En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Lucinda Williams eta John Fogerty legendak direla baieztatzen Azkena Rocken bigarren egunean

Beroa eguneko protagonista nagusia izan den arren, duela bi urte bezala, Lucinda Williamsen emanaldiak erabat hunkitu du Azkena Rock Festivalen publikoa. C.O.F.F.I.N. australiarren indarra eta John Fogerty handiaren 80 urte betetzen zituenaren ospakizuna izan dira Mendizabalako bigarren egunean. 

Lucinda Williams duela bi urte baino indartsuago ikusi dugu Azkena Rock Festivaleko kontzertuan.
Lucinda Williams duela bi urte baino indartsuago ikusi dugu Azkena Rock Festivaleko kontzertuan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nacho Sarria malagarraren Sarria taldea 17:30ean puntual hasi da bigarren egunean. Estetika berezia duen taldea, bai janzteko moduan eta baita instrumentuetan ere; glam rock, disco eta mugimendu hippyaren arteko nahasketa bat. 60etako rock kutsua duen ‘Mala racha’ kantuarekin hasi dute kontzertua, baxuaren indarra eta pultsuak markatzen duen ‘El camino’-rekin segitzeko. Publiko askorik ez, Sarriaren kantuak dion moduan, erretzen zegoelako Gasteiz, itzalpean 34º genituela. GOD oholtzaren itzala aprobetxatuz ehun inguru ikusle izango ziren, haizea pixka bat mugitzen hasi denean.

Txikia zenean aldizkarietan kartela ikusten zuela aipatu du Sarriak eta Azkena Rocken inguruan sarean sortutako foroa ezagutu zuela gaineratu, Azkenan egotea ametsa dela esanaz, ‘Soledad’ kantuarekin segitzeko. Chorusdun gitarraren riffa, tremolodun gitarraren soloa eta teklatu sofistikatuak baxu eta bateriaren erritmora. Musika estandarra, baina kalitate altukoa, publikotik norbaitek aipatu moduan. ‘Mi amor no se vende (se regala)’ kantuan oholtzaz mugitu gara, gaurkoan hirugarrenean ere emanaldiak izan baitira.

Biziberritzea

30 urte eta gero berriz elkartu den taldea da Juanlu, Tate, Matías eta Rafak osatutako Psilicon Flesh erritmo interesgarriz abiatu duena bere emanaldia. Zuriz jantzita denak eta taldekoen seme-alabak publikoan zirela, ziurrenik ez zuten taldea zuzenean gaur arte ikusita izango. Rock progresiboa, grungea, tarteka metal ukituak izatera iritsi daitekeena eta funkya, horixe da eskaini dutena. Itzal gehixeago egonogatik, bero gehiegi gaurkoan kontzertu batez behar bezala gozatu ahal izateko. Hala ere publikoa pozik ikusten zen emanaldian.

Bitartean, Respect oholtzan, folk, country, rockabilly… doinuak eta instrumentazio berezia zuen La Estrella Azul Live taldea ari zen, Pepe Lorente eta Javier Macipek lideratutako taldea. Bukaeran iritsi gara  eta «animo, jaialdien albo kaltea hau izaten da» esan du taldekide batek taldeari izena ematen dion kantu rockeroa etorri aurretik, London Calling mitikoa gogora ekarri diguna bidenabar.

Lekuz kanpo egonagatik ere, bikain

Reckless Kelly Austingo, Texasgo, taldea (horrela aurkeztu dira izate Stanelykoak, Idahokoak diren arren) indartsu irten da oholtzara eta jendea bertaratu da lehen unetik, eguzkiarenak ahaztuta. Hasi eta segida samar beren arrakasta esanguratsuenetako bat etorri da ‘Nobody’s girl’, southern rockaren adierazle.

Instrumentazioa ere halakoa dute, Telecasterra vox ac30 anplifikagailu batekin eta SGa Fender Twin Reverb anplifikagailuarekin, fender baxua eta tama bateria, bibolina eta 12 sokako Rickenbicker estiloko gitarra txiki bat. Tarteka elektrikoa akustikoagatik aldatu du Willy Braun taldeko liderrak, ukitu nostalgikoa emanaz, countrya besarkatuz edota doinu irlandarretara salto eginaz. Jendearen gozagarri izan den kontzertua, oholtza akaso handitxo geratu zaien arren. Beste mota batetako festibaletan, country munduko txikiagoetan akaso erosoago arituko ziren Europara etorrita. Hala ere, a zer nolako kalitatea duten.

Euskal Herria gogoan izan dute

Public Image Limited taldeko John Lydon (Sex Pistols taldean aritua, Johnny Rotten bezala ezaguna) abeslaria izan da Euskal Herria aipatu duen eguneko lehen artista, ukabila zerura igotzen zuen bitartean eta euskaldunak adoretsuak garela gehituaz. ‘Home’ kantuarekin hasi dute emanaldia, rock progresibotik edaten duena. Dantzagarriagoa den kantu bat, ‘Know now’ etorri da atzetik, eta hor ikusi da abesteko oso modu berezia duela Lydonek eta gitarra akordeen progresio ere ezohikoa dela, berezia egiten duten proposamena. Baina oholtzaz aldatu behar izan dugu, antipodak lotzeko saiakeran.

Duela bost egun Atabalen izan zen Sidneyko C.O.F.F.I.N. (Children of Finland Fighting in Norway) taldea eta lehen unetik sekulako jarrera erakutsi dute. Abeslari eta bateria jotzailea, Ben Portnoy, erdian, taldearen zama eramanaz. Ahots apurtua eta abiadura protagonista, uneren batean tempoak ihes egiten zion arren, jarrerarekin dena konpondu du, publikoa bero mantenduaz uneoro. Laukoa lerro bakarreko formazioan, blokean aritzeko, hogei urteko ibilbidea alferrikakoa ez dela erakutsiz. Biran egiten ari diren kontzertuaren ordena berean aritu dira, hasi eta buka ia arnasik hartu gabe eta tartean pogoaren unea ere iritsi da beste australiar batzuen, AC/DCren ‘Riff raff’ kantua jo eta ‘Beasts’ kantuarekin hasi direnean.

Australiatik datozela, kolonializatua izan den lurralde batetik, %3a dela sortzez bertakoa eta horrek lotsarazi egiten duela aipatu du Ben Portnoyk. Ezin duela euskaraz adierazi esan nahi duena eta sentitzen duela, baina badakiela Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen dela. Genozidioak zer dakiten herriak garela Australia eta Euskal Herria, baina orain gertatzen ari denaren aurrean, «Palestina aske!» egin du oihu ‘White dog’ abestu atarian. ‘Through the sewer’ kantu indartsuarekin etorri da azkena eta bateriaren partxea apurtuz agurtu gaituzte Portnoy eta taldekideek.

Hunkidurarako tartea

Eguneko kartelburu garrantzitsuenetan lehena izan da gaur Lucinda Williams, eta 2023an baina hobeto ikusi da osasunez lehen unetik. Hasi eta segituan ‘Stolen moments’ kantua eskaini du, falta ezin den horietako bat 72 urteko Louisianako abeslariaren emanaldietan. Azken kontzertuetan errepikan eskaintzen dabilen ‘Car Wheels on a Gravel Road’ jo dute segidan, eta hor jabetu gara Black Crowes taldeko Marc Ford zuela ondoan gitarra joz. Gram Parsonsi eskainitako ‘Drunken Angel’ klasikoa etorri da atzetik, Flying Burrito Brothers taldeko kidea edota The Birds taldean aritua, eta Rolling Stonesen country diskoan parte hartu zuena. Sasoi hartan artistek izandako bizimodua islatzen duen abestia izan da ‘Drunken Angel’

Reggae kutsua duen identifikatu ez dugun kantu bat etorri da segidan, Buick 6 taldearekin 2015ean kaleratu zuen ‘So much trouble in the world’ kantuak eman dio segidan eta arrazoi faltarik ez du horretan oraindik ere abestiak. Rock klasikogora pasa gara gero, ‘You can't rule me’ kantuarekin segi dugu. ‘Out of Touch’ inkomunikazioari buruz hitz egiten duen piezak eman dio jarraipena kontzertuari, denok aurrera gidatu bai baina inora ez iristeko esaten duen abestia da. Abbey Road estudioan grabatu zela aipatu du hurrengo kantua, ‘While My Guitar Gently Weeps’, The Beatlesen abestia, duela bi urte ere eskaini zuena. Estudio horretan izango da grabatzen uda honetan Gorka Urbizu bera ere. Zaletuek, Marc Forden solo berria iristean, gitarra-jotzailea egiten ari zen erakustaldiaz ari ziren hizketan, kontzertutik gehien nabarmenduz.

‘Essence’ abestiarekin barealdi sonikoa etorri da, erritmoz lasaia izan baita emanaldia, gitarra gutxiago eta Williamsen ahotsa erdigunean «baby sweet baby» abesten ari zen bitartean. Taldetzarra du Williamsek inguruan. ‘Honey bee’ kantuan ere argi geratu da hori eta geratu gabe jo dute hurrengoa, ‘Joy’. Eta bukatzeko, ohiturari eutsiz, Neil Youngen ‘Rockin' in the free world’ etorri da, denok batera abestu duguna, ibilera makalean, oholtza gurutzatu eta irribarrez esker ona adieraziz jaitsi da Lucinda Williams.

Eskandinabiako rockaren lehen anoa

Intro kantu bat, eta marinela, baserritarra eta konpainia oholtzara igo dira, Turbonegro ganberroen txanda zen. Estetika oso markatua duen Norvegiako taldeak zaletu andana pilatu du eskandinabiako rockaren ikur direla erakusteko. Lehen unetik utzi dute argi hori ‘Hurry up & die’ kantuarekin, atzetik, ‘Back to Dungaree High’ indartsuarekin segiz. Argi jolasak karga gehiegi eragiten zion ordea garunari, azkarregiak ziren, eta horrek bestaldera begiratzera gonbidatzen zuen, pena.

Sinte eta efektuz jositako ‘Part III: Rock n Roll Machine’ kantuak pausa antzeko bat eragin du jendartean, kolpe sendoagoak ematen ari ziren arren. Hauek ere badakite Euskal Herrian zirela, eta hala agurtu gaituzte, Jimmy Jazz bezalako aretoetan jotakoak dira aurretik eta bidea ikasita etorrid ira. ‘City of Satan’ abesti ilunean bandera beltza astindu du abeslariak, bertan marinelaren txapela ikur pirata moduan agertzen zelarik.

Bira guztian jo duten abesti zerrenda bera eskaini dute gaurkoan ere eta bederatzi ordu furgonetan eman dituztela kontatu digute bukaera aldera. «Espainiako ereserkia ikasi du Tomek» hasi da esaten eta jendeak txistuka erantzun dio abeslariari, baina hark itxaroteko eskatu digu eta hor hasi dira «La cocaina, la cocaina…» abestuz La cucaracha klasikoaren doinuan. ‘Zillion Dollar Sadist’ abestu dute segidan eta bukaera aldera etorri dira ‘Fuck the World’ edota ‘The Age of Pamparius’ dotoreak.

Fogertyren erakustaldia

‘Bad moon rising’ kantuarekin, tranpaldoaren erdian eta goiko aldean kokatuta ekin dio kontzertuari John Fogertyk, izar handien modura igo da oholtzara. Abuztuaren 22an estreinatuko den bere 80 Urteen errepasoa emango dion dokumentalaren trailerra aurkeztu ostean etorri da hori. Road movie bat jarri dute segidan pantailan eta ‘Up Around the Bend’ abestu du Fogertyk, publikoa agurtu ostean ‘Born on the Bayou’ etorri delarik. Ahotsa zertxobait galduta duen arren, a zer nolako forma mantentzen duen hatzetan, solo amaigabeak eskainiz. Duela zazpi urte izan zen Gasteizen orain hurrena eta berdin jantzita agertu omen da gaurkoan publikoan aipatu dutenez.

1969tik gainean duen Rickenbacker 325 ACMEA eta urre koloreko Gibson Les Paula aurkeztu dizkigu segidan. Bigarrena, Jeff Beck, Jimmy Page eta Eric Claptonek duten bera dela aipatu du, aiton amonei galdetzeko bestela. Bere umea dela esan du Rickenbacker gitarra hori, eta atzetik jo duen ‘Who’ll stop the rain’ ere harekin sortu zuela, gehienak bezala.

Hirugarren gitarra atera duen unea izan da atzetik etorri dena, Fender Telecaster gorri bat, ‘Lookin' Out My Back Door’ countryagoa jotzeko eta gero laugarrena, Fender Stratocaster sunburst klasikoa, ‘Rock and roll girls’ kanturako. Abesti horretan, saxoaren lehen soloa ez da entzun, akats tekniko larria, bigarren aldirako konpondu dutena. Bukatu orduko, beste gitarra bat soinera, Les Paul Custom beltz dotorea, urre koloreko detaileak dituena, ‘Effigy’ kantuak eskatzen duen potentzia emateko, riff eta errepikapenean oinarritzen den kantua.

Musikariak aurkeztu ditu orduan Fogertyk, denak familia bueltakoak direla aipatu du eta tarte horretan beste gitarra bat gehitu dio bildumari, akustiko bat, identifikatu ezin izan duguna. Bere emazteari egindako kantua jo du gitarra horrekin, ‘Joy of my life’, pantailan familia albuma aurkezten zuen bitartean atzeko aldean. ‘Fight Fire’, Creedence Clearwater Revival taldearen aurretik Fogertyk zuen The Golliwogs taldean idatzitakoa, etorri da segidan, beste indar bat duena. Erritmo biziarekin egin dugu aurrera ‘It Came Out of the Sky’ kantuarekin, bere ahots bereizgarriari mesede egiten diona ezbairik gabe.

Isilune txiki bat eta beste solo luze bat eskaini du Fogertyk, tapping eta guzti, ‘Keep On Chooglin'’ kantuari sarrera emanaz, tartean ahoko-soinua joz, eta horren ostetik ‘Have you ever seen the rain?’ klasikoa etorri da. ‘Down on the corner’ dantzagarriak eman dio segida emanaldiari azken txanpan sartu aurretik. ‘Fortunate son’ izan da errepikaren aurreko azkena eta, segundu batzuetarako oholtza utzi ostean, ‘Rockin’ all over the world’ eta ‘Proud Mary’ jota bukatu da emanaldi ederra.

Kaotikok hartu du testigua, 25. urteurreneko biran, baina guk erretiroa hartu dugu, bihar ere egun luzea izango dugulako aurretik Azkena Rock Festivalen 23. edizioko itxierakoan.