En direct
«Maitasun istorio polit bat bizi izana eskertu nahi diogu jendeari»
Aitzindariak izan ziren Peio eta Pantxoa errepresio betean euskara oholtza gainera eramaten eta euren jardunari merezi duen tamainako agurra emateko igoko dira 2027ko urtarrilean BECeko oholtzara, zale eta bidaide dituztenekin ‘Azken dantza’ partekatzera.

Abenduaren 16an 30 urtez Bilboko euskal kulturaren aterpe izan den Kafe Antzokian aurkeztu zuten Pantxoa eta Peiok ‘Azken Dantza’. 2011an igo zen azkenekoz bikotea oholtza gainera elkarrekin, ezusteko agurra izan zen ordukoa, eta orain, 2027ko urtarrilean, benetako agurra ospatuko dute. Ostegunean jarri zituzten salgai urtarrilaren 10erako sarrerak salgai. Ordu gutxitan saldu ostean, bigarren data iragarri dute: urtarrilaren 9a. BEC bitan betetzeko erronkari eutsi diote.
Ordu gutxitan amaitu zenituzten lehen datarako sarrerak. Pozik al zaudete jasotako harrerarekin?
PANTXOA CARRERE: Bai, oso oso pozik. Harrituta eta hunkituta, hinkitua. Ez genuen holakorik espero nahiz eta gure managerra esan aise beteko genuela eta bigarren bat ere beharbada itxiko genuela. Beraz oso pozik.
PEIO OSPITAL: Oso emozionatuak gaude. Ez genuen hainbesterakoa espero Nik uste nuen eguberritarako edo salduko zirela baina oso azkar izan da. Horrek zerbait esan nahiko du. Agian jendea zerbaiten zain zegoela... pentsatzekoa ematen du.
Ostiral honetan iragarri duzue bigarrena. Txiki geratu zaizue BEC?
P.C.: Harritua nago, BEC ezagutuz eta jakinda zenbat jende sartzen den hor. Jendeak aspaldi ez gaituela ikusi eta aprobetxatu nahiko du eta azken datza hori ikusi.
1969an hasi zinetela lehen kantuak argitaratzen, 2009ra arte, eta 2011an igo zineten oholtzara azkenekoz. Faltan sumatzen zenuten publikoaren berotasuna?
P.C.: Benetan, bai. Nik publikoa faltan atzematen dut beti. Eta horregatik atera nituen bakarkako bi disko eta ibili naiz lau musikarekin kantatzen. Nik publikoa behar dut nire, bizitzaren parte bat da.
«Duplarekin Herri Urratsen izan ginen eta Pello Reparazekin Mitoaroan. Eta jendea gero eta gehiago hasi zen galdetzen ia noiz itzuliko ginen. Uste dut bultzada bat izan zirela agerpen horiek»
P.O.: Bikote ibilbidea utzi genuenean ez zen inkontzienteki izan, gauzak adostu gabe egin genuen. Hain zuzen, abenduak 18, 14 urte bete dira Itsasun, nire herrian, ikastolaren alde eman genuela azken kontzertua. Eta hortik aurrera bakoitzak egin du bere ibilbidea, bakoitza bere errepertorioarekin. Nik gauza pertsonalagoak edo intimoagoak kantatu nahi izan ditut eta hala moldatu naiz ni ere nire aldetik Baina bai, nik uste jendeak nahi zuela bikotean berritzultzea. Esker oneko kontzertua izango da niretzat nagusiki. Nik jendeari eskertu nahi diot hainbeste urteetan zehar maitasun istorio bat berarekin bizi izana. Hori da batez ere nire xedea edo ikusmodea.
Eta zergatik orain ‘Azken Dantza’ hau?
P.O.: Ez da azalpenik behar, orain zen garaia beharbada, ez dakit. Duplarekin Herri Urratsen izan ginen eta Pello Reparazekin Mitoaroan. Eta jendea gero eta gehiago hasi zen galdetzen ia noiz itzuliko ginen. Uste dut bultzada bat izan zirela agerpen horiek. Oraingo emanaldiekin gozatzeko nahia dut. Ia 60 urtez ibili gara eskuin eta ezker, Iparraldean herriz herri, Gipuzkoan, Bizkaian Nafarroan eta Araban besteetan baina gutxiago baina baita ere. Jende eta militante ainitz gurutzatu ditugu. 60 urtez gurutzatu ditugun horiek denak omendu nahi ditut. Adibidez, gogoan izan nahi ditut, laborantza ganbaran lan egiten duten nekazariak; eta goraipatu nahi dut Mixel Berhokoirigoin, gaixoa hila baita. Edo Enbatako sorrerako garaia. Nik horiek denak gogoan izan nahi ditut. Eta nola ez, bere bizia kartzelan pasa dutenak, gero heriotzaz pagatu dutenak ere. Horiekin bat egin eta herri honek ez duela etsitzen eta aitzina egingo duela erakutsi nahi dut. Gu gelditurik ere, gu hori izanen gara beti gazteen ondoan laguntzeko eta herri hau aurrera eramateko.
Errepresio frankistari aurre egiteko kantua izan zen zuen arma. Zeren kontra egiten du orain borroka euskal kantuak?
P.C.: Gure errepertorioko hainbat kantu lotuta geratu dira. Urtez urte eta kantaldiz kantaldi historia bat joan da iruten eta horrek eztanda egin du. Kontzertu hauek iragan horri berrirakurketa ferekatzaile bat ematea bezala dira: hau bizi izan dugu uete haietan, goazen ba ospatzera elkarrekin eta, noski, gaiak eta arazoak berdintsu jarraitzen dute, euskararen egoera hemen Iparraldean, etxebizitzarena... agian gaurko kantariek beste molde batean ere tratatzen dituzte gai horiek, baina hor dago belaunaldien arteko denbora, eta horren ere badu bere eragina.
«Orain ere mundu nahasi batean bizi gara. Gure garaian ez ziren aipatzen emakumeen eskubideen aldeko borrokak. Hor bada gazteri bat kristoren lana egiten duena, eta hori eskertzekoa eta aipatzekoa da»
Egia da laguntza handia jasotzen ari zaretela belaunaldi berrien partetik kontzertu hauetarako.
P.O.: Oso hunkigarria da. Dupla, Peio Reparaz... beste momentu batean Fermin Muruguruzak ere adierazi zidan horrelako zerbait. Hunkigarria da belaunaldi berriek diguten errespetua eta atxikimendua. Egia da ordura arte erreprimitua zegoen hizkuntza batean oholtza batera igotzen lehenak gu izan ginela, eta hori pauso handia izan zen. Mixel Labegueriek ireki zuen bidea tematika eta estetika berria ekarriz, eta gu bide horretatik sartu ginen, Ez Dok Amairukoak eta besteak.
P.C.: Frankismo betean hasi ginen, baina orain ere mundu nahasi batean bizi gara. Eskuin muturra ari da azkartzen mundu guztian eta, beraz, badugu oraindik zer egiteko eta esateko. Gure garaian ez ziren aipatzen emakumeen eskubideen aldeko borrokak, gu ere inkonzienteki matxistak izango ginen, eta hori ere bada borroka bat egungoa, eta baita aldaketa klimatikoa ere. Hor bada gazteri bat eta mungimendu bat kristoren lana egiten duena, eta hori eskertzekoa eta aipatzekoa da.
Zer moduz moldatzen ari zarete garai teknologiko hauetan kontzertu bat antolatzen?
P.O.: (Barreak) Hau guretzat neurriz kanpoko lana da! Olatu abtek harrapatu eta eramaten zaitu eta ez duzu pentsatzeko denborarik eramaten, eta orduan, eraman zaitzan utzi behar diozu.
Ikusentzunezko pieza eder batekin iragarri zenuten ‘Azken dantza’, lagun askoren ondoan: Olaia Inziarte, Martxelo Otamendi, Aiora Zulaika, Joxemari Agirretxe... Haiek ere izango dira ‘Azken dantza’ horretan?
P.C.: Badakit etorriko direla, hori segur. Sarrionandia ere etorri behar zen baina gripearekin zegoen egun hartan. Eta etorriko dira beste asko ere, festa ederra izanen da. Baikorrak behar dugu izan, festa izango da.
Dantza egiteko tartea izango dela orduan, ezta?
P.O.: Orain hasiko gara prestakuntza laneetan, hau guztia jakinarazi eta gero. Urtebete daukagu eta denbora luzea da, baina hau guztia bideratzen eta gauzatzen hasiko gara.
P.C.: Laster pasako da denbora.

«Agur esan barik» baina badoaz betirako Gatibu taldekoak

40 Minutu Rock eta Aske jaialdiek bonu eskaintza berezia egin dute

2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute Pantxoak eta Peiok ‘Azken dantza’

Pantxoa eta Peioren ‘Azken dantza’-rako sarrerak agortu egin dira


