MUSIKA

This browser does not support the video element.

Hatortxu Rocken azken oihuan, oholtza bete elkartasun NAIZ Gunean

Uztailaren 24tik 27ra, Lakuntzan ospatuko den azken Hatortxu Rock jaialdian, NAIZek eta antolakuntzak berriro batu dituzte indarrak, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarria oihartzun betean mantentzeko.

NAIZeko zuzendari Ane Urkiri eta Hatortxu Rockeko antolakuntzako kide Oihan Ekiza, Lakuntzan, NAIZ Gunearen aurkezpenean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioa egingo da aurten, uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan. Elkartasunaren, kulturaren eta borroka kolektiboaren topagune izan den jaialdiak agur esango du, baina ez isilean: oihu kolektibo bat izango da azken edizio hau, eta NAIZek, ia hasieratik bezala, oraingoan ere jaialdiarekin bat egin du, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarria gizartearen bihotzean bizirik mantentzeko konpromisoan.

Horretarako sinatutako hitzarmenak helburu argia du: aldarriaren ikusgarritasuna eta garrantzia zabaltzea, kultura eta komunikazioa tresna aktibo gisa baliatuta, bertan egotearen zentzua badelako mundura mezu argi bat helaraztea: elkartasuna bizirik dago, eta oholtza gaineko doinuen artean borroka kolektiboaren bihotzak taupadaka jarraitzen du. Informazio guztia NAIZeko webgune berezian jasoko da.

NAIZ Gunea egongo da Lakuntzan, 2017ko eta 2022ko edizioan ikusi zenaren harira, eta aurten inoizko eskaintzarik zabalena izango du: espazio atsegin eta eroso bat, atseden hartzeko txokoa, terraza, gosariak, taberna eta bestelako zerbitzuekin (mugikor kargagailuak...). Baina, batez ere, pentsatzeko, entzuteko eta elkarrekin egoteko gunea izango da.

Egitaraua kultur eskaintza anitz eta indartsu baten isla izango da. Besteak beste:

- Iñaki Soto GARAko zuzendariaren gidaritzapean, presoen egoerari buruzko mahai-ingurua: Mikel Mundiñano (Sare), Aduna Mendizabal (Harrera) eta Onintza Ostolaza abokatua partaide.

- Andoni Ollokiegik kontzertu berezia eskainiko du, espetxearen inguruko piezak bere errepertorioarekin uztartuz.

- Ane Martija bakarlaria (hilaren 25ean) eta Anuk eta Elene (hilaren 26an) bikotearen kontzertuak.

- Albina Stardust eta Divina Comediaren eskutik, bingo trabesti musikatua.

- Iker Gurrutxagak Hatortxuko artistekin elkarrizketa musikatuak egingo ditu, zuzenean, NAIZ Irratian ere entzungai.

- NAIZ Irratiak ‘Kosta ala Kosta’ udako azken saioa NAIZgunetik bertatik emitituko du.

- Eta ‘Miseriak’ (La Ruina estiloko kontakizun saioa) publikoaren aurrean egingo da, estreinakoz jaialdian.

Jaialdiaren egitarau nagusia ere osatua da jada. Porrotx, Amaiur, Ene Kantak, Muga Zero, Moisés no duerme, Crim, Gorka Urbizu, Inadaptats, Koma, Lendakaris Muertos eta Green Valley izan dira iragarritako azken taldeak. Maiatzean iragarritako 87 izenekin batera, honako hauek ere arituko dira eszenatokietan: ZETAK, Soziedad Alkoholika, Ana Tijoux, Gatibu, Ibil Bedi, Su Ta Gar, Bulego, Betagarri, Buitraker, La Jodedera, Gozategi eta beste asko.

Itzulerak ere protagonismo berezia izango dute azken edizioan. Besteak beste, agertokira itzuliko dira: Afu, Autobus Magikoa, Latzen, Alaitz eta Maider (Burutekin batera), Never Surrender, Skatu eta Amaiur. Azken honek 2004an ekin zion bere bideari, eta 500 kontzertu ingururen ostean utzi zuen oholtza 2011n. Orain, Hatortxun esango dio agur publikoari, elkartasunaren zentzua berreskuratuz.

Herriko eszenatokian haur guneak, azoka eta bestelako ikuskizunak ere izango dira, eta horien inguruko xehetasunak datozen egunetan emango dira ezagutzera.

Sarrerak jada salgai daude www.hatortxurock.eus atarian. Lau eguneko bonoak 120 euroko prezioa du, eta egun bakarreko sarrerak ere eskuragarri daude jada.

Hatortxu Rockeko antolakuntza azken txanpan murgilduta dago. Oholtzak prest daude, aldarria hauspotzeko eta komunitatea berriz ere elkartasunean bat egiteko. Eta NAIZ, azken oihu horretan ere, bertan izango da.