MUSIKA

Belaunaldiartekotasunaren irudia BIME azokaren baitan banatu diren Aupa! sarietan

Musikaren industriako arlo desberdinei banatzen zaizkien sariak dira Aupa! errekonozimenduak eta aurten bigarren edizioa izan dute. Amaia Romero iruindarrak eta Manuel Alejandro xereztarrak belaunaldiartekotasuna eszenifikatu dute ekitaldiaren bukaeran, batak bestearen abesti bat eskainita.

Amaia Romero pianoan eserita Manuel Alejandro musikariaren txaloak jasoz haren abesti bat eskaini ostean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bukatu da Euskalduna Jauregian 2025 honetako BIME azokak eman beharrekoa. Izen propio ugari utzi du aurtengo ekitaldiak eta azken egunean Ruben Blades musikari panamarrak hizketaldi interesgarria eskaini die bertaratuei. Azken eguna, ordea, lasaia izaten da, intentsitate handiko bi egun eta bi gauren ostean Aupa! sariekin irudikatzen da azokaren bukaera. Hori bai, oraindik ere Bilbon izango da zer ikusi eta zer entzun, zuzeneko emanaldiek edota KEXP irratiaren grabazio bereziek oraindik ere musikaz beteko baitituzte hainbat txoko.

Iaz martxan jarri ostean, bigarren edizioa izan dute BIME musika azokaren baitako Aupa! errekonozimenduek. Euskalduna Jauregiko hitzaldien areto nagusian azokan parte hartu duten erakunde, enpresa, sortzaile, eta abarrak elkartu dira sari banaketarako.

Marta Abellak hartu du hitza 12:35ean eta sorpresa asko izango direla aurreratu du. Sarrerako dirua dohaitzan emango dela aipatu du eta hori sarien izaeraren baitan dagoela adierazi. SIFU fundazio kataluniarrari bideratu zaio aurtengo sarreratik eskura den poltsa. Erakunde honek desgaitasuna dutenentzat musika tresnak sortzeko teknologia garatzen du eta horien artean dagoen gauzetako bat, ‘Eye art’ deituriko gailua da; ordenagailu bat, zeinak begien mugimenduarekin musika sortzen duen. Musikaren bidez desgaitasuna duten pertsonen integrazioa du xede SIFUk. Superarte deituriko musika taldearen eskutik bi abestiz gozatu dugu. Garun-paralisia duen pertsona bat eta ikusmen mugatua dituzten bi agertu dira oholtzan eta The Weeknd artistaren ‘Blinding lights’ eskaini dute lehen tokian EYEART gailuarekin, pianoarekin eta baxuarekin, abeslari baten laguntzaz.

Hamasei kategoria

Zuriñe Hidalgo gasteiztarra izan da galaren aurkezlea. «Mundu indibidualista honen baitan eta lehiaketa moduko batean bizi garen honetan, gogora ekarri nahi dugu elkar hartuta egiten dugula aurrera. Horregatik, itzalean lan egiten duen askok jasoko du gaur saria. Izeberg batzuk dira garaikur moduan emango direnak, banaka eginak eta denak desberdinak. Zergatik izeberga? Bada, ikusten dena punta delako, ur-azalean dagoena, baina azpian eta ezkutuan dagoen guztia ere badelako izebergaren parte eta horri eman nahi diogu balioa», aipatu du ostegun honetan aurkezle moduan aritu den musikariak.

Hamasei sari banatu dira orotara. Zuzeneko musika-espazioari saria izan da banatu den lehena eta La Lata De Bombillas aretoari eman diote. 1999an zabaldu zen aretoa da, 99 pertsona baino ez dira kabitzen bertan eta Zaragoza erdigunean dago. «Pixkanaka handitzen joan da eta rock eta indie eszenan tokitxoa egin du, artista handiei eta hasiberriei tokia eginaz», antolakuntzaren hitzetan. Javier Benito aretoko nagusietako bat izan da saria hartu duena.

BIME jardunaldietako AUPA! sarien familia argazkia.
BIME jardunaldietako AUPA! sarien familia argazkia.

 

Bigarren saria ekimen publikoari emandakoa izan da. Bartzelonako Udalari eman diote saria, ‘Consell de la nit’ deituriko ekimenagatik. «Gaua segurua eta anitza izateko asmoz jarri zuten martxan ekimena, gaueko bizitzan dagoen eskaintza kulturalari kalterik egin gabe bizilagunak entzunez, elkar hartu eta plan bat garatu dute. Izan espazio seguruak sortuz, garraio publikoa hobetuz edota antzerako ekimenak sustatuz, bizilagunen elkarte, talde feminista edota LGBTIQ+ kolektiboaren eskaerei erantzuteko», entzun dugu sarrera eman dion bideoan. Ekimen pribatuaren saria, berriz, Martin Codax bodega galiziarrari eman zaio.

‘Lurraldearen konpromisoa musikarekin’ izeneko saria El Bierzok jaso du. Uda garaian Leongo eskualdean hamasei jaialdi izaten dira, reggae, elektronika, jazz, zeltiar musika, ganbara-musika eta abar luze batekin, eta dena 100.000 biztanle pasatxoko eskualde batean dela hartu dute kontutan. Landa-eremua izanagatik ere, modu jasangarrian egiten dute lan eta horri balioa eman nahi izan diete Aupa sarietan. Saria jasotzean, El Bierzoko ordezkariak industriako kideei esan die «beraiek egiten duten bezala, egin daitezela ekimen gehiago landa-eremuetan».

Proiektu diskografikoari saria Rufus T. Firefly talde madrildarrari eman diote ‘Todas las cosas buenas’ lanagatik. Marti Perarnauk eman die saria Victor Cabezuelo eta Julia Martin-Maestro taldekideei eta hauxe esan dute saria eskuetan zutela: «Jaso dugun lehen saria da 20 urte hauetan eta bidea luzea izan da. Gure bulegoari, Emerge Managementi, zati bat eskaini nahi diogu eta, noski, gure familiei, gu babestearren».

Ekoizpenaren saria Zahara musikari eta artista andaluziarrarentzat izan da. Ekoizleek ez dute askotan saririk eskuratzen eta are gutxiago emakumeak direnean, «haiena ere badelako espazio hori» eman diote saria Zaharari. «Ilusioa egiten dit sari hau jasotzeak eta hori banekiela jaso behar nuela. Marti Perarnauri eman nahi dizkiot eskerrak, bere eskutik ikasi dudalako dakidana, baina baita behar izan dudanean albo batera egin delako ere, eta nire proiektuari heltzeko aukera eman didalako», esan du musikari espainiarrak. Beste emakume produktore batzuk aipatu ditu atzetik, bera bezala, isilean lanean aritzen direlako nahiz eta batzuk ezagunagoak izan: Amore, Christina Rosenvinge, Rosalia, Sandra Delaporte edota Jimena Amarillo izan dira aipatu dituenak.

Euskararen presentzia eta Palestinaren aldeko mezua

Bozgorailu saria etorri da atzetik, musikaren zabalkundean egindako lanagatik banatzen dutena, Mondo Sonoro aldizkaria izan da saria eskuratu duena. Urrian, 31 urteko bidea bete dute eta talentu berrien alde egiten duten apustua jarri dute fokuan Aupa! sariak banatzen dituztenek. Iker Barbarak, Zarata edizioko zuzendari eta NAIZ Irratiko kolaboratzaileak, jaso du saria bere lankideekin batera eta euskaraz hartu du hitza, ziurrenik BIME guztian euskaraz egin den hitzartze bakarra izanik: «Gure aldeko apustua egiten duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, ez zaretelako gutxi. Horrez gainera, paperezko edizioen aldeko aldarria ere egin nahi dut, geroz eta zailagoa delako horiei eustea. Eta, nola ez, Palestinar herriari babesa adieraztea ezinbestekoa da une honetan». Bi aldarrikapen ezinbesteko BIME bezalako plaza batean.

‘Fest’ aintzatespena etorri da beranduago eta hori Donostiako Jazzaldiari eman diote, «inguruan eta industrian sortu duen inpaktu positiboagatik»

 

‘Fest’ aintzatespena etorri da beranduago eta hori Donostiako Jazzaldiari eman diote, «inguruan eta industrian sortu duen inpaktu positiboagatik». Sei hamarkadako bidean izan diren aritsta ugari aipatu dituzte aurkezpen bideoan eta erreferentziazko espazio bihurtu dela nabarmendu. «Tradizioa eta berrikuntza elkar hartzen dituen jaialdi bezala» adibide azpimarragarria dela esan dute, «interes turistiko eta kulturaleko ikur bihurtu delarik». Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak hartu du hitza eta horrela esan du: «1966an Jazz jaialdi bat martxan jartzea zen konplikatua eta egun, osasun, ausardia eta inteligentzia berarekin jarraitzen du, edo saiatzen gara, Donostiako hiritarrei eta kanpotik datozen zaletuei kartel interesgarri bat eskaini asmoz. Baina esfortzu kolektiboa da hau antolatzea eta Esther Fernandino, Eva Coloma, Jose Ignacio Balda eta Patxi Larralde igo dira nirekinn oholtzara, Jazzaldiaren sail desberdinei beren lana aitortzeko».

Urteko proiektuari saria Som València ekimenari eman diote, iaz gertatutako GOIDIaren aurrean egin ziren kontzertu solidarioen antolakuntzari. «Iaz, denbora oso gutxian, 58 aretotan eta 32 hiritan, modu boluntarioan, sekulako lana egin zen eta 500.000 euro batu zituzten Horta Sud fundazioari eman eta haiek behar zutenei banatzeko. Elkartasunak sortzen duen indarra agirian utzi zuelako ematen diogu saria», esan dute antolatzaileek. Saria jaso dutenen artean zeuden Alvaro Olaetxea, Fermin Lorente edota Ibone Iza euskal ordezkariak ere.

Sorpresa eta hunkidura

Artistari saria Amaia Romero iruindarrari eman diote, aurten BBK Liven bertan behera geratu zen bere emanaldia baina Bilborekin eta BIME antolatzen duen Last Tour enpresarekin azken urtean hartu-eman berezia izan du ezbairik gabe. «Bidean kaleratu dituen hiru diskoak eta bestelako lanak nabarmendu beharrekoak dira. Espero zitekeen ‘boom’ horretatik ihes egin eta esperimentazioari ireki dion ateari garrantzia emanaz», aipatu dute saria eman atarian. Ana Romeu Primaver Labelseko ordezkaria izan da Amaiari saria eman diona eta saria jasota eskerrak eman ditu, eta zazpi urte hauetan oso errespetatua eta baloratua sentitu dela esan: «GTS, Universal eta Primavera Labelsi eskerrak eman nahi dizkiet. Disfrutatu ezazuela». Hori esan eta joan egin da oholtzatik.

Hala, ibilbideari saria emanaz bukatu da ekitaldia, Manuel Alejandro musikariari egin zaio omenaldi hori. Izan ere, 70 urtetik gorako bidean 600 abestitik gora utzi ditu grabatuta Jerezen sortutako musikariak eta Raphael, Marisol, Luis Miguel edota Julio Iglesiasek abestu izan dituzten kantuak idatzi ditu, ‘Soy rebelde’, ‘Como yo te amo’ edota ‘Yo soy aquel’ idatzi dituen musikaria da Alejandro. Hamasei urterekin besoa apurtu eta musika klasikotik popera pasa zen, gerora,  bere ibilbideari eskainitako Grammy Latinoa ere eskuratuz. Isabel Villanueva BIMEko zuzendariak eman dio saria Manuel Alejandrori eta honek piianoan kantu bat eskaini du, txalo zaparrada izugarri baten ostean. Abestia bukatu orduko, areto guztia zutik jarri da berriz ere obazioa eskaintzeko.

BIMEko momentu ikoniko horietako bat utzi dute hor, belaunaldien arteko lotura irudikatuz elkarren arteko besarkadarekin.

 

Baina azken sorpresa bat falta zen. Amaia Romero sartu da berriz ere eta ‘Como yo te amo’ abestu du Manuel Alejandroren begiradapean, pianoa jotzen zuen bitartean. BIMEko momentu ikoniko horietako bat utzi dute hor, belaunaldien arteko lotura irudikatuz elkarren arteko besarkadarekin. Saritu guztien familia argazki batekin bukatu da ekitaldia.

Azken koktelaz gozatzeko aukera izan dute bertaratuek eta azken hizketaldiak eduki eta zubiak eraikitzeko bideak zabaltzeko baliatzen zebilenik ere bazen. Minutu bakoitzak urrea balio baitu BIMEko espazioetan. Erabat atzerrira begira jarrita dagoen kongresua da egun BIME, Iberoamerikari begira egindakoa, baina euskaldunek ere zer ikasi baduguna eta, ahal bada, gure marka zabaltzeko baliatzekoa ere bai. Zer ikasteko asko, gero Must+Pro bezalako azoka lokalagoetan jasotakoa aplikatu eta gure artean lantzeko.