MUSIKA
Interview
Izaro Aldasoro eta Bitxor Iñarritu
Ezk Fest jaialdiko antolatzaileak

«Giro ederrean joan zaizkigu orain arteko hiru edizioak; horrela izaten jarrai dezala!»

Larunbat honetan, azaroaren 8an, izango da EZK FEST jaialdiaren laugarren edizioa. Ezkerraldea eraldatzeko bidean, musikatik eragin nahi dute antolatzaileek jai-egun dotorea antolatuz. NAIZ hasieratik izan da ekimena babesten eta aurten ere horrela izango da. Antolatzaileekin izan gara.

Bitxor Iñarritu eta Izaro Aldasoro EZK FEST jaialdiko antolatzaileekin izan gara jaialdiaren bezperatan. (EZK FEST)

Urteak aurrera doaz eta erronkak ere aldatzen joango dira. Zein helburu jarri dituzue edizio honi begira? Eta epe ertainera?

Izaro Aldasoro: Proiektuari hainbat helburu ezarri dizkiogu hasiera-hasieratik. Alde batetik, jaialdiak Ezkerraldean musikaren bueltan antolatzen den aisialdiari bere aletxoa jarri nahi dio. Beste alde batetik, euskarak eta euskal kulturak bultzada behar dute gure eskualdean, eta EZK Festek beste plaza bat eskaini nahi die. Horrez gain, autogestioan eta auzolanean oinarritzen da ekimena, eta irabaziak hurrengo edizioak babesteko erabiltzen ditugu. Gutxi-asko, helburu horiek bete ditugu aurreko edizioetan, eta gure asmoa da egindako horri jarraipena ematea, orain arteko maila txukunari eustea, alegia.

Bitxor Iñarritu: Apaltasunez, baina anbizioz, begiratzen diogu etorkizun hurbilari. Proiektua eskualdean sustraitzea eta haztea da antolakuntzan aritzen garenon helburua, eta ilusio horrekin ekiten diogu eguneroko lanari.

Portugaleten izango zarete bigarrenez, baina eremu desberdin batean. Non izango da aurtengo edizioa?

B.I.: Ezkerraldea lau herrik osatzen dute, eta jaialdia herri guztietan antolatzea izan da beti gure asmoa, herri guztiek jaialdiaz bertatik bertara gozatzeko eta proiektuan parte hartzeko aukera izan dezaten. Portugalete, Sestao eta Barakaldoko bizilagunek goxo hartu gaituzte, plazera izan da bertan aritzea. Zoritxarrez, oraindik ez dugu Santurtzin jaialdia antolatzerik izan; pena handia da, santurtziarrek, beste herrietako ezkerraldetarrek bezala, jaialdiari babes izugarria eman diotelako lehenengo ediziotik bertatik. Ea laster lortzen dugun!

I.A.: Lehenengo edizioa Portugaleten antolatu genuen, 2022an, eta emaitza bikaina izan zen. Oraingo honetan ere bertan egitea erabaki dugu, Rivas futbol-zelaiaren atzeko aldean, duela hiru urte bezainbeste gozatuko dugulakoan.

Giro sanoa da nahi duzuena. Arazorik izan duzue? Ba al duzue protokolorik?

I.A: Giro ederrean joan zaizkigu orain arteko hiru edizioak; horrela izaten jarrai dezala!

Hala ere, zoritxarrez, badakigu gure jaiguneak oraindik ez direla seguruak guztiontzat. Horregatik, jaialdiak protokolo feminista dauka eta Puntu Morea egongo da jaigunean. Antolakuntzako kide guztiek protokoloaren berri dute, eta eraso matxistarik badago, prest egongo dira berehala esku hartzeko.

B.I.: Horrez gain, segurtasunean arituko dira hainbat arduradun eta boluntario. Haiek ere ohiko segurtasun planaren jakitun egongo dira, jakina.

Aurtengo kartela osatzeko zeintzuk dira irizpideak? Noiztik zabiltzate lanean?

B.I.: Hainbat irizpide ezartzen dizkiogu kartelaren diseinuari. Alde batetik, euskaraz aritzen diren taldeak nahi ditugu oholtzan. Beste alde batetik, emakumez osatutako taldeak gurean izatea da gure lehentasunetako bat. Horrez gain, Ezkerraldeko artistak ere izaten dira kartelean. Jaialdia antolatzen hasi ginenetik ezarri genizkion irizpide horiek geure buruari, eta gutxi-asko, orain arte betetzea lortu dugu.

I.A.: Gaur egun, musika jaialdien zirkuituan dabiltzanek badakite oso goiz hasi behar dela datak bilatzen eta oholtzan arituko diren taldeekin hitz egiten. Aurreko edizioetan, jaialdia amaitu, balorazio bilera egin eta berehala ekin diogu lanari. Aurtengoa ere ez da salbuespena izan; hilabeteetako jende askoren lana dago edizio bakoitzaren atzean.

Egunera goazen. Sarrerarik geratzen al da? Non eskura daitezke? NAIZeko harpidedunek zeintzuk abantaila dituzte?

B.I.: Bai, badaude sarrerak oraindik; Tickétic plataforman eta sareetan iragarritako hainbat salmenta tokitan eskura daitezke. Gainera, NAIZeko harpidedunek aukera berezia izan dute sarrerak lortzeko; izan ere, %40ko deskontuarekin erosteko aukera izan dute gaur arte.

Zer ordutan hasiko da jaia? Noiz bukatu? Zer topatuko dugu bertan?

I.A.: Jaialdiari Beranduegi erromeriak emango dio hasiera 16:00etan. Haien atzetik Tatta & Denso, La Txama, Kaotiko eta Tremenda Jauria taldeak arituko dira, hurrenez hurren. Ezkerraldeko DJ Jon Labandaren saioak itxiko du jaialdia 03:00etan.

Jaialdira bertaratzen direnek jaigunetik irteteko eta berriz sartzeko aukera izango dute nahi beste alditan. Barruan, kontzertuez gain, barra eta eskaintza zabala izango duen sukaldea topatuko dituzte.

Nola iritsi gaitezke bertara?

I.A.: Abatxoloko metro geltokitik jaigunera oinez 10 minutu besterik ez dago. Metroak zerbitzua izango du gau osoan zehar, beraz, hori da jaialdira garraio publikoan etortzeko aukerarik onena.

Nola babestu dezakegu ekimena? Ezin badugu bertaratu, nola lagundu dezakegu? Jaialdiaren materiala erosteko aukerarik bada?

B.I.: Lehen esan bezala, autogestioan eta auzolanean antolatzen dugu jaialdia, beraz, ekarpenik txikienak ere babes izugarria ematen dio jaialdiari: sarrera erosi, barran eta sukaldean arduraz kontsumitu, txandalari boluntarioa izan, arduraren bat hartu, muntaian lagundu, etab.

I.A.: Zorionez, asko dira haien aletxoa jarri dutenak EZK Festek aurrera egin dezan. Urtero-urtero hamarnaka ezkerraldetarren eta eskualdetik haragoko askoren laguntzari esker antolatu dugu jaialdia; hori da gure benetako altxorra.

Bertaratu ezin duenak ere babesa eman diezaioke proiektuari, jakina. Adibidez, jaialdiaren materiala (kamisetak, sudaderak eta bestelakoak) gure sareetara mezua idatziz eros daitezke, baita salmenta fisikoak iragartzen ditugunean ere.

Zer esango zeniokete joateko zalantzan dagoenari?

I.A.: EZK Festen jai-giro polita topatuko du bertaratzen denak, baina juerga soiletik harago doan zerbait eskaini nahi du jaialdiak. Euskaratik eta euskaraz, auzolanean eta autogestioan, Ezkerraldeaz eta musikaz gozatzeko aukera emango du egunak. Uste dugu horrek egiten duela proiektua berezi.