurutik Euskadiko Orkestraren egoitzarako bidea ere autoz beteta ikusi zitekeen Anoeta ingurutik Illunbera gindoazela.

Eskilaretan gora gindoazela entzun genezakeen Marabiyak Sounden emanaldia hasita zela. Tapia eta Leturiaren ‘Besamotza’ kantuari Jahgoikoa eta Reggae Zaharra taldeak egindako moldaketa zegoen jarrita une horretan, eta begirada miope hori bati baino gehiagori etorriko zitzaion Anoetatik Illunberako bidean, eguzkiak gogotik jotzen baitzuen ilundu aurretik. Itzala kotizatuta zegoen Illunbeko aparkalekuan, askorik ez eta asko eta asko han pilatuta, foodtruck eta tabernen bueltan. Jatekoa moduz, edatekoa, aukeran, garesti.

Marabiyakekoak jendea dantzan jarri nahian ari ziren, baina… gora euskal gerria; saiatu dira eta ez da gutxi. Hori bai, jendea animatzen ari zen sound systemaren orientazio aldaketa bakoitzarekin.

Sareetako iragarpenak

Azken orduko hainbat informazio praktiko luzatu ditu ZETAKek kontzertuaren atarian. Tartean, ‘Mitoaroa I’ zer kontzeptu zen gogorarazi eta ‘Mitoaroa II’ non kokatu duten jakinarazi dute. Urtarrilan Nafarroa Arenan gertatu zenaren inguruan hauxe da luzatu duten sinopsia: «2025. urtean girotua. Pello, lamia baten kantuari jarraituz Arakil ibaian urperatu, eta beste errealitate batera iritsi da. Errealitate horretan, noizbait gure mundutik ihes egin zuten izaki mitologikoak bizi dira. Izaki mitologikoak agresiboak dira Pellorekin hasieran, baina pixkanaka haien konfiantza eskuratu eta kreaturak gure errealitatera itzultzea lortu du, gizaki eta mitologikoen arteko elkarbizitza aro berri bati hasiera emanez». Garaian ulertu ez zuenari, akaso, lagungarri egingo zitzaion

Gaurkoari begira, berriz, honela kokatu gaituzte: «XV. mendean girotutako prekuela. Kontzertura lagunekin iritsi eta Pello amildegi batetik behera erori da, oraingoan, denboran bidaia luze bat eginez. Historian atzera egin du, mitologikoak gure lurretatik deserriratu genituen unera. Garai honetan inkisizioa indarra hartzen hasia da, baina mitologikoen komunitate txiki batek irauten du oraindik Euskal Herrian. Mehatxua, ordea, gero eta handiagoa da».

Horrez gainera, 21:45ean ateak itxiko direla jakinarazi dute, espektakuluaren beharrek hala eskatuko dutelako. Ulertzen dugu, igandean, 20:45ean izango dela gauza bera. Dena dela, 19:33 zirela ilarik ez zegoen harmailako ateetan, kalma erabatekoa zen. Jende asko bueltaka ikusten zen barruan, azken prestaketa lanetan. Ateak zabaldu eta segituan 30 minutuz atzeratuko zela esan dute irekiera, sartutakoei harmailetatik igotzeko eskatuz. Kontzertu atarian Gorka Pastor ZETAK taldeko kidea freskagarri bat eskuan zuela ikusi dugu arenatik paseatzen. Egiari zor, bero gehiago egin zezakeela zirudien arren, jendez bete den arte, tenperatura egokia izan da Illunben.

Lehen sorpresa: murgiltzea

Ateko sarreran ohiko kontrola eta tikatzea pasa eta lehendabiziko sorpresa etorri da. Valentziatik etorritako enpresa baten eskutik kaskoak banatu dizkigute sartu garen guztioi. Hau da, hor bukatu da Illunben ea ongi entzungo genuen edo ez kezkatzen gintuenon misterioa. Beno, bukatu edo aldatu, kaskoen kalitateak ere baduelako halakoetan zerikusirik.

Kaskoak piztu eta argiak itzaltzeko eskatzen zuen ahots batek eta nola funtzionatzen duen gailuak kontatzen zigun. Euskaraz eta gazteleraz, beste hizkuntzarik ez. Lau pantaila erraldoi zeuden arenaren erdialdean eta definitzeko zaila den formako oholtza bat, maldadun pasarela luze batekin. Ez zirudien probokadore bat zenik. Dozena bat kamera inguruan, ke makinak bira guztian eta saioa hasi baino 10 minutu lehenago martxan jarri dituzte. Fokoen norabideak 360 gradutan zerbait gertatuko zela iradokitzen zuten. Palestinako eta Etxerako bandera eta Ikurriñaren bat edo beste ikusi ikusi dugu harmailan, Senyeraren bat ere bai pistan.

Bi minutu pasa direnean 22:00etatik jendea txistuka ere hasi da, zarata gehiegirik sortu gabe, baina ordua iritsi zela adierazten. Irrika nabarmena zen. Beranduxeago, 22:08ean, txistuak ozenago entzun dira. Baina txistu eta oihuak txalo bihurtu dira 22:10ean eta Aitziber Garmendia sartu da eszenan, arlekinez jantzita. Horra bigarren sorpresa. Hainbat gauza aurreratu dizkigu zazpi puntutan banatuta. Ikuskizunaren iraupena, atsedengune bezala ulertzeko espazioa, garbitasuna aldarrikatu du, pantailen erabilera mugatzeko iradoki ere bai (bidenabar, kaskoetatik mugikorreko datuak kentzeko ere eskatu digute)… Baina batez ere azken puntuetan etorri dira mezu garrantzisuenak, espazio seguruaren defentsa egin duenean eta «Palestinar herriaren genozidioa kondenatzen ez duena ez da ongietorria akelarre honen tenpluan», aldarrikatu duenean. HItzartzearen bukaeran, «Israel genozida, Palestina askatu!» oihu ere egin du Zaldibiko aktoreak.

Showa abian

Pantailan BMW auto bat agertu da, Pello eta haren lagunak ziren barruan, tronpoak egiten. Kaskoetan akzioa nabaritzen zen eta soinua indartsu zetorren, baina subwooferrak ere bazituzten martxan, hau da, frekuentziarik apalenak altabozetatik ere bazeuden, gure gorputzetan sentitzeko beste. Atzeko aldetik sartu da Pello Reparaz oholtzara, taldekideak zain zituela, Illunberi buelta eman ostean. Bidean, Izarok jaka eman dio publikotik. Elkar besarkatu dira. Keinu bat Mallabiako artistari. Pantailak denbora horretan gora igo dira eta oholtzan halako plataforma bat ikusi dugu. Orduan, Pellori izaki mitologiko bat, Hartza itxuraz, agertu zaio eta maskara bat jantzi dio une horretan kamera lurrera eroriz. Argiak itzali eta izaki hori harmailetatik gora joan da Illunbeko sabairaino, handik kupularen kanpoko aldera irten eta polizia helikoptero batek jarraituko balio bezala simulatuz, kupula erdian bera eta Pello eraitsita ikusi dira. Leherketa eta ‘Mitoaroa II’ zion irudia agertu da pantailan.

‘Oroimenaren hondarrak XV. mendea’ zion idazkiak eta zerrenda luze bat agertu da orduan, ikusiko genuena aurreratuz. Yune Nogueiras, Joxean Bengoetxea, Donostiako Orfeoia, Patxi Santamaria, Wero, Laura Diaz, Nerea Torrijos, Javier Botet, Marc Mateu, Amaia Urrestilla, Zuriñe Maguregi, Antton Telleria, Ignatius Farray, Maixux, FIllas de Cassandra, Pantxoa ta Peio, eta Enrike Solinisen izenak irakurri ditugu kredituetan agertu direnen artean, Zetaken lan-taldekoenaz gainera.

Taldekideekin laute jotzaile bat zegoela ikusi dugu, Solinis bera zen, zuzenean sarrera honetan jo digu, Donostiako Orfeoiak ‘Eguzkiloreak’ kantatzen zigun bitartean, ‘MItoaroa I’-en ikusi genuen Javier Botet aktorea harmailatik jaitsi da jendartera eta handik oholtzara joan da, berriz ere Basajaun izango bailitzan. Oholtzan emakume itxurako talde bat zegoen eta lurrean, Pello, etzanda, gorriz eta beltzez jantzita. «Arakiletik heldu zara zu, heriyo» esan dio Basajaunek eta joaldunak plazaren bueltan agertu diren bitartean, Reparaz esnatu edo berpiztu egin da, kanpai kolpe batek ongi adierazi digun moduan. Kanpai erraldoi bat ere bazen gaurkoan, ZETAKen logoa zeramana, baina txikia izan da soinua egin duena.

Oholtza erdiko plataformara igo da Reparaz, kantuaren moldaketa berri hori entzuten genuen bitartean. Intro berezia zuen, baina segidan etorri da «Sutan jantzi zara nire bihotza, eguzkiloreak zuri begira dira» zioen esaldia. Ordurako trantzean sartzen ari zen Pello nabarmen. Leire Colomo baterian eta beste bi taldekideak, Gorka Pastor eta Iban Larreburu perkusioa joz abesti honetarako. Plataformak zentzua zuela jabetu gara orduan, bira guztiari bueltaka abesten ari baitzen arbizuarra. Publikoa ere abesten eta ongi gainera. Orduan oholtzaren bueltan hainbat dantzari agertu dira, Kukai konpainiakoak, zuriz eta beltzez jantzita. Ongia irudikatuz batzuk eta gaizkia besteak.


1. kapitulua: Lurpeko haustura

Berriz ere Solinisek lautarekin interpretatu duen abesti batekin, XV. mendera bikain eraman gaitu. Bere terrenoa eta ZETAKena ez genukeen askok berehalakoan elkartuko zirenik pentsatuko, Barrokoa eta XXI. mendeko elektronika alajaina. Joxean Bengoetxea inkisidoreen ordezkaria zirudien apaiz moduan agertu da une horretan. Publikoa antzerkian sartu eta gaiztotzat hartu du segituan apaiz gisakoa. ‘Kaliza hau’ abestu diete apaizari, kantu hau ere gaurko egunerako moldatuta.

Antzerki etenek musikal baten girora gehiago eramaten gaituzte kontzertu batetara baino une batzuetan, kontzertua bere horretan gustatzen zaion jendeari akaso arrotza egingo zitzaion. Kanpaiak jo dituzte berriz ere eta denak erretiratu dira oholtzatik, ‘Aralarko dama’ entzuten hasi da eta Pello atzetik abiatu da oihuka haien billa; zuriz jantzita zeudenen billa.

Aparkalekura irten da, BMWa zegoen tokira, ‘Zu’ kantua abestera. Autoaren bueltan hasi da hori abesten eta auto barruan jendea zain zen, ez genekien nor, lurrunduta baitziren kristalak kantuak aipatzen duen moduan. Baina ateak ezin zituen zabaldu Reparazek. Bitartean taldekideak oholtzan dena ematen ari ziren. Egurrean, Gorka Pastor asko disfrutatuz ikusi genezakeen. Halako batean, makil hotsak entzun dira eta Txatarrak agertu dira Pelloren bila. Une horretan kantuaren zati instrumental bat entzun ahal izan dugu errepika ostean, eta sinteetan egindako lana eta lortutako soinuaz asko gozatu dugu. Kaskoekin ez bazen izan, ziurrenik, hain garbi nabarituko ez genukeena.

Txataarrek ihes egin dute berriz ere eta Pello atzetik joan da, Basajunekin beste behin topo eginaz. «Sakana begi-gorri, urtean behin etorri» esan dio eta berarekin joateko eskatu ostean, sintea zuen txoko batetara eraman du, Gorka Pastor theremina joz ari zen bitartean. MIstikotasuna topera. Han jaka gorria jantzi du Reparazek eta hor hasi da gailuekin jolasean. Maiz egin izan duten instrumentala da entzun duguna, osziladore eta arpegiadore gisako sinte eta thereminarekin, Larreburu baterian topera ari zen bitartean.

2. kapitulua: Fedearen oihartzuna

‘Sagarra’ abestiarekin ekin dio zati honi, lehen albumeko kantuarekin. Reparaz atxilo eramatera heldu dira beste izaki mitologiko batzuk agertu dira. Oholtza azpiko fosotik sartu dira denak eta halako arima galdu batzuk ere ikusi dira kutxa batean preso baleude gisan. Tarte horretan, Aita Santua eta bere segizio guztia sartu dira oholtzara, gurutze gorri erraldoi bat aulkian zuela. XV. mendean oinarritutako bideojokoetan aritzeak zerbaitetarako balio izan digu, janzkerekin bakoitza zer zen ulertu ahal izateko, klreoaren baitan. Patxi Santamaria gotzaina zela esan genezake eta une horretan esaldi bat bota du baina zer esan duen konturatzera ez gara iritsi.

3. kapitulua: Aitzinakoen gotorlekura

Berriz ere Solinisen lautaz lagunduta, barrokoan Euskal Herriko erreferentzia argia denak pasarte berriaa zabaldu digu. ‘Hitzeman’ etorri da orduan, Herrialde Katalanetatik etorri direnak zoratu beharrean ikusi zitezkeen pistan eta Pellok haiei keinu egin die Senyera ikusi orduko. Erropaz aldatu du tartean arbizuarrak, txandal zurira pasa da, taldekideekin sintonian jarriz. Oinetakoak ere aldatu ditu, xehetasunak azken muturreraino zainduta zituen Nerea Torrijos jantzitegiko arduradunak. Kantuaren sarreran Leire Colomo aurkeztu digu bertaratuei Reparazek. ‘Hitzeman’ kantuan moldaketa instrumentala berritu duela ere nabaritu dugu. Reparazekin estudioan egon ginenean ‘Aaztiyen’ sortu zuenean, kantu bakoitzak ez zuela bukaerarik eta azken bertsiorik esan zigun eta gaur horretaz jabetu ahal izan gara beste behin.

«XV. eta XVI. arteko garaira bidaia da honakoa, Erdi Aroa eta Aro Modernoaren arteko marra ikusezina den garaira. Ordutik eta gaur arte ziur, gizakiok ukitzen dugun gauza oro suntsitzen dugula. Ongietorri Mitoaraora», izan dira arbizuarrak publikoari zuzendu dizkion lehen hitzak. ’Akelarraetan’ abestuz hasi da eta dantzariak igo dira oholtzara, bidean jauziak eginaz, eta makil dantza egin dute Pelloren inguruan, harik eta honek tronboia hartu eta jo duen arte. Eta bai, Pellok tronboia jo egiten du (kendu kaskoak eta konprobatu bestela). Akelarrea martxan hasi dela, izaki mitologiko sorta bat agertu da eszenean. Solinisen faltan, Barroko estiloko kantu bat sinteekin eskaini digu hor Pastorrek. «Eliza besarkatu eta denetarik egin da gazte palestinar gurutziltzatu baten izenean, Eliza onartzeko gure iragana ukatu» izana leporatu dio Reparazi, Beleko gorpuztu duen Yune Nogueirasek; «Ez zaitzala Marik hemen ikusi»bukatu du. Aktorearen lana, amorrua eta sinisgarritasuna oso maila altukoak izan dira..

Horren atzetik etorri da ‘Hegan’ abestia, Kukakoien laguntzaz interpretatua. Trantze une horietako bat bizi izan du Reparazek, etamarnasa sakon hartu eta izerdia edo malkoak, ez dakigu zer xukatu dituen Reparazek orduan. Kukakoi zurizkoak oholtzara igo ostean, beltzezkoak eta Joxean apaiza ere igo dira oholtzara. Disputa bat zetorrela aurreikusi zitekeen. Kantua katramilatu da segituan eta Pellok alde egin du, apaizak hura seinalatu ostean.

4. kapitulua: Bekatu zaharren konfesioa

Solinis bere musika eskaintzen ari zitzaigun bitartean, plataforman azkar batean bateria bat muntatu du ZETAKen taldeak. Bi minutu azpitik aski izan dira denen artean dena prest jartzeko. Halako batean, Pellok adarra jo du, pantailak gora igo dira eta ‘Suziri bi’ hasi da. Jendeak gogotik abestu duen abestia izan da. Reparazen bateria Prodigyanoa eta kantuarekin moldaketa hori ere berria egin zaigu. Orduan, berriz ere izaki mitologikoak gerturatu dira eta apaiza zigortu dute, Basajaunek «Zer uste huen ba» esan dionean. Pellok hidratatu eta indarrak hartzeko baliatu du une hori. Eta kantua bera abesten hasi ordez, Joxean Bengoetxea hasi da ‘Non sartu zara’ abesten. Sorpresa bat. Apaiza belauniko eta Reparaz abesten gerturatu zaio. Lurrean zela eskua luzatu dio apaizak, baina ez dio eskurik hartu Reparazek. Orduan Elizako segizioa agertu da eta Reparazi heriotza eman baliote bezala irudikatu dute, hark ahotik odola isuri baitu. Eta, horrez gainera, gurutze marka jarri diotela ere sinbolizatu dute. Baina Bengoetxeak esan dio ez dela jainkoa izan, oker zegoen apaiz bat baizik eta hor esan dio konplize zela bera ere.

Elizaren aldaketa izan du orduan hizpide: «Beste otoitz mota bat egiten dutenei, beste maitatzeko modu batu dutenei, mitologikoak direnei eta gizakiei lagundu diet. Haiek zu onartzea nahi duzu, baina zuk zure burua ez duzu onartzen eta horrela ez duzu inor salbatuko, are gutxiago zure burua. Hori bukatu ostean, ‘Gure aita’ eliz-kanta hasi dira jotzen, hitzik gabe eta Orfeoiak abestuta. Plataformaren azpiko kuboa berriz ere zuri koloreak hartu du eta hortik agertu da Reparaz, izara zuriak kenduz. ’Pater noster¸ abestu du orduan: Hara hor konfesio zaharrak egin dituena nor izan den iradokitzen zuen kantua. Pantailak behera eta plataforma gora igo da izaki mitologikoek apaiza eraman duten bitartean. Segurtasuna bermatuz, gerrira soka lotuta Reparaz, kutxa oso altu jarri baitute.

Kapitulu aldaketa bazetorrela jakin dugu, berriz ere lauta entzun dugunean. «Bizitza erdia eman dut etsaiak ehizatzen eta diana nire bularrean egon da, nire izuetan, eta ikasi nahi dut nire burua barkatzen» esan du orduan Reparazek. ‘Anguleele’ etorri da orduan eta FIllas de Cassandra bikoa agertu da oholtzara, amabirjinez-edo jantzita, buruko koroek hori iradoki.

Azken aldaketa bat ere bazetorren atsedenaldiaren aurretik eta Fillas de Cassandrakoen atzetik irten da Reparaz arenatik atzeko aldera, Maixux Zugarramurdi aktore lanetan zegoen dekoratu berezi batetara iristeko. eta Lamia moduan, gizakiak nola natura txikitu zuen kontatu. «Hormigoizko koliseoa» dela Illunbe eta zezenketei kritika egin die lehen unean. Egurra banatu dute, gehiegizko eraikitzeari, Donostia Europako Kultur Hiriburua lehenetsi izanari eta «errepikatzearen poderioz sinetsi» ostean, eta «orain zu zatoz lehen zingira izandako eszenatoki batetara» esaten dio Zugarramurdik sorginaren paperean. «Zentzugabekeri bati zentzua bilatu nahian zabiltza, hau ez da tenplu bat, zauri bat da eta hona zatoz kantatzera», bukatu du Maixuxek ‹Hau da eraiki duzuen Donostia», kritika zorrotza ezbairik gabe.

15 minutuko atsedena eta 5. kapitulua: haritzen memoria.

Orfeoia berriz ere agertokira igo da, Donostiako Orfeoiko kideak hobeto esanda 15 bat izango zirelako asko jota. Erropa aldaketa egin du berriz ere Reparazek tartean, galtza marroiak, camel tonokoak, puntuzko txalekoa, alkondara eta jaka… beroa ematen zuen. Baina atsedenaldia txukundu eta bere burua lehortzeko ere baliatu du. Horretarako ere lan taldea bazuten. Orotara 250 langile baititu ikuskizun honek. Eta, noski, oinetakoak berriz aldatu ditu.

«Zertan ari gara aita elkarri ostika?» galdera egin duen ’Zertan ari gara?’ kantua etorri da orduan eta Momotxorroak agertu dira orduan oholtzara dantzan. Lau Pelloren bueltan hasi dira. Abestia bukatuta, honakoa esan diek Reparazek bertaratu diren gaztetxoei: «Mitoaroa ez da mugarri bat euskaraz delako, euskaraz soilik egin zitekeen zerbait da. Sigamos llenando las tazas de lenguas no hegemónica. Gora gu ta gutarrak!» egin du oihu.

Txalaparta bertikala jo dute Colomo eta Pastorrek, eta normalean Pastorrek sintean jotzen duena Solinisek lautean eskaini du ‘Begi beltz’ kantuan. «Irrifar harekin maiz», jendea abesten, errepikan batez ere. Pianora itzuli da Pastor eta aurkeztu egin du Pellok ’Zeinen ederra izango den’ abesten hasi den unean. Jendea errepikan oroitu da Arlekin Garmendiak esandakoaz eta argiz bete da harmaila plaza egun argituz. Zeinen gozo entzuten zen pianoa kaskoetatik. Batzuk sistema honen alde eta besteak kontran izango dira behin probatuta, in-ear sistemarekin lan egin edota monitoreekin jardutea erabakitzen duten musikariak bezala. Baina soinu kalitatea, bikaina izan da. Eremuak soinu ona bermatzen ez duenerako, soluzio bikaina. Eta uste baino buruko presio gutxiagorekin; buruko minik ez beraz.

Berriz Beleko agertu da oholtzan orduan, Pello plataforman zela, harenagana gerturatu da eta honakoa esan dio: «Batzuk atalasea zeharkatzean galdu egiten dira eta beste batzuk berriz beren burua topatzen dute bertan». Edari bat eskaini eta Reparazk edan egin du, pantailan «Hego Haizearen Itun Zaharra» esaldia agertu denean. Haluzinogeno kutsu hori transmititu digute kamera subjektiboarekin egindako planoarekin pantailan, nolabait ere psikotropiko bat kontsumitu izan balu bezala, techno bonbo eta baxu garbiak entzuten zirela hondotik sinte mistiko batzuen gainean. Berde kolorea hautatu dute une horretarako.

Umorerako tartea

Berriz ere kanporakoko bidea hartu du Reparazek, izaki mitologiko denak inguruan zituela eta aparkalekuan, BMWa, orain bai, ateak zabaltzen zirela. Antton Telleria zaldunez jantzita gidari eta ‘Hey Girl, Hey Boy’ The Chemical Brothers taldearen kantuaren remix bat entzuten zen autoan. «XV. mendean ere bagara ZETAK zaleak» esanaz abiatu du bere bakarrizketa laburra Telleriak, kotxeko atzeko aldean zegoen Ignatius Farray aurkeztu duen arte. «Bizitzak izorratzen dik bizitza», esan du Farrayk. Garmendia Arlekina ere autora sartu da eta, «Eee peñaaaa! Zer da hau Pitoaroa?», gaineratu du umorez Bata besteari adarra joz ibili dira inprobisazio unea egon dela esan daiteke. Reparaz barrez lehertzen ikusi dugu autotik atera denean. «Goazen hemendik, aker usaina zegok eta…» esan du Garmendiak eta «Mitoaroa komedia da» gaineratu Farrayk.

Azken zatirako sekulako sarrera izan da. Testuingurutik apurtxo bat irtenda, baina bufoein gremioa ere bazen Erdi Aroan eta haiek alfer eta gaizkiletzat hartzen zituenik ere bai. Hala, azken zati tekneroagoa etorri da. Benetako akelarrea. ‘Itzulera’ sampleatu dute hor, Farrayren orro eta Garmendiaren irrintzi artean. Farray Thereminarekin ere jolasean ikusi dugu. Tarte horretan, behingoz aurkeztu du nongoa den Iban Larreburu. Maiz entzun dugu Ipar Euskal Herrikoa dela, baina gaur Senperekoa dela jakin dugu, azkenean.

Illunbe zutik, txaloka eta dantzan. Bukle batera itzuli gara ‘Aralarko dama’ entzutn, eta halako inauteri bateko kideek lagunduta harmailatik joan dira Reparaz eta bufoiak. Bukleko sinteak beste kanturen bat ekarri digu burura, ezin gogoratu zein ordea. Harmailetan zuen bere erremixak egiteko jostailua Reparazek eta horretan aritu da zati honetan. Denak besarkatu ditu eta argia itzali da. Bukaera zetorrela zirudien hor. «Pribilegiatua sentitzen naiz oso, artistak, teknikariak, nire familia nire lagunak… horiek dira zuloan nagoenean altxatzen nautenak edo aireratzen nautenean lurreratzen nauteank, antsietatea kontrolatzen lagundu dit inguruak, eta erronka gogorrena hori izan da».

Hitz horiek bukatu orduko ‘Itzulera’ osorik etorri da eta lehertu da Illunbe. Tartean ’Bok Espok’ sampleatu dute eta Kepa Junkera publikoan dagoela esan txalo bat eskatuz harentzat.

6. kapitulua: Azken setioa

Orfeoia oholtzan zen ordurako eta kredituetan agertu diren Pantxoa Eta Peio falta ziren oholtzara igotzeko… Orduan horrela esan du Pello Reparazek: «Berrogeita hamar urte bete dituen ’Lepoan Hartu’ abestera igo daitezela Pantxoa eta Peio». Elkarrekin abestu dituzte Telesforo Monzonen hitzak eta hunkitu egin gaitu, hitz horiek sortzen duten zirrara bitarteko. Borrokan eutsi behar du herri honek, ea mezu hori mito baino errealitate bihurtzeko den. Publikaok «Independentzia!» oihu egiteko baliatu du unea. «Ez da erraza luparen azpian bizitzea, hori da ZETAK eta Mitoaroa, batzutan gehiago asmatzen dugu eta bestetan gutxiago, baina lanean jarraitzen dugu. Bihar etxetik ikusiko gaituztenei eta duela gutxi hona etorri zaretenei, ongi etorri. Se que os habreis topado con muchisimos gilipollas pero os queremos aquí», esan du. Mundu guztiari eskerrak eman dizkio, baita galegoz edota katalunieraz ere, baina frantsesaz ez da gogoratu..

«Genozidio bat Palestinan eta gu hemen dantzan, kontraesanak dempl dotigi, baina ez diogu euskararentzat bide berririk zabaltzeari ukorik egingo», essan du arbizuarrak. ‘Deskontrola’ etorri da orduan eta txatarrekin jendartera batu da Reparaz. Saltoka ere ikusi dugu, belauna ongi duenaren seinale. Basajaun gerturatu zaio eta halako urre koloreko antzara bat iruditu zaiguna zuen makila bat eman dio, putz egiteko mutur eta guzti, tronpeta modukoa bihurtzen zelarik, deiadar egiteko. Jo orduko izaki guztiak agertu dira eta une berean agertu da gotzaina ere. Akaso bat XV. mendeko aita santua zen eta bestea XVI. mendekoa, baina itxura zuen urre kolorez eta zuriz jantzitakoa gotzaina zela eta gorriz jantzitakoa Aita Santua. Parte hartu duten guztiak jendartean nahastuta zirela, azken ’Aralarko Dama’ horrekin (hasieratik entzun duguna hainbat pasartetan), festari bukaera eman diona izan da.

Jendea oihuka, saltoka, dantzan… Baina bukatuta zegoela zirudienean, kanpaia entzun da, Elizak jota. Pelloren gatibatzea ekarri du horrek eta inkisizioaren kanpaiak zirela ohartu gara horrekin, suziekin eta halakoekin sartu baitira hainbat oholtzara. Herioren danbor hotsak ere entzun dira erredobleetan. Yune Beleko, Maixux Sorgina, Joxean apaiza, eta Pello, lauak gatibatuta sutarako bidean agertu dira. Suaren beroa senti zitekeen harmailan, aurpegian. Plataformara igo eta bertako zutabean lotu dituzte lauak. Azkenean badakigu inkisidoreek erre zituztenak zirela historiaren alde onean zeudenak. ’Hileta Kantu Nafarra’ abesteko unea etorri da hor. Kontzertu guztian vocoderrarekin Pastorrek egindako lana ere goraipatu behar, kaskoekin bikain entzuten zelako hori ere. Palataformako lauek abestu dute errepika, publikoarekin batera. «Ulertzen ez zidanari nola esan? Asko nuen esateko, asko zuri emateko…» Ezin borobilago itxi istorioa. ‘Mitoaroa’ zikloa ixteko abesti aproposa.

Amaiera zela agertu da orduan pantailan eta denak besarkatuz hasi da Pello asla Horrela bukatu da bi ordu eta erdi luze iraun duen ikuskizuna. Sekulakoa. Baina remix bat jarri dute eta Pellok jndeari dantzatzeko eskatu dio (berriz ere remixean Hey boy, itzulera, aralarko dama…)

Aktore zuzendarien lana ere nekaezina izan da. Izan ere, bukatua zirudienean, ia 20 minutu luzatu da guztia eta irailaren 8an, 10:00etan albiste potoloa etorriko dela aurretu dute. Zer izango ote da?