MUSIKA

Bukaera indartsua eman zaie Hatortxu Rockeko gauei

Hatortxu Rock izenarekin bataiatu zen gerora estilo aniztasun oso nabaria izan duen elkartasun jaialdia. Baina, gaurkoan, rocka izan da protagonista nagusiena. Egiari zor, Mirua, Bengo, Las Nynias del corro edota Sünek kolorea jarri diete arropa beltzezko munduari dezibelio eta distortsio eztandan.

Ukabilak gora Haimar Arejitak eta Beriain gunera bertaratuek Hatortxu Rockeko azken gauean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Elektrotxaranga bat entzun zitekeen urrunetik Beriain gunerako bidean, Dover taldearen ‘Let me out’ joz eta bukatzerako ‘Corazon de tango’ kantuaren Zea mays taldearen bertsioarekin hasi dira Elektropikala elektrotxarangakoak. Elektrotxarangen topaketa bat zen, irudi potentea eskaintzen zuten denak elkarren ondoan jarrita eta dantzan zegoen jendez inguratuta ikustean. Txandan-txandan aritu dira denak eta Skakeitan taldearen ‘Orekariak’ entzunaz joan gara Kantinara. Kafea hartu beharra zegoen azken txanparen aurretik.

Bi minutu aurreratu du hasiera ordua Dinamita Larragako punk taldeak Hator Hator oholtzan. Miruakoak urduri topatu ditugu kamerinoetan, baina gogotsu. Badakite jaialdi bat hastea zer den. A cappela hasi dute emanaldia hiru ahotsetara. Bonboak soinera eta ‘Mugaz gaindi’ saioari segida emateko. Mugak gainditu eta hesiak kendu behar ditugula argi dugu bai, eta hizkuntza berria izan dadila musikala, baina gureari eutsi diezaiogun.

Karpa jendez betetzen ari zen kontzertuak aurrera egin ahala. Arazo tekniko txiki bat izan dute kablerik gabeko sistemarekin eta etxeko salan bailiran hizketan hasi dira Zeberio nebarrebak bertaratuak ere hala sentiaraziz, etxean, Miruenean. ’Loreak Mendian’ eskaini dute gisa horretan kokatuta, publikoaren zati bat ere abesten nabaritu zitekeen haiek hasi orduko. «Ordutegi honetan jendea biharamunarekin egongo zela uste genuen baina zeinen pozgarria den ez dela horreka ikustea», esan du Malentxok.

‘Miruenea’ kontzeptuari buruz hitz egin dute, «gure sentitzen dugun hori zenbateraino da gurea?», galdera esistentziala luzatu du Maitane Iruiñek. EH Sukarraren ‘Aspaldiko loreak’ sampleatzen duen kantua entzutean, «zenbat pisatzen du bihotz batek?» galdera entzun ditugu abesten. Galde diezaiotela oraindik ere etxean falta dituztenei. Dembow zatia ere etorri da hor, sampler eta perkusioen lana goraipatzekoa den abestian.

Berriz ere eseri eta biolinak hartu dituzte Maitanek eta Malentxok. Abesteaz gainera, instrumentistak ere badira Mirua taldeko kideak eta ez nolanahikoak. Mattinek abestu du une horretan eta zortzikoaren txistu soinuekin altxa dira Maitane eta bera kantuak aurrera egin ahala, lehena abestera eta bigarrena perkusioa jotzera. Jendea erruz zen ordurako Beriain guneko karpan, aurpegietan nekea nabari zen arren.

Beren lehenengotako abestia etorri da atzetik, ‘Egunak uzten ez didanetan’, eta Malentxok eta Maitanek gitarrak soinean jo dute abestia, kasu honetan Malentxo zutik eta Maitane eta Mattin eserita. Eskerrak bideoko errealizazioari; pantailetatik ikusi dugu Mattin sinteak joz ari zela. Hor ere sekulako lana egiten du Hatortxu Rockeko ikus-entzuneko taldeak.

Jendeari aurreratzeko eskatu die Mattinek, teknikarien atzetik zirenei aurreko aldean tokia egiteko eskatuz. 2023ko ‘Goiz hiltzen dira ametsak’ kantu dantzagarria etorri da orduan, Malakiasek esku hartu zuen abestia; jendea saltoka, buruak eta gorputzak astinduz. Zapata aldaketa egitea egokitu zaion unean, Leturiak Kanadatik ekarri zituela kontatu du Mattinek eta hor hasi dira ‘Zazpiak bat’ joz, publikoarekin batera abestuz, batzuk porrusalda dantzatzen ari ziren bitartean. Une polita abesti honek sorrarazten duena.

Azken txanparen hasiera zen hori, erdi fusioko abesti bat, Mattinek gitarra hartuta beste tempo lasaiko bat eta Hatortxuko kantan parte hartzea oso berezia izan dela kontatu digute. ‘Bi t'erdi’ zuzenean entzun gabe geratu gara, ordea. Xanet Egiguren gonbidatu dute orduan oholtzara. Bertso bat abestu du Zeberioren kuadrillakoak Palestina, txandalariak, euskal presoak, Euskal Herriagatik bizitza eman dutenak eta astean zehar lanean egon ostean Hatortxura hurbildu direnei eskainia; «dena kontatuko diot nire ondorengoari» bukatu du bertsoa: oso garrantzitsua hau ere, historiaren zati hau hurrengo belaunaldiei transmititzea alegia.

‘Lau begi eder’ hasi orduko publikoa berriz ere abesten hasi da, dantzan ere bai eta txalo zaparrada itzela jaso dute amaieran. Aitor perkusionista aipatu dute eta arin-arina dantzatzera gonbidatuz, ‘Morroxko’ abesten hasi dira mundu guztia «aioiai»-ka jarriz. Goia jo dutela zirudien arren, kontzertua bukatzeko ‘Salda badago’ eskaini dute eta pozez lehertu da karpa. «Onddotan bezela, txarra den lekuan ona ere bada», hori lortzen du Hatortxuk, txarrenari onena ateratzea. Kalejira erraldoia sortuta eta denak elkar hartuta, festari hasiera itzela eman die Miruakoek.

Beharrezko oihu feminista

Ennio Morricone handiaren ‘Rabia e Tarantella’ kantua entzun zitekeen Etxera oholtzan karpatik irten orduko, eta «Non Servium Army» zion lona erraldoi bat ikusten zen oholtzan alderik alde jarrita. Eta armada bat zuten oholtza azpian, jendetza izugarria lehen orduak izateko. Jakina zen zaletu asko dituztela eta Euskal Herrira etortzen direnero biltzen duela fandome hori Mostolesko taldeak. Abiadura handiko punka eskaini dute, kaskamotzen mugimenduan maite dutena, eta ‘Bendita locura’ kantuarekin argi erakutsi dute hori hasieratik, ‘Civilizacion’ zapaltzaileen aurkako ereserkiarekin jarraituz.

Hala ere oholtzaz aldatu dugu. Las Ninyas Del Corro Sant Adria de Besoseko rapeatzaileak entzutera gerturatu gara. Hip-hopa bi emakume indartsuren eskutik, Felinna Vallejo eta Laüra Bonsai. ‘Jumanji’ abestiarekin ari ziren. «Si ya sonamos así sin vuestros medios imagina cuando los tengamos» esaten ari ziren abestian, emakumeek industrian paraitzen dutenari kritika zuzena eginaz. ‘Nasty girl’ kantuarekin egurra banatu eta sentsualitatea landu dituzte segidan, nahasketa interesgarria lortuz. Batak besteari Beyonce deitu dio eta Lia Kaliren alde oihu egiteko eskatu diete bertaratuei ‘Salsa salsa’ abesterakoan; «con salsa se lucha mejor» entzun dugu Kaliren ahotsean bozgorailuetatik, nahiz eta bera bertan egon ez.

Oihu feminista hau beharrezkoa zen gaurko kartelarekin, arnasgune itzela eskaini baitute gizonezkoen taldez jositako egun batean. «Bartzelonako periferiakoak gara, dirurik ez dutenen tokikoa, beraz, ez gara enpresarien eta dirudunen alabak. Zuen inguruan halako emakumeak badituzue, babestu itzazue», egin dute aldarri, berriz ere industriak emakumeei nola zigortzen dien salatzen duen ‘Sassy’ kantutzarra abestu aitzin. Jarrera eta jarrera, indarra eta egurra.

Karpatik irtetetan ‘Ellos dicen mierda’ kantua ere jarri dutela entzun dugu Non Serviumekoek kontzertu bukaeran. Gauean Banda Basottik jo duena, bide batez. La Polla Recordsi bigarren omenaldia 24 orduren buruan oholtza beretik.

Azken gaua

Betagarri ‘Bidea gara’ kantuarekin hasi da iluntzea astintzen. Kubako bandera eta 26 de julio mugimenduko banderak presente, internazionalismoa bai baita Betagarriren identitatearen parte. «Free free Palestine!» hasi da oihuka Iñaki Ortiz de Villalba abeslaria. Ordenagailua uztera joan gara orduan papererako lanak beteta.

‘Sweet Mary’ entzun zitekeen urrunera eta jendetza ere bai hura abesten. Ortiz interakzio etengabean nabaritzen zen publikoa poltsikoratuz. ‘Euri tanta bakoitzean’ etorri da segidan. Euririk ez Lakuntzan, hautsa protagonista. Hala ere hori hobea lokatza baino. Afaltzeko baliatu dugu tartea eta ’Euskadi antifaxista’ eta ‘La chica del batzoki’ ereserkiak etorri dira orduan. Langileen jantokian txandalarien arteko elkarrizketa polita entzun dugu, beteranoak hasiberriekin hizketan langile elkartasunaren adierazle. ‘Zure ingurua’ jo dute segidan eta Korrikarako egindako ‘Ongi etorri’ gero, topera abestu du jendeak. ‘Revolution mix’ kantuarekin bukatu dute emanaldia, familia giro ederra sortu da Beriain gunean.

Gatiburen kontzertu atarian «Gora borroka feminista» entzun zitezkeen oihuka hainbat emakume lehen lerroetatik gertu. Arazoren bat edo egon da taldea oholtzara atera denean eta minutu pare batez atera egin behar izan dute, dena konpondu eta ‘Inpernuen ate joka’ kantuarekin hasteko. Publikok abestuz jarraitu die lehen unetik. ‘Lorak eskaintzen’ abestiak eman dio segida, ‘Zoramena’ diskoko abestia eta disko bereko ‘Musturrek sartunde’ etorri da gero. «Plazera da hemen jotzea, eta, azken aldia denez, utzi lotsak albo batetara eta elkar hartu eta gozatu, elkar maite. Gora gu ta gutarrak!», egin du oihu Sarduik ‘Pailazo’ jo atarian.

‘Nire ondoan baziña’ 2016ko singleak segida eman dio kontzertuari. ‘Urepel’ etorri da gero eta jendea eztarria urratzeraino abestera iritsi da. Bertso bat ere bota du Sarduik gaurkoan, «Gora Euskal Herria askatuta eta gora Palestina askatuta!» oihuka bukatuz. Taldearen sendotasuna aipatzekoa izan da emanaldiak iraun duen denbora. Euririk gabe ‘Euritan dantzan’ genbiltzala, ‘Gora kopak’ abestuz besoak zerura igo ditugu merezi dutenengatik. ‘Gabak zerueri begire’ abestuz bukatu da dena, baina bukatzerakoan, «Gora borroka feminista! Gora Euskal Herria! Gora zentzuzkoak diren borrokak!» egin du oihu Alex Sarduik bukatu aurretik.

Bizardunaken kontzertu eroa

Kontzertu zororik izan bada aurtengo edizioan, hori Bizardunak taldearena izan da. Iruindarrak Nafarroako estandartea oholtzan zutela igo dira eta «Gora Nafarroa Forala! Zuekin polbora usain eta guzti Bizardunak» esanaz ‘Eguzkiaren atzekaldean’ jo dute hasteko, Cabezafuego eta Josemari abesten zirela. CCCPko elastikoa soinean zuen Josemarik bigarren abestirako, ‘Nafarroa gure aberria’ abesteko tenorea iritsi denerako. Publikotik ere atera dute bandera nafarra.

«Zaharregiak gara kontu hauetarako, baina Argalari kantatuko diogu» esan dute orduan eta ‘Aintzinako Baskoiak’ kantatu dute. Miguel Boseren ‘Amante bandido’ abestiaren doinuan «Seré tu amante Gatibu» abestuz txistea egin dute gero; ez da bizkaitarrekin egin duten bakarra izan. ‘Santakruz apaizaren kondaira’ abestian flauta dultzea eta danborrak protagonista izan dira. Josemari berotzen ari zen tarteka, bere alderdi basatiena erakutsiz: «azken iraina; hasta que nos canceleis». Bizkaitarrei ‘Ratas de Vizcaya’ eskaini die segidan, «baina ez arratoiak direlako», bi garagardo falta zitzaizkiola denetarik esateko ere gehitu du abeslari nafarrak

«2017an performance bat egin nahi genuen Hatortxun, baina badakizuenez ez ginen etorri. Muniainen kamiseta txerritxo bati jarri nahi genion, zahartu gara, baina ez dugu Aresoren kamiseta berria topatu, ya vale de tanto Oreo», azaldu du Josemarik. Aresori egurra eman dio behin baino gehiagotan Bizardunak taldeko abeslariak. «Iparralde Frantzia da!» probokatzaile bat jaurti du hurrengo abestiaren sarreran. Instrumentala alboka eta mandolina destakatuz, ‘Les Bizarduns contre l'empire francaise’ abestia zen, horratx aurreko probokazioaren zentzua.

«Tuteran ‘Que viva España’ abestu zutela ikusi duzue ezta? Abesti hau ez tuterakoei ez bizkaitarrei ez diegu eskaintzen, ‘500 urte’ du izena», aurkeztu du Josemarik eta jendea gogotik dantzan eta abesten ikusi ahal izan dugu. Lepotik hartu eta dantzan ere jarri gaituzte. Edalontzi eta izotz hegalariak ere asko ikusi ditugu. Denetarik bota diete, euro bat ere bai, baina ez dira haserretu.

‘Barrezka’ kantuan konga bat antolatu da jendartean eta sorpresan harrapatu dituzte oholtza gainekoak, polita izan da. ‘II-Argia’ eta ‘ Yo luche’ mitikoak segidan. Sindikatuak kritikatu dituzte bigarrena jo ostean, 21. mendea zerrikeria bat dela ere esan dute, eta Cabezafuego zahatotik ardoa edanaz ospatu du unea, ‘Ardo gorri naparra’ abestu atarian. Josemari jendartera jaitsi da orduan eta bueltan oholtzara igotzean preso komunei eskaini diete ‘Shane McGowan's Basque Paddys’: ‘El vaquilla’, ‘El Dioni’ eta abar luze bat aipatu dute. Erotu egin dira. ‘Gora Viñarock’ bat ere entzun da beheko aldean pogoa sortzen zen bitartean. Hatortxuren agurreko kontzertu eroena hau izan da ezbairik gabe. ‘Siete Balas’ taldearen ‘Nafarroa’ kantuarekin medleya ere egin dute eta ‘Oreoak’ eta ‘Nazi de fresa’ ereserkiak jo dituzte bukatzeko, kontzertuaren iraupena behar zuena baino luzeagoa izanaz. Merezi zuen.

Gauak bukatu, egunez segi

Amaieraren hasiera genion lehen egunean, bada bukatzear da dena. Banda Bassotti, Anestesia, Buitraker… Gaztaroko doinuak zaharrenentzat. Bengo, Süne, Skabidean, Herdoil, Tribade… odol berria gaurkoentzat. Denak bat eginda, Hatortxu bukatzen, bidean aurrera. 

Bihar egunez izango da festa, nahi duen oro bertaratu daitekeena. Iñigo ETS, Tatxers, Gorka Urbizu, Tremenda Jauria, Roba Estesa, Moises no duerme edota Gozategi. Aniztasunaren eta elkartasunaren jaia La Jodedera taldeak itxiko du Lakuntzako plazan. Agur Hatortxu, 30 edizio eta 26 urte ez dira alferrikakoak izan. Bideak aurrera segiko du, bidelagun izango gara, azkena etxean izan arte.