Zuzenean

Urteurrenak bereziak izaten dira denontzat eta hori modu kolektiboan ospatzen denean are bereziagoa da. Zer esanik ez, ospatzen den hori auzolanean eta herri ekimenetik abiatutako zerbait denean, eta hori da Euskal Herria Zuzenean festibalaren 30. urteurrena festa erraldoia izateko osagai nagusiena. Prestaketa aste zinez gogorra igaro dute Arberatze-Zilhekoako lurretan lanean jardun duten hainbat eta hainbat boluntariok, gaurtik aurrera Euskal Herriko zein kanpoko txokoetatik Nafarroia Behereko herrira gerturatuko garenon gozamenerako dena atontzen.
Beroak ez du tregoarik eman Amikuze inguruan, baina uda sasoiko lehen jaialdia izateak hori ere badu eta gaueko orduetan dantzan aritzeko eskertuko dira tenperatura goxoak ezbairik gabe. Ura, eguzkitako krema eta txanoak prest, beraz, datozen hiru egunetako programazioaz gozatzeko.
Programa zabala egunez egun
Aski jakina da EHZk denetariko eskaintza izaten duela jaialdiak irauten duen hiru egunetan. Aurten, ostiralarekin, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako musikaz beteko dira batez ere pentzeko bi oholtzak. Arratsaldeko azken orduetan, plazan, Siwanaba DJaren emanaldia izango da lehendabizi, musika ‘dekoloniala’ eskainiz. Atzetik, berriz, Xistor of a down taldekoen txanda izango da, elektrizitate dosi batekin. Baina, esanda moduan, pentzean izango da gaualdia eta bertan Xak, Ixabe eta Niko Etxart eta Hapa Hapa taldeak izango dira lehendabizikoen artean. Hiru proposamen zinez desberdin hiru lurraldetatik iritsiko direnak. Nazioarteko proposamenak ere izango dira ohikoa denez eta horien artean daude Ketekalles kataluniarrak, L’entoorloop frantziarrak eta TekMao bretainiarrak. Hiruek ere doinu elektroniko eta organikoak nahasten dituzte, kultura desberdinetako musikak uztartuz. Gaua bukatze aldera, berriz, Ztah lapurtarren metal basatiaz gozatzeko aukera izango da.
Larunbatean goizean goizetik hasiko dira martxan plazako ekitaldiak. Berdinki zirkus, bertso musikatuen emanaldia eta txaranga izango dira bazkalaurretik eta musika protagonista ondoren, besteak beste, Bilaka, Bide Bakarra edota 2 Zaldi eta Gaizka Chamizoren emanaldiekin. Lehenago abiatuko dira pentzeko larunbateko emanaldiak, Jonkass eta Beleren ikuskizun goiztiarrekin gerriak astintzeko. Rock doinuak landuko dituzte Dena eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeek eta rap eta hip-hopa etorriko da atzetik RTZ Kolektibo baionarraren eta DAM palestinarren eskutik. Anestesia eta Merina Grisek potentzia emango diote gauerdi inguruari eta, hortik aurrera, nazioarteko proiektuen txanda izango da Matah, Yard eta Bonnie Spaceyrekin; dub, electro-punk eta technoa.
Igande berezia
Diana bailitzan goizek 10:00etan zigante eta gaiteroek alaituko dute Arberatze-Zilhekoako plaza azken egunean. Ekitaldiak hartuko du plaza, berezia izango den unea ezbairik gabe, 30 urte betetzen direla kontuan izanda, mimo handiz landu dutelako momentua. Aire ahizpak, Ødei, Irantzu Idoate, Maryse Urruty, Haira Aizpurua, Porrotx eta Dom Campistron izango dira parte hartuko dutenen artean. Denetariko artistak, beraz, EHZren urteurrena omentzeko ordubete inguruz. Galdu ezin den hitzordua, beraz.
Arratsaldean aurrera segiko du musikak ordea, eta, besteak beste, Marabiyak soundekin festa giroa ziurtatuta izango da plaza inguruan lehendabizi eta pentzean ondoren. Etzakit taldea izango da aurten trikiti doinuak eramango dituen taldea, urte hasieran Oialume biltokian emandako ikuskizunen ostean, ziur goiak eta beheak astinduko dituztela. Imarhan, Skabidean, Pambele, Silitia eta Snapped Ankles taldeekin itxiko da aurtengo EHZ. Beti bezala, kartel anitza eta musikazaleentzat zinez interesgarria hiru egunetarako osatu dutena.
Dena ez da musika
Musikaz harago doan festibala izaki, hiru egunez hitzaldi sorta luzea ere aurkeztu dute EHZko kideek gogoetarako tartea zabalatzeko. Hala, ostiralean, gune ubelean, erasoen kontrako protokoloaren aurkezpena egingo dute. Ezinbestekoa jaialdi segurua izan dadin.
Larunbatean, berriz, hainbeste kezka sortzen duen adimen artifizialaren inguruko mahaingurua izango da, teknologia berriak eta euskara ardatz hartuta, Muitze Zulaika Gallastegi eta Leire Lison Nicuesa ikerlarien eskutik. EHZk aurten liburu bat ere plazaratuko du, ‘Auzolanaren lurretan, 30 urtez zuzenean’ eta hura aurkezten izango da Aitor Servier. Horren inguruan, gainera, argazki erakusketa bat ere izango da hiru egunez. Naizen elkartekoek transexualitateari buruz, Antton Rouget kazetariak eskuin muturraren estrategia komunikatiboen inguruan, Mijo Lizarzaburuk loditasun politikoaz, DAM taldekoek Palestinaz, rapaz eta askatasunaz edota Maialen Lujanbiok ‘r’aren inguruan ere izango dute zer eskaini.
Igandean, bukatzeko, Oinherrikoek eta Porrotxek eskubide kulturalen inguruan, pestiziden inguruko mahainguru bat, Xumar Altzugaraik eta Urtzi Urkizuk pantailetan euskararen presentziaz, edota Laurent Perpigna argazki-kazetariak amerikar inperialismoaz arituko dira.
Esanda bezala, ez dira egunero betetzen 30 urte eta tamainako ospakizuna izango du Arberatze-Zilhekoan Euskal Herria Zuzenean festibalak. Kanpalekuan giro ederra izango da urtero legez eta bertako produktuez gozatzeko parada ere izango dute bertaratzen diren guztiek. Beste jaialdi eredu batekin ere aurrera egin daiteke, hori argi erakutsi dute, eta izan daitezela beste hainbeste urte, elkar hartuta eta auzolanean.

‘Gartxot’: kalez kale euskal kantuak ederragotu dituen abeslariari agurra sareetan

Dolly Parton, la reina del country, murió tras una «breve batalla contra el cáncer»

«Sabemos que no encajamos en vertientes mayoritarias»

Musika elektronikoaren hiriburu bihurtu da Donostia Dantz jaialdiarekin




