En direct

NAIZ

‘Hamaika borroka aurretik’ lemapean ospatuko da 40 Minutu Rock

40 Minutu Rock musika eta elkartasun jaialdia garai berrietara begira jarri eta ‘Hamaika borroka aurretik’ lemapean ospatuko du edizio berria, 2027ko otsailaren 20an Durangon. Sua, Des-Kontrol, Arkada Social, Raimundo el Canastero, Maskak, Janus Lester eta beste hainbat talde iragarri dituzte.

Hamargarren edizio borobila ospatu du aurten 40 Minutu Rock jaialdiak.
Hamargarren edizio borobila ospatu du aurten 40 Minutu Rock jaialdiak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Iragana ahaztu gabe baina begiak etorkizunean finkatuta, datozen urteetan euskal gizateak biziko dituen «garai berriei» begira jarriko da 40 Minutu Rock musika eta elkartasun jaialdia bere XI. edizioan. Hala, 2027ko otsailaren 20an Durangoko Landakon egingo den jaialdiaren lema ‘Hamaika borroka aurretik’ izango da eta dagoeneko aurreratu dituzte bertan parte hartuko duten zenbait talderen izenak.

Batetik, Borla, Sua, Des-kontrol, Arkada Social, Sofokaos, Raimundo el Canastero, Tremenda Jauria, Maskak, McOnak, Maruxak, Indabe, Ezta Ilen eta Janus Lester ariko dira oholtza nagusietan. «Ozen eta, urtero bezala, musika eskaintza zabal batekin oihukatuko ditu Landako Guneak aldarriak», jarri dute balioan antolakuntzatik eta nabarmendu dute, aurrez iragarri bezala, Des-Kontrol eta Arkada Social taldeen azken kontzertuak izango direla Durangokoak. Zentzu horretan, antolakuntzak eskerrak helarazi nahi izan dizkie 40 Minutu Rock aukeratzeagatik beren zaleei azken agurra emateko.

Bestetik, aurten ere Plateruena zabalik egongo da jaialdia hartzeko eta bertan ariko dira Pantx Records, Edu Zardoya, Ke Lepo, Eromena, Pelma&Luis, NjO, Juan Tatorri B2B Alai eta Ziztada & Rlantz.

Etorkizunari begira iragana ahaztu gabe

Jaialdiak aurten ospatu duen edizio borobilaren errepasoa egin eta aurrera begirako erronkei ere erreparatu die: «2026an hamargarren edizio arrakatatsua ospatu ondoren, 40 Minutu Rock aurrera begira jarri da, iragana ahaztu barik betiere. 2027ko otsailaren 20an, Euskal Herriak Durangoko Landako Gunea beteko du, beste behin, euskal preso, iheslari eta deportatuei elkartasuna adierazteko, eta beraien herriratzea eskatzeko aldarri ozenarekin», ziurtatu dute.

Alde horretik, baina, azpimarra iraganaren garrantzian jarri nahi izan dute: «Hamaikagarren edizio honetan, ekitaldiak ez du ahaztu nahi, etorkizuna iraganeko ikaspenetatik eraiki nahi duen herri bat eraikitzeko bidean aktiboki lanean diharduela». Euskal gizarteak «epe laburrean fronte berriak» izango dituela nabarmendu dute, «Europan eta mundu osoan bezala, bizi duen polarizazioaren baitan».

«Euskal gizarteak preso, iheslari eta deportatuen etxeratze, eta aske dauden kideen bergizarteratze prozesuei behin betiko itxiera eman nahi die, behingoz zigor gehiegizko horiek bertan behera uzteko. Ezinbesteko pausoa baita inkomunikatuta, gizartetik urruti egon diren pertsonek etxeratze duina izatea, baldintza duinez eta oinarrizko eskubideek lagunduta. Harrera lana inoiz baino beharrekoa da garai hauetan», adierazi dute.

Zentzu horretan, borroka horren bidean borroka berriak ere ireki direla ekarri dute gogora, besteren artean faxismoaren gorakada, matxismoaren zapalkuntza edota gizartearen pobretzea nabarmenduz, eta beraz, ondorio garbia atera dute: «Fronte ugari daude borrokatzeke». Ideia horri tiraka erabaki da 40 Minutu Rock-en aurtengo lema ‘Hamaika borroka aurretik’ izatea, «iraganetik itxi gabeko zauriei etorkizuneko lubakiak batuko zaizkielako».

Azkenik, gogorra ekarri dute jaialdiaren XI. ediziorako sarrerak jada salgai daudela online https://labur.eus/40MinutuRock2027 webgunean. Horrez gain, azaroaren 16an sarrera fisikoak ere eskuragarri jarriko dira Euskal Herriko puntu desberdinetan. 25 euroan erosi ahal izango dira sarrerak aurretiaz, eta 30 euroan jaialdiaren gunean bertan txarteldegian erosiz gero (sarrerarik geratzekotan).