En direct

NAIZ

DAM palestinarrak, Imarhan aljeriarrak eta Merina Gris, 30. EHZko lehen izenen artean

Euskal Herria Zuzenean festibala bete-betean sartu da bere 30. urteurrenean. Helmuga ekainaren 26a izango du, jaialdia egun horretan abiatuko baita, eta dagoeneko lehen izenak eman dituzte: nazioartetik, DAM eta Imarhan eta, Euskal Herritik, Merina Gris, Bele eta Silitia. 

Arberatze Zilhekoan ospatuko da ekainaren 26tik 28ra EHZ jaialdiaren 30. edizioa, ‘Geroaren lehen notak’ lelopean. Astelehen honetan lehen taldeen eta ikusgarrien berri eman dute. Hiru eguneko sarrerak salgai jarri dituzte berriz ehz.eus webgunean, 43 euroan (hiru eguneko bonuak) eta apirilaren 1era arte. Hortik aurrera, 53 eurora igoko dira.

DAM da, seguruenik, Palestinan hip-hop egiten duen lehen taldea, baita arabieraz rapeatzen duten lehen artistetakoak ere. Hirukotearen izenak arabieraz eta hebraieraz «odola» esan nahi du, baina «Da Arabic MCs»-en akronimoa ere bada. Behin baino gehiagotan izan dira Euskal herrian, Fermin Muguruzarekin edo 40 Minutu Rock jaialdian, kasu. 

Imarhan Aljeriako tuareg musika taldea da, 2006an Tamanrasseten sortutako desertuko rock seikotea, eta taldearen izenak «elkar maite dutenak, elkar hartzen dutenak eta zintzoak direnak» esan nahi du. 

Euskal Herritik Merina Gris, Lide Hernandoren Bele proiektua eta Silitia bikoa entzungai izango dira Arberatzeko zelaietan. 

Ohi bezala, egun osoan zehar, askotariko arte diziplinetako programazioa izango da Arberatzen. Cordcore eta Olaya Sound Systemen kontzertuak, Bilakaren Dirau eta Maitane Sarralderen ‘Madre selva’ dantza ikuskizunak eta Gaizka Chamizoren ‘Heroiaren mina’ antzezlana dira EHZko antolatzaileek iragarri dituzten lehen hitzorduak. 

Haurren txokoak ere programazio propioa izango du, eta duela urte batzuk egin zen bezala, zenbait ikuskizunen aterpe izango den zirku karpa bat ere ezarriko dute. 

Jaialdian eskainiko diren elikagaiei dagokionez, bada berritasunik. Elikadura burujabetzaren ildoan sakonduz, Ipar Euskal Herriko laborari eta garagardo egileek sorturiko Herriko Garagarnoa salduko da bertan.

Jadanik entzungai daude EHZko laguntzaileek jaialdiaren ibilbideari buruz sorturiko ‘Uhinen ildoan’ podcastaren lehen bi atalak jaialdiren webgunean, audio plataformetan zein Arrosaren webetan. 

Bestalde, azken urteko ildo beretik, gazteen arteko erlazioak sustatzeko tailerrak emango dituzten Usurbilen, bertako Udalarekin eta Arrobitxulo proiektuko kideekin elkarlanean.