Zuzenean

Ez da erreza izaten hainbeste maite duzun horri agur esatea, nahiz eta oraingoan motiboa pozgarria den ezbairik gabe. Dispertsioaren amaierarekin batera Hatortxuk agur esateko erabakia hartu zuen, baina edizio borobila prestatu dute horretarako. Gaur hasi da guztia, Lakuntzara bidean jarri gara milaka euskal herritar eta giro ederra nabari zen bertara gerturatu bezain pronto.
Bideak argi markatzen zuen nora joan behar genuen eta behin lekura iritsita, 17:00etarako fin-fin zegoen jendea Lakuntzako plazan. Kanpaiek oinak bertara bideratzen zizkiguten, jostari haiek jotzen ari zirenak ere, musikariak bailiran erritmo eta doinu desberdinetara entzuten zirelako Lakuntzako elizako ezkilak. Egun handietan baino ez da gertatzen hori, eta gaurkoa hala zen.
Dantzari txiki, heldu eta nagusiagoak izan dira ekitaldiari hasiera eman dietenak 17:06ean. Plaza goraino beteta, erraldoiak eta buruhandiak ere bertan hasiera noiz iritsiko. Agintariarena dantzatu dute lehendabizi, Ikurriñak zentralitatea hartu duen unean. Inguruan baziren bestelako bandera eta ikurrak ere, Palestinakoa, Gure Esku Dagorena eta, nola ez, Etxera jartzen zuena ere bai, gaurkoan ere ez baiginen denok. Une solemnea aldarrikapen eta elkartasun jaialdiari hasiera emateko.
Herri harrotasuna
Oihane Uribeetxebarria Garmendia Lakuntzako alkateak hartu du hitza segidan. Lakuntzako udal talde, udal eta herriaren izenean Hatortxu Rocken 30. eta azken edizoa herrian hartzea «ohore bat dela» esan du hunkituta alkateak. Antolatzaile eta txandalariak goraipatu ditu bere hitzartzearen lehen zatian, «bizi dugun mundu alrebes batean elkar hartuta nahi dena lortu ahal izateko halako ekimen gutxi izango dira munduan», gaineratu du Uribeetxeberriak. Lakuntzak hirugarrenez hartu du Hatortxu Rock eta eskerrak eman dizkie lakuntzarrei ere, «ohore hau aurrera eramateko, oso erreza da lakuntzarren babesarekin lan egitea», esan du alkateak erabat hunkituta. Bukatzeko azken mezu parea ere luzatu du: «Oraindik lan asko dago preso eta iheslarien alde egiteko eta jarrai dezagun lanean. Herria zaindu, jendea zaindu eta zuen buruak ere, ondo pasa eta gora Hatortxu!». Eguzkiak ere ez du galdu nahi izan unea, zeruko hodeitza zulatzeko gai izan delarik. Txalo zaparrada erraldoiak lagunduta agurtu da alkatea eta udal taldea oholtzatik.
Oihan Ekizak hartu du hitza gero Hatortxuko antolakuntzaren izenean Lakuntzako herriari eta herritarrei eskerrak emanaz: «Eskerrak harreragatik, erraztasunengatik, babesagatik… «Antolakuntza, en to Lakuntza!». Barniz taldeak jaialdiari eskaini dion abestiari ere keinua egin dio hasierari umore pixka bat jarriz. «Azken aste hauek izan dira Hatortxuren ibilbidearen isla. Zenbat ordu, zenbat lan eta, batez ere, zenbat lagun! Zenbat eta zenbat lagunek jantzi duzuen, jantzi dugun, peto hau. Bakoitza bere aletxoa jarriz, Hatortxu egin eta kartzelarainoko kilometroak desegiteko», gehitu du segidan Ekizak.
«Dispertsioa iraganeko kontua da eta orain ospatzeko unea da, nahiz eta ez den erabatekoa ospakizun hau. Konpromiso argia dugu: Hatortxuk igandean agur esango du eta guk astelehenean lanean segiko dugu», argi eta garbi utzi du bidea ez dela Lakuntzan bukatzen Oihan Ekiza antolakuntzako kideak.
Gune segurua
Jaialdi seguruaren aldeko apustua betidanik izan da Hatortxurena, baina aurten bereziki azpimarra egin nahi izan dute lehen unetik. «Ez erasotu eta ez bazara gai alde egin jaia hasi aurretik», esan du Ekizak. «Guztientzako espazio libre eta segurua izan behar du Hatortxuk. Honela, disfrutatzeko eta herri honen memorian geratuko den jaialdi bat geratuko den jaialdi bat egitera gonbidatzen ditugu bertaratutako guztiak. Bakoitzak eman diezaiola Hatortxuri eman nahi dion agurra».
Barnizekoak, petoa soinean, ‘Txandalari’ abestera igo dira atzetik oholtzara. Auzolanerako deia egin dute gisa horretara antolatzaileek. Izan ere, «7.000 lagun baino gehiagok eginen dute posible lau egun hauetako agur festa. Ereserki bilakatu den abestiak dioen moduan, «peto batekin eutsi udari!»». Horrela amaitu du hitzartzea eta Lakuntzako plaza dantzan jarri da. Hori bai, hasiera zela nabaritu da eta jendea oraindik ere neurriz aritu da dantzan, dantzariek utzitako espazioa betetzea kosta zaie. Euskaldunen izaera beste behin argi geratu da.
Kontzertuak hasita, jendea iristen
Ibil Bedi izan da eguneko lehen taldea ‘Herriye!’ gunean, baina ordu berean Beriain gunean ari ziren Tapia eta Leturia eta Les Testarudes taldeak ere. Bigarrenak entzuten genituen modu bikainean NAIZ Gunetik. Doinu dantzagarri eta gozoak lehen orduetarako. Hiru estilo hiru oholtzatan eta, hori, entzuten duenarentzat ere bada zerbait gozagarria, halako aniztasuna lortzea ere sekulakoa delako hain herri txikian.
Reincidentes sevillarrek nostalgikoenak batu ditu oholtza parean atzetik eta Naxker taldeak, berriz, gazteenak, freskotasuna erabatekoa baita talde honek eskaintzen duena. Leihotikan eta Talco taldeekin rock indartsu eta azkarra eta ska musikaren arteko kontrastea egon da, bakoitzak nahi zuena aukera zezan.
Bitartean, Maskak taldearekin elkarrizketa akustikoa izan dugu NAIZ Gunean. Battitt Etchart, Betti Albor eta Patxi Cazenave taldekideak hurbildu dira NAIZ Irratiko mikrofono aurrera. ‘Adikzio’ kantua eskaini digute zuzenean, baina, horrez gainera, orain arte izaten ari diren arrakastaz, ‘Buruz buru’ diskoa egiten ari den bideaz eta etorkizuneko asmoez ere aritu gara haiekin hizketan. Primizia moduan, urtea bukatzerako disko berria kaleratzeko asmoa dutela aurreratu digute Hatortxu Rocken edizio honetako abestia sortu dutenek. Elkarlanean sortu ere, eta sortze prozesu horren inguruan ere pozik hitz egin dute goiko aldean entzun dezakezuen elkarrizketa akustikoan.
Gauaren iritsiera eta izarrak zeruan eta oholtzan
Gaua sartzen ari zela ere antzerako zerbait sumatu dugu giroan. Poza, alegia. Herriko gunean lasaiagoa zen Olaia Inziarteren proposamena zuten bertaratuek, egurra nahi zutenentzat Soziedad Alkoholikaren abiadura eta potentzia, azkenekoz Hatortxun izan zirenean bezala errukirik ez arabarrek. Baina gaueko uneko politenetako bat eta berezia erabat, Alaitz eta Maider berriz ere oholtzan ikusteko aukera izan dugula gaurkoan. Burutik taldekoek musikari lanak egin dituzte eta betirako gogoratuko dugun une horietako bat oparitu digute bertaratuoi.
‘Hablame en crisitiano’ kantuarekin hasi dute emanaldia eta ‘Ispilu aurrean’ etorri da segidan, eromena lehen kantutik hasita eta «Aupa Zaldibia eta Lazkao» egin du Alaitzek oihu. Hasierako akordeetan Burutik taldekoei eskerrak ere eman dizkiete, emanaldia osatzeko bidean egin duten lanagatik. ‘Amets bat’ etorri da gero, jendeak biziki oihukatu duen abestia. Bi abeslariak mikroak baino ez zituztela abestu dute, bandaren laguntzarekin. Irribarrea ahotik ezabatu ere egin gabe egon dira emanaldiaren lehen unetik azkeneraino Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegi oiartzuarrak.
Jendez lepo zegoen Beriain guneko karpa. Maiderrek antolakuntzari eskerrak eman eta ez daudenak gogoan izan ostean, «gozatu momentu txiki handi guztiak» esan die bertaratuei. ‘Txanpon baten truke’rekin lehertu da erabat festa, jendea berriz ere hasi eta buka denak abeslari. Lau kantuak jo eta eskerrak eman ostean utzi dute oholtza, jendeak beste bat eskatzen zuen arren ez da halakorik egon. Laburra bezain ederra izan da bikotearen itzulera, ea orain sortu duten irrikak bide gehiago egiten duen.
Bestelako giroa zegoen ‘Etxera’ oholtzaren azpiko aldean, Soziedad Alkoholikaren metala, abiadura eta potentzia handikoa. Circle pitak eta pogoak zenbat nahi beste ziren bertan, kontraste handia aurreko kontzertuaren eta honen artean. Juan Aceña abeslariak arnasa eman dio emanaldiari une batez ahoko soinua hartu eta ‘Kalera kalera’ zati batez jo duenean. Ez du askorik iraun atsedenak ordea, ‘Ratas’ klasikoa etorri baita gero.
Pradales lehendakaria burura etorri zaiola aipatu du beranduxeago ‘Su puta cara’ jo aurretik eta ‘Piedra contra tijera’ ere ez da faltatu. Irudi bitxia zegoen Beriain gunean, jendea joan etorrian eta afaltzen atzeko aldean eta besteak dena ematen teknikarien gunetik aurrera. Gaua sartzen joan den heinean argi espektakulua ere irabazten joan da, piroteknia eta guzti eduki duen ikuskizunean. «El último Hatortxu, quién nos lo iba a decir… Ahora solo falta que todos pa' casa para estar completicos. Cuánto sufrimos e? El sufrimiento es lo único garantizado en la vida. Ni un paso atrás» esan eta ‘Pauso bat’ ereserkia etorri da. Bukatzeko Salomé abeslariaren ‘Vivo cantando’-ren medley umoretsua baliatu dute eta «Gora gu ta gutarrak» esanaz agurtu dute emanaldia.
Minutu bat pasa da Yan Tiersenen musikak Zea Maysen txanda zetorrela iragarri digunean. Palestinako eta Etxerako banderak baterian jarrita zituztela eta farolak ziruditen sei led argi berezi ziren gaurko oholtza gaineko bereizgarri, baita Aioraren ile horia ere, kolorez aldatuta baitzuen gaurkoan.
Gainerakoan, betiko sendotasunez ekin dio Errekaldeko taldeak emanaldiari. Giro lasaiagoa, atseginagoa edo familiarragoa sortu da kolpera ‘Hator Hator’ oholtzaren bueltan. Kortaturen ‘Hay algo aquí que va mal’ kantuaren bertsioarekin abiadura sartu diote emanaldiari, eta hori atsedenik gabe jo dituztela lehen hiru abestiak.
Une horretan gitarra aldatu Pitik eta aurrera segi dute, ‘Elektrizitatea’-ren unea etorri da. Aiora Pitiren ondora joan da eta oholtzan espazio zabala utzi du. Beriain gunea erabat abesten zegoen ordurako, emakume ahotsak batez ere entzuten zirenak. Oholtzan ere emakumeak agertu dira orduan, petodun eta langileak gehienak, elkar hartu eta gogotik abestu dute kantua. Une berezia 25 urteurreneko bertsioa plazaratu zenetik batean eta bestean eskaintzen dutena Zea Maysekoek. «Nire itsasora itzuli naiz…» abesten hasi da orduan, ‘Kemena’ kantuaren txanda etorri da. Biharko ere kemena izateko erretiratzeko ordua iritsi zaigu.
The Lio, Skatu, Juantxo Skalari y La Rude Band Skalariaken momentuarekin, Dupla, Maskak, Lendakaris Muertos, Barniz… eta Maruxak. A zer nolako gaua duten aurretik gerturatu ziren milaka eta milaka ikusleek.
Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, jendea iritsi eta iritsi ari zen kanpalekura, motxila, orga, denda eta abar luzearekin. Hori baitu Hatortxu Rockek, jaialdiaz harago bestelako eskaintza bat. Musikak ordu txikiak arte jarraituko duen arren, biharko biharamuna eta goizetik bertan biziko den giroa eta elkartasuna izango da askok eta askok etxera eramango duena. Lehen eguna gaindituta, ea zer dakarten hurrengoek.

Hatortxu Rocken azken oihuan, oholtza bete elkartasun NAIZ Gunean
«Abbey Roaden grabatzea bizitzak emandako opari bat izan da»
«Biolentziak baditu forma ezberdinak, baita izen abizenak ere»
