En direct

20:08ak zirela probagelan agertu da Mikel Urdangarin, erdi argitan erdi gerizpean. «Aupa Mikel!» oihu egin dionik ere bazen. «Lau haizetara», Imanol Larzabalen klasikoa abestu du zornotzarrak ahots hutsez, publikoan inguruan zituenei zuzenduz 360ºetan. Publikoak ere gogotik abestu du, pantailetan karaokea jarrita zelako errepikan, eskumuturrekoak piztu eta denak eskuak zerura igotzen zituzten bitartean. Lehen txalo zaparrada eta lehen berritasuna, teloian poriekzio erraldoia «Ura Bere Bidean, geureaz harro» zioen hizki zurietan hondo gorri baten gainean, tentsio dezenteko musika joz Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta parte hartzaileen zerrenda agertu da. Evaristo, Joselu Anaiak, Pantxoa eta Peio edota Alaitz eta Maider izan dira txalotuenak. Publikoaren adina agerian geratu da eta nostalfgiak saltzen duela ere bai.
Behin aurkezpenak gisa horretan eginda, Iban Garate ez baita izan zeremoniaren gidari lanak egiten aurtengoan, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean dena martxan jarri da. Teloia kendu eta Niko Etxart izan da lehena oholtzara agertzen, 1979ko ‘Euskal rock & roll’ eskaini du, dantzari finek lagunduta, Anepe Acedo tartean, eta atzean tabernetan ikusten ziren halako diskoak jartzeko makina zahar bat zuela. Beti harrapatzen gaitu sorpresan Ura Bere Bideanen taularatzeak eta gaur ikus-entzunekoak oso maila altua izan du. Orkestraren moldaketaz gaindi, Bilboko Koral Elkartearen ahotsek ederki lagundu dute Etxart indartsu bat. Altzürükukoa balio segurua da ezbairik gabe.
Kronologia markatuz ibili dira pantailetan, eta 1976ra egin dugu salto jarri digutenez. Agurraren lehen notak eta atzetik Gontzal Mendibil «Bagare» abestera, publikoarekin batera. Eskerrak publikoarekin zen, entzutean arazo txiki bat izan duelako Zeanuriko abeslariak. Ondo jarraitu du, ordea, eta bigarren bueltan indartsuago agertu da argi eta garbi. Gozatuz eta gozaraziz bukatu du bere momentua, independentziaren eta euskararen aldeko oihu bateratuarekin. Hori ere bai baita ‘Bagare’.
2005era joan gara segidan, The Uskis taldea oholtzara agertu denean. 90etan sortu zen taldea Ibarrangelun, baina ‘Horrelako’ izan zen nabarmen goia jotzera eraman zuen abestia eta horregatik joan gara 2005era. Azken urteetan ‘Go!Azen’ telesailean erabili dutela agerikoa izan da, ahots gazteenek eta haurrek abestu dutelako batez ere kantua. Euskarazko ikus-entzunekoek oraindik ere duten garrantzia balioan jartzeko moduko agerraldia. Eszenografiarako itsas-argi bat eta olatu erraldoiak, baita Orioko eta Donostia Arraun Lagunakeko kideak Kontxako estropadako garaipena ospatuz jarri dituzte pantailetan eta halako batean Arraun Lagunakeko arraunlari bat agertu da oholtzan, bandera eskuetan. Zeinen une polita.
Sara Zozayaren txanda, Benito Lertxundiren ‘Bizkaia Maite’ abestera igo da, oso liriko, soineko zuria soinean zuela. Zeinen zaindua den Zozayak ukitzen duen guztia. Konponketan nabarmentzekoa perkusionistaren lana, marakekin bolero kutsua eman dio abestiari Velazquezek, nahiz eta soka konponketan aldaketa handi samarra den berezkotik eta hor akaso indar pixka bat galdu. Irudietan Bizkaiko hainbat ikur, hala nola Karola garabia, Bilboko San Anton eliza eta zubia, Arriaga antzokia edota Gorbeako gurutzea, izar disdiratsuekin osatuta. Elegantzia alde guztietatik.
Festa lehertu da
Beti bezala kontrasteekin jolasean ibili dira musikalki eta segunduruik galdu gabe artistatik artistara. Araiako plaza eta Aratz mendia atzean zituztela Joselu Anaiak etorri dira atzetik, beren mix klasiko batekin ‘Ai, Txabela’, ‘Txebetxa’ eta bukatzeko Duplakoek lagunduta ‘Iñaki’ ere eskaini dute. Jendea zutik eta dantzan jarri den lehen unea, eta nola egin dantza gainera! Festa girorako sortua den emanaldia eta hala izan da.
Jendea esertzen zen bitartean, haien artetik sartu da oholtzara Olaia Inziarte. Berriz ere pultsazioek behera egin dute, ilun dena, une intimo samarra eta hunkigarria. Bera ere hunkitu dela zirudien ‘Gereziak’ eskaini duenean, ‘Lehengo lepotikan burua’ estreinako diskokoa, epizidade asko duen kantua, orkestrarekin bikain ezkontzen baitu kantuaren errepikak.
Pasion Vega izan da hurrengoa. Atzerritik etorri den aurtengo hiru gonbidatuetako bat, flamenko munduan ibilbide luze eta oparoa duen madrildarra. Benito Lertxundiren ‘Herribehera’ hautatu dute hark abesteko, 1974ko ‘Oro laño mee batek’ diskoan etorri zena lehendabiziko aldiz eta ‘Hunkidura Kuttunak II‘ diskorako berriz grabatu zuena. Galako jantzita eta orkestra ere galako zuela, bazekien nolako interpretazioa eskatzen zuen kantuak Vegak eta publikoa adi-adi izan du entzuten, bukatu eta txalo zaparrada erraldoi batean BEC lehertu den arte, zutik jendea eta bukaeran Pasion Vega Benito Lertxundiren irudiari begira.
Punkaren momentua
Lendakaris Muertos Iruñeko taldeak ‘Detector de gilipolleces’ 2005eko kantua eskaini du kantu punken leihoa zabaldu denean, beren ikurra den panda hartza lagun zutela. Jordi Albareda Ura Bere Bidean sortu zuen Fair Saturday Foundationeko burua pozik zen talde hau batu zitzaielako aurtengo ediziorako, berezia baita halako taldeek orkestra batekin jotzea beti ere.
Atzetik Evaristoren txanda, bigarren urtez jarraian UBBn errepikatzen duen artista da aguraindarra, eta aurtengoan ere kamisetako mezuarekin arreta eman du (Welcome to fuck you esaten zuen, ongi etorri izorra zaitzaten), baita egin dituen keinu probokatzaileekin ere. La Polla Recordsen 1989ko ‘Asi es la vida’ kantatu du, ‘Ellos dicen mierda’ diskotik.
Kantu mugituetan hirugarrena Zuriñe Hidalgo eta Telmo Idigorasen eskutik etorri da. Nerabezaroan sartu berrita zirenean Betizu Taldeko kide zirela haientzat Joxe Mendizabalek idatzitako ‘Lokaleko leihotik’ klasikoa eskaini dute elkarrekin. Askorentzat une magikoa izan dena, izan ere 20tik gora urte dituen kantua da eta bertako askorentzat zuzenean lehenengoz entzuteko aukera izan da gaurkoa. Publikoa abesten jartzeko «ez da entzuten» formula klasikoa erabili du Hidalgok eta erantzuna berehalakoa izan da. Une atsegina eta polita, memoria ariketa ederra.
Alaitz eta Maiderren unea iritsi da segidan. Aurtengo triki-pop unea haien eskutik. ‘Mila galdera’ kantua lehendabizi, ‘Amets bat’ gero (elkar besarkatu diren unean publikoak txalo eginaz babesa erakutsi die oiartzuarrei) eta ‘Hablame en cristiano’ izan da azkena. Euskalduntasuna azpimarratuta utzi den beste abestia Alaitz eta Maiderrena. Berriz ere publikoko denak bat hartuta egon diren momentua izan da bikotearekin igaro duguna, familia unea, halakoak ezinbestekoak baitira Ura Bere Bidean ulertzeko.
Kataluniatik Euskal Herrira eta euskaraz
Judit Neddermanek euskaraz egin du bere hitzartzea: «Katalana naiz eta oso harro nago hemen egoteaz». Ahotsarekin soilik eta gitarra soinean zuela, Imanolen ‘Mendian gora haritza’ eskaini du, bere modu intimo eta ederrean, Joan Baez bailitzan. Zeinen eder egin duen eta halako erantzuna jaso du, publikoa zutik, oinekin lurra kolpatuz eta txalo zaparradarekin.
Igor Arzuaga zendu berriari eskaini dio atzetik etorri den Eñaut Elorrietak ‘Erreka’ abestia, egun gutxi barru publikatuko duen ‘Festina Lente’ diskoko kantua. Kantuak bat egiten du gainera galerarekin, «suziri bi ginen atzo, elkarrenak gara gaur, errekarenak bihar». Eñauten ahotsaren potentziaz zenbat gozatu dugun BECen ginenok, garbi-garbi entzun zitekeen gernikarra, Iñar Sastrek pianoan bikain lagunduta. A zer pasioa jarri dion kantuaren interpretazioari Irurako musikariak.
Publiko artetik perkusio talde bat agertu da ustekabean atzetik, Deabru Beltzak deiturikoak. Urte asko daraman taldea da kale-ikuskizunak egiten, eta, besteak beste, 2021ean Max saria ere eskuratu du konpainiak. Hogeita hamar urteko ibilbidean 35 herrialdetik gora zapaldu dituzte.
Urtarrilerako entsegu berezia eta doinu urbanoak
Pantxoa eta Peiok ere ez dute aurtengo hitzordua galdu. Gabonen etorrera aipatu izan dugu Ura Bere Bideanek markatzen duena eta, datozenetan, Gabonen bukaera Pantxoa eta Peioren emanaldiek emango die bukaera, urtarrilaren 9en eta 10ean BECen bertan. ‘Azken dantza’ eskaini dute, publikoak ere abesten bat egin duelarik. Konponketa oso zinematografikoa egin dio Velazquezek, sokek protagonismoa hartu dutena, kantuak hala eskatzen baitu.
Une goxo eta beroaren ostean, pop-bortitzaren txanda iritsi da. Merina Gris taldeak ‘Ardi latxen herrian’ eskaini du, set berezi batean. Mahai bana eta gerora su hartu duten leiho bana zuten parean Julen, Paskal eta Sarak, lehen biak gailu elektronikoekin eta azkena auto-tunea topera zuela abestuz. Egiari zor, Merina Grisekin azken denboratan ohituta gauden danbarrarekin alderatuz, oso goxoa izan da kantuaren moldaketa, baina kontraste ederra da estetikoki Merina Gris eta Orkestra Sinfonikoaren artekoa.
Duplakoen txanda gero eta Gari Uriartek segidan esan du «altxa ipurdi horiek, dantzarik egiten ez duena kalera doa». Beñat Oribe baterian jarri da probokadorean eta ‘Tirikitrauki’ eskaini dute, ‘De Un Pueblo Llamado Agurain’ aurreko diskoko hit-a. Laster etorriko da lan berria, momentuz bi single bota dituzte eta astero-astero joango gara xehetasunak ezagutuz. Biak altxa eta publikora jaitsi dira, Beñatek batekin dantza egiteko aprobetxatuz.
Urbanoen blokeko hirugarrena Bengoren eskutik, eguneko hirugarren oiartzuarra. NAIZ Irratiak eta Arrosa Sareak elkarlanean egiten dugun Zebrabidea saioa agurtzeko ‘Bizirik gaudelako’ kantu alai bezala aurkeztu dute ostiral honetan Iraia Cambrak eta Malen Frantsesenak eta energia hori bera eraman du Bengok bere abesti horrekin BECera, break dance eta guzti. Publikoa zutik eta poltsikora Bengok eta dantzariek.
Laugarren artista Tatta izan da espazio horretan. ‘2lati2’ diskoa plazaratu berri duen arren (laster elkarrizketa webgune honetan bertan), ‘Zure atzetik’, Malakiasekin batera egindako kantu arrakastatsua da orkestrarekin eta koralarekin taularatu duena.
Atzerriko hizkuntzen momentua
Berrizko Shinova taldea izan da gaurkoan gazteleraz abestu duen bakarra. Gabi de la Rosaren ahots berezi horrekin ‘Te debo una canción’ eskaini du laukoteak, Erlantz Prieto eta Dani Del Valle gitarretan eta Joshua Froufe perkusioarekin zela defendatu dute beren 2021eko ‘La buena suerte’ diskoko abestia. Egunerako propio moldatuta, azken zatia euskaraz abestu du Shinovak.
Iñigo Etxezarreta etorri da segidan eta oholtzan zegoen aulkian eseri da, txaloen artean, ‘Eutsi eskutik’ 2025eko ‘Konkista’ diskoko kantu intimoa abesteko. Pistako aulkietatik asko gerturatu dira lehen lerrora sare sozialetarako bideoak grabatzera, belaunaldien arteko kontuak agerian geratu dira une horretan. Bi haur, eskutik helduta agertu dira oholtza, Iñigo eta bere anaia Eduardo, haurra zela hil zena, irudikatuz; izan ere, kantua hari eskainia da. Malkoak isuri dituenik izan da momentu horretan.
Atzerritik etorri den hirugarren gonbidatua, eta azkena, Emeli Sandé izan da. Sunderlanden sortua, abeslari ospetsu askorentzat egin ditu kantuak zambiar jatorriko abeslariak. Soul eta R&B doinuetan ibiltzen da bera eta ‘Read all about it’ kantua eskaini du, hasiera batean Professor Green rap-abeslariarekin interpretatu zuen kantua eta gerora moldaketa gozoagoa egin ziona, gaurko egunerako hautatu duen bertsioa, alegia. Berarekin abestera agertu da sorpresan Jokin Pinatxo Berako musikaria, euskaraz abestuz eta Sandék eta biek gure hizkuntzan bukatu dute kantua, publikoak asko eskertu duen unea.
Berriz ere festara
Mirua tolosarren txanda etorri da segidan, eta agertu diren orduko hasi da jendea «daonean dale, ez daonen bale» abestuz, ‘Salda badago’ zetorren eta segituan osatu da kalejira BECen. Publkikoak une hauek bikain baliatzen ditu, Euskal Herriak hain berezia duen elkartze hauek egiteko. Izan ere ondoko zein den begiratu ere egin gabe denak elkar hartzen gaituzte kalejirek eta hori gauza ederra da. ‘Miruenea’ diskoaren birari etxean, Leidorren, emango diote bukaera Maitane Iruiñek eta Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebek urte bukaeran atseden hartu aurretik.
Doctor Deseoren klasikoa da ‘La chica del Batzoki’ eta Betagarrik bere egin zuen gerora, bada, gaurkoan, Francis Diez eta Iñaki Ortiz de Villalbak elkarrekin abestu behar zuten kantua. Bazirudien bilbotarra bakarrik izango zela abesten, ia osorik Diezek abestu duelako, baina azken itzulian gasteiztarra batu zaio, ahotsaren bere kolore bereizgarria gehituz.
Zea Maysek ere ez du hutsik egiten Ura Bere Bideaneko emanaldietan eta iaz ‘Elektrizitatea 25’ kantuarekin magia sortu bazen, aurten ‘Kukutza III’-k efektu bera lortu du. Ereserki bat gure gaztetxeen aldarrikapena egiteko, eta publikoak ere hala abestu du, batez ere emakumeek dena esate aldera, Piti eta Aiorarekin batera. Zati rapeaturako Igotz Mendez ‘Hofe’ izan dute ondoan Errekaldekoek. Irudietan Kukutzaren irudia jarri dute, neoizko argiz jantzita, beste memoria ariketa bat, gogorra izan baitzen 2011ko irailaren 21 hartan bizi izandakoa, nahiz eta gaur konfetiekin festa girora eraman unea.
Etena azken txanparen aurretik
Publikoa probokatzeko pantailak erabili dituzte gaurkoan atseden unean jendea bero mantenduz eta, hiru minutuko etenaren ostean, Jokin Pinatxo ‘Janus Lester’ igo da berriz ere oholtzara, ‘Popera’ bere kanturik berriena abesteko. Orkestrarako konponketa berezkoa duen arren, Orkestrak ez du jo abesti honetan, kantuaren oinarriaren gainean abestu du Janus Lesterrek. Pena, ziur asko moldaketa egiteko denbora nahikorik ez zuen izango Velazquezek ezta ikasteko denbora nahikorik ere orkestrak. Dena dela, publikoa zoratu egin du Janusek bere ahotsarekin egin dituen jolasekin eta bigarren mailan geratu da instrumentazioarena.
Joselu Anaiak berriz ere oholtzara igo dira gero, ‘Marina’ klasikoa jotzeko, publikoa dantzan eta kantari, BEC erromeria plaza erraldoi bilakatuta. Pentsa, Bilbao Koral Elkarteko kideak ere dantzan jarri direla beren txokoan. Bigarren bat ere eskaini dute, Iñigo Etxezarretarekin batera, Gasteizko Txosnetarako egindako ‘GTX’ kantua, Duplakoek sortua. Noski, haiek ere ez dute hutsik egin oholtzan eta festa giroa jarri dute, publikoa ere berotuz. Gogotik abestu eta salto egin dute bertaratuek.
Berotasun hori mantenduz Xabi Solano igo da oholtzara, Argentinatik iritsi berritan, triki eta guzti, ‘Egina’ kantua jotzeko, Etzakiten klasikoa, itzuli diren urtean. Orkestran Igor Telletxea zen bateria-jotzen, eta hori ere nabarmen geratu da, Triki Ta Ke taldean egindako urteak nabarmendu baizaizkio Berako musikariari.
Triki-poparen eztandarekin jarraituz berriz ere Alaitz eta Maider igo dira agertokira, lehen eskaini gabe utzi duten ‘Txanpon baten truke’ abesteko. Publikoak ederki pasa du abestiarekin, kalejira ederra osatu da berriz ere Bizkaia Arenako pistan. Eta, pastelari ginga jartzeko, Maruxak trabestien ikuskizuna, emanaldian parte hartu duten musikari askok lagunduta. ‘Compostelako erromesa‘-ren beren bertsioarekin eta Obradoiroa atzean zutela amaiera ezinhobea eman diote gaurko ikuskizunari, aldarrikapenez josita, «Palestina askatu» oihuak ere bai, nola ez.
Beste urtebetez, barrua beteta goaz etxera Ura Bere Bideanen eskutik. Bejondeiela parte hartu duten guztiei.

Ikuskizun bikaina beste behin ere Ura Bere Bideanen eskutik

Exkixu eszenatokietara bueltatuko da, 2027ko apirilean, Gatibu eta Ken Zazpiko musikarien eskuz

Igor Arzuaga musikari laudioarra hil da

«Never Mind the Bollocks», una irreverencia que cambió la historia


















