En direct

Donostiako Illunbe euskal musikaren topagune bilakatu da beste behin ere Ura Bere Bidean Kantuz ekimenarekin. Fair Saturday fundazioaren babespean sortutako proiektuak urteak daramatza estilo, belaunaldi eta ibilbide askotariko artistak elkartzen, kasu honetan ere Euskadiko Orkestraren eta Fernando Velazquezen gidaritzapean. Bi ordu eta erditik gorako ikuskizunak argi utzi du egitasmoa sendotuta dagoela, eta urtez urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat dela jada euskal kulturgintzan, publikoaren erantzuna ikusita.
Nabarmentzekoa izan da teknikoki ekitaldiak izan dituen beharrei indartsu eutsi diela Ura Bere Bidean ekitaldiak. 11.000 ikusleekin, 360º-ko ekoizpena izan du kontzertuak, eta emanaldia posible egiteko, Quevedo abeslariaren soinu ingeniaria erabili dute.
Ateak ireki aurretik bertatik nabari izan da giro berezia Ilunberen inguruan. Bertaratzen ziren ikusleek bazekiten zer topatuko zuten: emozioa, oroimena eta ospakizuna uztartzen dituen formatu berezi bat. 19:00etatik aurrera, DJ Oihan Vegaren prefestak giroa berotzen lagundu du, eta pixkanaka harmailak betetzen joan dira, adin guztietako publikoarekin. Pirritx eta Porrotxen ‘Kalian gora’ abestiarekin amaitu du bere saioa, amaiera polita jendea giroan sartzeko.
Publikoa prest, hasieratik mezua argi
20:00ak pasatxoan, Iban Garatek hartu du hitza oholtzan, ekimenaren zentzua eta izaera azpimarratuz. Belaunaldien arteko transmisioa, euskararen presentzia eta komunitatearen indarra izan dira berriro ere mezuaren ardatz nagusiak. Ondoren, Euskadiko Orkestra eta Fernando Velazquez aurkeztuta, ikuskizuna martxan jarri da.
Lehen notetatik sumatu da publikoaren prestutasuna. Abestien letrak izan dira ikusgai, ikus-entzuleek ere artistekin batera kantatu zezaten. Txaloak, oihuak eta irribarreak etengabeak izan dira, eta horrek oholtza gaineko artistei bultzada berezia eman die, gauaren tonua hasieratik markatuz.
Iturri beretik, soinu askotarikoak
Emanaldia Neomak taldearen eskutik hasi da. ‘Ilargi Berriak’ abestiarekin oholtzaratu dira. Formatu berriak nortasuna azaleratu du, eta lehen minututik bertatik argi geratu da indarrarekin datozela. Dantzan jarri dituzte ikusleak, taldearen soinu tradizionalak ardatz hartuta. Ke eta irrintzi tartean giro berezi bat sortu dute eszenatokira igo diren lau emakumeek.
Hortik aurrera bata bestearen atzetik joan dira euskal musikaren adar askotako ordezkariak. Beteranoak eta belaunaldi berriak, rocka, folk-a, popa zein doinu tradizionalak, guztiak hari sinfoniko beraren bueltan.
Urtz taldearen ‘Kaixo’ kanta ezagunak berehala egin du publikoarekin bat. Sinpletasunetik, nostalgia ukituarekin, Ilunbe berotzen hasi da. Publikoak ozen abestu du Xabi Camarerorekin batera, galdera-erantzun jolas ederrean abestuz. Txaloak izan dira minutuen protagonista.
Sorotan Bele taldeak egin duen abestien mix-a sustraietara begirako tartea izan da, folkaren eta memoria kolektiboaren arteko lotura azpimarratuz. ‘Zortzi orduko ekaitza’ abestiarekin hasi dira, eta hasieratik deigarria izan da taldeko Ritxi Salaberriak kufiya izan duela bere baxuan lagun. Orkestrak sakontasun handiagoa eman dio proposamenari, biolinak ardatz hartuta. ‘Marinelaren zai’ eta ‘Arratsalde honetan’ abesti mitikoa ere abestu dituzte. Gorka Sarriegi publikoaren artean murgildu da, txalo zaparrada batekin amaituz.
Une intimo eta hunkigarria sortu du Olatz Salvadorrek ‘Nere herriko neskatxa maite’ abestiarekin, ahotsaren fintasuna ardatz hartuta, Goxotasuna eta sinbolismoa nagusitu dira, ikusleen koruez lagunduta. Biolinek protagonismo handia izan dute eta ahotsarekin uztartu dira modu eder batean. Eta atzetik etorri da Sua taldea Itoitzen ‘Hegal egiten’ abestiarekin. Soineko gorri dotoreak, galari ematen dion berezitasuna nabarmendu du, Ane Barrenetxearen ahots bereziaren eskutik. Erritmo biziak eta energiaz beteriko interpretazioak, publikoa berriro aktibatzeko balio izan duen pasartea bilakatu du abestia.
Bikote xarmangarria
Doctor Deseoko abeslari den Francis Diezek, ‘Corazon de tango’ abesti klasikoa oholtzaratu du. Bere ohiko unibertso ilun eta sutsuari eutsiz, dramatismoa eta intentsitatea oholtzara eraman dute beste behin. Kolore gorri eta beltzak hartu ditu ardatz emanaldiak, 90ko hamarkadako giroa ezarriz, pantailetako teloi gorriekin lagunduta. Sorpresa ere izan da, Aiora Renteria oholtzaratu denean. Bi abeslariak elkar besarkatuta, sekulako giroa jarri dute Illunben.
‘Ez da ondo aterako’, Nøgen talde donostiarraren abestiak publikoa kantari jarri du. Boskoteak, soinu garaikidearekin eta jarrera sendoarekin, publikoaren erantzun baikorra jaso dute. Eta atzetik etorri da Xabi Solano ‘Gogoak’ kantua oholtzara plazaratuta. Trikitixa gabe atera da oraingo honetan, baina indarra mantendu du eta gertutasuna nabarmendu da. Ilunbe osoa zeharkatu duen energia berezia sortu da.
Eider bakarlaria izan da hurrengoa eszenatokira igotzen ‘Txoriak txori’ abestiarekin. Lasaitasunera eraman gaituen tartea izan da, ahots garbi eta sentiberarekin. Atseden ederra izan da erritmo bizien artean. Eta lasaitasun horrekin jarraitzeko Mikel Urdangarin atera da ‘Badira hiru aste’ abestia bere egitera publikoarekin bat. Ohiko sakontasunetik, entzulearekin konektatzeko gaitasuna berretsi du berriro ere Urdangarinek, txalo zaparraden artean.
Gorriz eta indartsu
Indar kolektibo eta jarrera aldarrikatzailearekin oholtza gainera atera dira Amak, mix izugarri bat egiten eta kolore gorria protagonista izanik. Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristiñe Solanoren ahotsen batasunak pisu handia hartu du oholtzan. ‘Bexamela ta pastela’, ‘Txanpon baten truke’, ‘104’ eta ‘Erre zenituzten’. Publikoak dantza ugari egin du, kalejira eginez Illunbe osoan zehar, errusiar mendi emozional batetik igaroz.
Eñaut Elorrieta, biolinez inguratuta atera da ‘Itsasoa gara’ abestiarekin publikoa hunkitzera. Orkestrarekin egindako uztarketa zaindua eta entzuleen koruek Illunberi atmosfera berezi bat jarri diote. Xabi de Feliperen biolin soloak isilik eta adi utzi ditu entzuleak. Baina emozio bereziak jarraitu egin du Bea Asurmendik ‘Oi ama Eskual Herri’abestia kantatu duenean. Asurmendik tradizioari egindako keinu zuzenak, emozioz betea utzi du giroa. Une berezi eta adierazgarria.
Hurrengoa izan da Angel Duhalde, gitarra eskuan, ‘Bakezaleak’ abestia interpretatuz. Mezu argi eta doinu ezagunarekin, denboraren poderioz indarra galdu ez duen kantak, txalo zaparrada jaso du. Ondoren, pop garaikidearen ordezkari, freskotasuna eta sentiberatasuna uztartuz, Maren bakarlaria oholtzara igo da, gitarrarekin hau ere ‘Loretxoa’ abestiaren bere bertsioa publikoari eskainiz.
Gozategi taldeko Imanol Goikoetxea gitarristak lagunduta, Zetak taldeko Peio Reparaz izan da hurrengoa oholtzara ateratzen ‘Zeinen ederra izango den’ kantuarekin. Akustiko ederra eman dute Illunben, publikoa abesten jarriz eta giro berezia sortuz.
Fusilatuak gogoan
Txiki eta Otaegi-ri eskainitako abestia izan du hizpide Urkok ‘Gure lagunei’ kantuarekin, 50. urteurren honetan. Oroimenari eta adiskidetasunari eskainitako pasartea izan da, tonu lasai eta sakonean. Pantailetan, orainarte, bere ibilbidean ateratako disken azalak ipini dituzte, nagusitasun azpimarragarria bihurtuz. Goitik behera beltzez jantzita atera den abeslariari, sekulako txalo zaparrada eman dio publikoak.
Su ta Gar taldeak ‘Mari’ abesti klasikoa oholtzaratu du, metalaren presentzia sendoa, orkestrarekin soinuekin uztartuz. Kontraste deigarria, baina entzuleak dantzan jarri dituena. Argien presentzia izugarria izan da eta giro ezberdina eman dio Illunberi. Bereala atera dira mugikorrak airera, momentua memoria teknologikoan gordetzeko.
Eta hori gutxi balitz, festara itzultzeko gonbita egin dute 2023an oholtzak utzi zituen Skakeitan taldeak ‘Mundu berri baten mapa’ abestiarekin erritmo dantzagarria jarri du. Pello Armendariz atera da oholtzara abestia indarrarekin defendatzera, eta sekulako giroa jarri du. Eta Ska doinuek berriz ere Illunbe mugiarazi dute, giro kolektiboan Betagarri taldearen ‘Euri tanta bakoitzean’ abestiaz lagunduta. Larrosa bat eskuan, txaloka eta dantzan jarri ditu ikusentzuleak.
Trikitia oholtzara
Süne izan da hurrengo proposamena, bere trikitixarekin ‘Sunday’ abestia Ura Bere Bidean kantuzeko oholtzara ekarriz. Atmosfera berezi eta intimista bat ekarri du, biolin soinuez lagunduta eta argi dantza bikaina sortuz. Eta horren ondoren, festa piztu da, une goren bat ezarriz, Gozategiren eskutik. Publikoa kantuan eta dantzan jarri dute, belaunaldi ezberdinek bat eginda. ‘Kalanbreak’, ‘Chiquitaco can tac’, ‘Nirekin’ eta ‘Nor-Nori-Nork’ izan dira protagonista, entzuleak dantzan jarri dituen mix bat, dudarik gabe.
Karga sinboliko eta mitikoa izan da hurrengoa eszenatokian: Zea Mays taldea atera da oholtzara ‘Negua joan da ta’ abestiarekin. Publikoarekin lotura estua sortu dute. Tronpeta soinuek, oro har, haizezko instrumentuek, txaloekin batera, hunkigarria egin dute momentua, Aiora Renteriaren ahots bereizgarriarekin bat eginez. Koruek lagunduta, oilo ipurdia jarri duen emanaldia izan da talde bizkaitarrak egin duena.
Diskoa atera berri duen ETS taldea ere, ez da atzean geratu. ‘Zurekin batera’ abestiarekin atera da Iñigo Etxezarreta gasteiztarra eszenatorkira. Entzuleen aldetik ilusioa eta emozioa izan dira berriro ere protagonista. Linterna, besarkada eta konfeti artean amaitu da Ura Bere Bidean Kantuz emanaldiaren lehen zatia.
Amaieraren hasiera
Atsedenaldian, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak hartu du protagonismoa, Amaia Aldalur zuzendariaren eskutik ‘Kantuz’ interpretatuz. Dimentsio kolektiboa agerian utziz, ahots askoren batasunak indarra hartu du Illunben.
Momentu hunkigarria izan da, Illunbeko ikusentzule guztiak txaloartean altxa direnean Erramun Martikorena besoak zabalik hartzeko. Isiltasuna eta errespetua nagusitu dira Xabier Leteren ‘Xalbadorren heriotzean’ abestia kantatu duen bitartean, gau honetako momenturik hunkigarrienetako batean. Txaloak izan dira nagusi emanaldi guztian zehar, giro oso berezi bat utziz Illunbeko pareten artean.
Euskararen aldeko aldarri zuzena ere ez da falta izan, Urko berriro atera delako ‘Guk euskaraz’ abestiari, merezi duen tokia egiteko. Publikoak aho batez abestu du eta dantzan jarri da, giro alaia sortuz. Baina energia hori goran mantentzeko, tradizioa eta gaurkotasuna uztartuz, Huntza taldeko Josune Arakistain eta Uxue Amondarainek mix berezia eskaini dio publikoari. ‘Iñondik iñoare’, ‘Lasai lasai’, ‘Buruz bera’ eta ‘Aldapan gora’ abestiak izan dituzte ardatz, kalejira erraldoi bat sortuz eta mitikoen artean aukeraketa paregabea eginez.
Itxiera indartsu etorri da Leihotikan taldearen eskutik, klasiko bat abestuz: ‘Ikusi mendizaleak’. Rock doinuekin eta publikoaren azken eztandarekin, amaiera bikaina eman diote Ura Bere Biden ekitaldiari.
Une hunkigarriak ez dira falta izan, ahots ezagunek klasikoak berrinterpretatzean edo mezu kolektiboak aldarrikatzean. Abesti askok oroimenari egin diote keinu, beste batzuek orainari eta etorkizunari, eta Ilunbek erantzun beroa eman du kasu guztietan.
Berebiziko indarra hartu dute emakumeen ahotsek ere gau osoan zehar, presentzia sendo eta anitzarekin. Oholtza partekatzeak sortzen duen sinbolismoak pisu handia izan du berriro ere, eta publikoak txalo zaparradekin erantzun du.
Amaiera kolektiboa, kantuz eta zutik
Kantuz egindako emanaldiak izaera kolektibo eta parte-hartzailea indartu du, abesbatzak eta ahots historikoak oholtzara igo direlarik. Ilunbe zutik jarri da, abestiak ahoz aho partekatuz, jaialdiaren espirituari amaiera borobila emanez.
Urak dakarrena urak daroala esaten bada ere, Ilunben argi geratu da euskal musikaren bideak indartsu jarraitzen duela. Kantuz, zutik eta emozioz beterik agurtu du publikoak gaua, argi utziz Ura Bere Bidean ez dela soilik kontzertu bat: komunitate baten isla da, eta gaurko gauak beste behin berretsi du zergatik den urtez urteko hitzordu ezinbestekoa.

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari

«Agur esan barik» baina badoaz betirako Gatibu taldekoak














