MUSIKA

Nostalgiaren indarra presente Hatortxu Rocken

Divina Comedia eta Albina Stardustek gidatutako bingo musikatuarekin hasi da bigarren eguneko egitaraua NAIZ gunean. Andoni Ollokiegi ere bertan izan da, baina eguneko protagonista nagusiak beste batzuk izan dira. Lepo bete da Beriain gunea Sukena, Koma, Bulego, Zetak edota Latzen taldeei jarraika.

Sukena talde oñatiarra izan da bigarren egunaren hasierako protagonistetako bat. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lehen eguna gaindituta, aje aurpegi askorik ez zen ikusten Hatortxu Rockeko guneetan. Itxuraz, atsedenerako tartea ere hartu dute batzuk eta besteek bigarren egunari ere aurre egiteko. Kosta ala kosta saioarekin abiatu dugu goiztiarrentzat programazioa NAIZ unean, baina bazkalordutik aurrera hasi da benetako mugimendua.

Beriain gunean soinu frogak egiten ari ziren ordurako eta sekulako irrika sortzen ari zitzaigun han bueltaka ginenoi, Latzenen doinuak entzutean sekulako zirrara sortzen baitzitzaigun. ena dela, 15:00etan bagenuen zertaz gozatu, NAIZ unean bingo musikatua etorri baita Albina Stardust eta Divina Comediaren eskutik. Kartoiak eskutan zituztela gunea goraino bete dute karpara bertaratuek. Une dibertigarria ezbairik gabe.

Atzetik, Andoni Ollokiegiren emanaldia izan da publikoaren gozagarri. llokiegik presoen gaia lantzen duten kantuekin osatu du kontzertua hasi eta buka. Une ederrak utzi ditu pasaitarrak. Tarte horretan ‘Kriston martxa dabil’ kamisetak eta NAIZenak banatu eta banatu ibili gara, preziatuak baitira kamisetak. Batzuk kamisetak probatu eta bingoan jolasten zuten aldi berean, une bitxi bezain dibertigarria. Ane Martijaren emanaldiarekin bukatu da NAIZ guneko egitaraua, bakarlariak emanaldi polita eskaini du bestelako giro bat nahi zutenentzat karparen goxotasunean.

Kartel potenteak jendetza erakarri du Lakuntzara

Xutik taldearen emanaldia izan da Lakuntzako plazan lehena. Festa giroari eta dantzari eman diete bide lapurtarrek. Atzetik Izaki Gardenak taldearen txanda etorri da, azken orduan egitaraura batu dira gasteiztarrak eta giro goxoa nagusitu da Herriye! gunean.

Beriain gunean, berriz, kontrasteetarako tartea izan dugu bezepran bezalaxe. Sukena talde oñatiarra karpan ari zen bitartean, Koma talde nafarra Hator Hator oholtzako lehena izan da.

Sukena oñatiarrek Hatortxun izatea plazera dela baina urduri ere bazirela aitortu dute beren emanaldiaren lehen instanteetan. Hiru emakumeak oholtzako lehen lerroan jarrita eta Herraez ahizpak albo banatan zirela eskaini dute saioa. Pop eta rockaren arteko muga horretan dabiltza, gitarra distortsionatu indartsuak, baina elementu akustikoekin eta kantaera oso melodikoarekin oreka lortzen du Sukena taldeak. Publikoarekin interakzioa lortu dute Goseren ‘XXX’ kantuaren bertsioarekin, karpan zirenak makurrarazi eta salto eginaz jarri nahi izan dituzte, baina lehena soilik lortu dute. Beroketa lanak egiteak hori du maiz.

Beren lehen singlearekin kateatu dute aurrekoa, ‘Jakin nahi nuke’ kantuarekin. Askok eta askok abestu dute Sukenakoekin batera. Espazio seguruen aldarrikapena etorri da gero: «Espazioak seguru izatea norberaren ardura da eta ondo pentsatu behar da zer egiten dugun», esan du Eider Herraezek. Hatortxu bukatzeak pena ematen diela esan du Nahiak, poza ere bai bertan egotearren, «baina bidea bukatzearen seinale» dela gaineratu du, boluntarioen lana txalotuz.

Bulego eta Potato etorri dira gero. Azkoitiarrek presoen eskubideen aldeko jaialdietan hasieratik konpromisoa erakutsi dute, izan Hatortxun edota Zama Doinuz Arindu jaialdietan. Bien azken ekitaldietan ere ezin zuten hutsik egin.

Sukenaren emanaldia bukatu orduko gaztetxoenek abaila hartu eta Etxera oholtzarako bidea hartu dute, baita familiek ere, Bulegoren emanaldiaz gozatu asmoz. Komaren azken akorde eta agurrak entzun ostean, halako intro elektroniko dantzagarri bat etorri da. Polo zuria, bakero ilunak eta zapata beltzak jantzita igo dira hiru musikariak eta azken tokian Tomas Lizarazu taldeko abeslaria, bira honetan hain ezagunak egin diren galtza gorriak jantzita; ‘Zurekin’ izan da eskaini duten lehen abestia. Geratu gabe bigarrena etorri da segidan, ‘Egin dezagun dantza’. Dantzan neurtuta ari zen oraindik ere jendea Sukenarekin gertatu moduan, hori bai, adin tarte oso zabala zegoen oholtzaren bueltan eta guztiak abesten. Sortu zuten lehen abestiarekin segi dute aurrera, ‘Hegan’ aski ezagunarekin.

Ruben Lizarralde ‘Sanpras’ gitarra-jotzailea publikoa berotzeko ahaleginetan ikusi dugu hasieratik oholtzaren alde batetik bestera, geroz eta beteago zegoen Beriain gunea lehertu nahi zuten, giroa horretarako baitzegoen. Segidan jo duten ‘Suzko erroberak’ kantuak beste esanahi bat izango zuen Hatortxu hasi zen garaian, bukaera den honetan bestelakoa da mezua ordea. «Hemen zaudete ala ez?» galdegin du Lizarazuk; «Etxetik egin zen Hatortxun hasi genuen guk bertako bidea, 2022an Atarrabian izan ginen eta gaur hemen gure aletxoa jarriz gabiltza jaialdi zentzudun honi. Sakabanaketa pairatu dutenei eta haien senitartekoei eskaini nahi diegu kontzertua. Hiltzeko jaio zen Hatortxuri bukaera ederra emateko prest?», galdera publikoari eta denak oihu batekin erantzun diote azkoitiarrari.

Bigarren blokeari hasiera eman diete ‘Pizten ari da’ kantuarekin eta ‘Zuen alboan’ etorri da gero. Kantuen arteko zubi lanak asko landu dituzte bira honetan eta nabari da pausoz pauso sendotasun gehiago eskuratzen ari direla azkoitiarrak. Lizarazuk oholtza utzi eta ‘Aldatu aurretik’ diskoan duten halako pasarte errezitatu instrumentala eskaini dute taldekideek, berriz ere abeslaria bueltatu eta ‘Biok’ abestu du oholtza erabat betez eta publikoarekin konektatzea lortuz, denek besoak zerura elkarrekin igo baitituzte. Soinean zeraman alkondaran jartzen zuen abestiaren esaldi azpimarragarriena «Nire argia zu zara», publikoari bizkarra emanaz erakutsi duena. Abidurari eutsi diete ‘Datorrena datorrela’ abestiarekin atzetik Laboaren samplerra sartzeko, ‘Txoriak txori’-ren zatitxo bat eta pasarte instrumentalarekin jarraitu dute Lizarazuk alkondara kendu eta sinteari heldu dionean.

Hirugarren bloke bati hasiera eman dietela esan daiteke segidan, ‘Entera daitezela’ abestiarekin, «beti zutik beti aurrera, nortasuna ta jarrera», Palestinari elkartasun mezua jaurtitzeko baliatu du unea Bulegok, ‘Gora Palestina askea!’ oihuarekin bukatuz. Sinteak protagonista eta dantzarako joera ere handitzen. Jendea abesten jarri du hainbestetan egin duen ‘Freddie Mercury’ momentuarekin, ‘Ardi beltzak’ kantuaren atarian, eguzkiak ere gogotik argitu du unea.

Lehenengoz isiltasuna oholtzan. Euskararen aldeko mezua zabaldu du, «gure altxorra zaintzeko» deia eginaz. Euskaraldirako egindako kantua etorri da orduan, azken txanpako lehena. Bigarrena bide horretan ‘Kantu bat’ izan da, ereserkia askorentzat nabarmen geratu denez, urratu arte abestu baitute bertaratuek. «Elkartasun jaialdi bat egitea posible dela erakutsi du Hatortxuk 2025ean, mila esker honen parte izaten uzteagatik», hori esan eta azkena etorri da, ‘Bueltan da’, publikoarekin nahastu eta jendartean abesten bukatu du Lizarazuk. Publikoa aho zapore gozoarekin utzi dute Bulegotarrek.

Nostalgiaren indarra

Latzen taldearen emanaldia zen akaso nostalgikoenentzat platera nagusia gaur, baina Kaotikoren saioak ere bazuen horretatik. ogeita bost urte bete dituzteneko bira osatzen dabil Aguraingo taldea eta bide horretan guztian sortutako ereserkiak gogotik abestu dituzte Hatortxu Rockera bertaratu direnek. Gauza da, ordu berean, itzulera bat ari zela gertatzen karpan, utobus Magikoa talde oiartzuarra lehenengoz ikusteko aukera eduki du askok eta horrek halako zirrara berezi bat sortu die, batez ere gaztetxoenei.

Afaltzeko baliatu dugun tartearen ostean Kaotiko entzunaz itzuli gara Beriain gunera, ‘Barrio de laton’ ereserkia abestera. «Alde hemendik!» oihukatu dute aguraindarrek, eta hauek ere, Sukenakoek bezala, Etxera eta Palestinako banderak oholtzan zituzten, ondoan Latzenen oholtza ere prest, bi kufija zabal zabal eginda. Banda Basottiren bertsioa entzun dugu segidan, garaian Kaos Etilikorekin egina, ‘Su falso mundo’. Publikoa pozik zen, baita ‘Se fue’ kantuaren unean ere eta zer esanik ez atzetik ‘No somos nada’ jo dutenean, omenaldia La Polla Records herritarrei. Azkena jo aurretik, momentua boluntarioei eskeini diete: «Que esta sea una noche más, que sepais que tenemos puntos morados donde denunciar cualquier gilipollez, porque no es no!». ‘Otra noche’ abestiarekin etorri da agurra.

Baina itzuleren artean bat itxaroten ari bazen publikoa, hori Latzen taldearena zen. Bazkalordutik sortutako irrika asetzeko tenorea iritsi denean. ‘Kontzientzia ala infernua?’ diskoko izen bera daraman introa sarrerarako, taldekideak oholtzara igo dira eta ‘Bat gehiago’ joaz hasi dute, diskoan bezalaxe. Intsumisioa aldarrikatzen zuen abesti antimilitarista da, gogoratu 1996an oraindik ere derrigorra zela hemengo indar okupatzaileen zerbitzura joatea.

Aitor Uriarteren hatzek herdoilik ez dutela erakutsi dute lehen kolpean eta ahotsa ere beti bezain indartsu erakutsi du emanaldi guztian. Joxe Mari Azpitarte baxuan sendo eta koroetan ere bikain, eta Gorka Lazkano garaiko tempo altua mantenduz, forman. Taldekide berria, Yerko Ortiz gitarra-jotzailea ere neurrian. Familia bat genuen emanaldiaren hasieran inguruan, elkar hartuta. Gurasoak gazte garaia gogoratuz eta alaba transmisioan jasotako Latzenen lehen kontzertuarekin gozatuz, irudi ederra inondik ere. ‘Ardi larruz’ diskoko ‘Aukera baten bila’ kantuak eman dio segida, gitarra soloan oso etxeko marka uzten duen kantua, baina ez hain trasheroa edota ez hainbeste abiadurarekin.

Berriz ere abiadurak gora egin du disko bereko ‘Mila esker’ abestiarekin. «17 urte eta gero bueltatu gara, non hobeto Hatortxun baino?», esan du Uriartek ‘Ardi larruz’ jo atarian, Gibson Explorer zuri mitikoa lepotik zintzilikatu duenean. ‘Mezua hil aurretik’ etorri da atzetik eta sekulako egurra atera du taldeak. «Ideia berdin askok ez du esan nahi arrazoi, entzun nire mezua ez utzi horrela hiltzen… ez isildu!» esaten zuen kantuak, eta ez, denak etxean izan bitartean ez gara isilduko.

Zezenketen aurka egindako ereserkiak ere ez du hutsik egin, ‘Torturaren artea’, gaurkotasunik galdu ez duen abestia. ‘Metal erasoa’ joz diskoan bezala etorri dira bi hauek ere. Teknikoki bikain, baxu solotik abiadura muturrekoraino, dinamika ederrak dituen abestia da, eta, bukaeran, Joxe Mari Azpitarteren izena altuan oihukatu du publikoak.

‘Indarra’ abesti instrumentalean pogoa sortu da oholtzaren azpiko aldean, sekulako indarra transmititu du taldeak. Gitarren arteko elkarrizketa bikaina entzun ahal izan dugu uneren batean. ‘Ihes-a ihes’ kantuaren amorrazioaren ostean, ‘Heriotzari deika’ maketa aipatu du Uriartek, baina ‘Laztana’ eskaini digute; une hunkigarria baladarena.

‘Hellmuga’ diskoko ‘Lurra odolean’ abestiarekin berriz ere metal pisutsura pasa gara eta gaueko ustekabeetako batek eman dio segida. Kolpera Kortaturen ‘Zu atrapatu arte’ jo dute, Fermin Muguruza haiekin oholtzan dela esanaz nahiz eta fisikoki bertan ez izan (Japonian dabiltza biran Fermin Mugurza eta enparauak). Haurretik aipatu duten maketatik ‘Gu ez gara’ kantutzarra eskaini dute gaurkoan, gehienek lehenengoz entzungo zutena zuzenean. Beste gitarrizketa ederra duen abestia. «Inguruko gaitzaz kutsatuak gara, gure nortasuna berreskura dezagun!» egiten du aldarri kantuak. Egin diezaiogun kasu!

‘Ze ingo xu?’ ereserkia izan da azkena, publikoak a cappela abesteko tartea izan duena. Ileak puntan genituela agurtu du emanaldia talde oñatiarrak. Ez dugu uste azkena izango denik. Indar handiko emanaldia izan den arren, hunkidurak hartzen zigun barnea eta hori kanporatzen genuen garaian Latzen taldeaz gozatzeko aukerarik izan ez genuenok. Beno, baita garaian gazteago zirenek ere. Amorrua kanporatzeko ere baliatu du askok, sasoi hartan egoera ere bestelakoa baitzen Euskal Herriko gazteriarentzat.

Gau iluna noiz amaituko da?

Deskontrol eta Arkada Social taldeekin jarraitu du askorentzat amorruaren deskargak, eta karpa beteta zen, baina ZETAKen emanaldiaren bueltan pilatu da jendetza izugarria. ‘Zoriontasuna’ kantua jotzerakoan zera esan du Reparazek: «azkeneko denboratan asko ari gara jotzen abesti hau, zinikoa iruditzen zaigu ia-ia. Ongi pasa baina izan beti Palestina gogoan». Haien ‘Errepidean’ kantuak «Beriain, zaindu Sakana» esaten du eta zaindari bikaina izaten ari da Hatortxu Rocken azken edizioan. Baita Aralarko Dama ere, kontestu honen bueltan oso desberdin entzuten ziren gaurko kantuak. ‘MITOAROA’ Nafarroa Arenan izan zen, baina nahiko genuke presoen afera bera ere mitoa itzango balitz. Etxean nahi ditugu.

Su Ta Gar taldearen txanda etorri da gauerdiaren atarian. Eibarko taldearen emanaldia bazen beste puntu goren horietakoa gaurkoan. ‘Alarma’ diskoaren bueltan uste genuen kontzertua hastera zihoala alarma entzun denean. Baina ez, eraso bat izan dela jakinarazi dute alarma jo ostean. Aski da.

‘Jo ta ke’ edota ‘David eta Goliath’ kantutzarrek publikoaren beroa jaso dute bueltan. «Senideak malko artean besarkadak maitasunaren gainetik. Gau iluna amaitu da iritsi da amnistiaren eguna», hori dio ‘Gau iluna amaitu da’ abestiak. Gaur argitu da apurtu bat gaua, Hatortxuren amaierak hori ere iragartzen du. Baina oraindik falta zaigu, eta ez gutxi, zerua oskarbi egon dadin.

Gaua asko luzatuko da gaurkoan ere, Fillas de Cassandra galiziarrak, Brigade Loco, Kaleko Urdangak, Ødei, Añube, Xiberoots edota La Txama taldeen emanaldiek ederra izango dela aurreikusarazten dute. Hirugarren egunean ea bigarrenean bezain besteko umore ona eta alaitasuna izaten ditugun eta ea ez dugun eraso gehiagoren berri eman behar. Hau, gutxika, bukaerara iristen ari baita.