En direct

‘The Recap’ abestirako Kneecap jende artera jeitsi zen.
Kneecap jende artera jeitsi zen ‘The Recap’ abestirako. Zoramena. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Giroa berotu zen, eta nola irlandarrekin.
Giroa berotu zen, eta nola irlandarrekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Kneecap taldearen emanaldian Sol Band Gazako taldekoak igo dira oholtzara Kobetamendin.
Kneecap taldearen emanaldian Sol Band Gazako taldekoak igo dira oholtzara Kobetamendin. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Kobetamendin musika eta aldarria, loturik.
Kobetamendin musika eta aldarria, loturik. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Euskal Herrian zeudela argi zuen Kneecap hirukoteak.
Euskal Herrian zegoela argi zuen Kneecap hirukoteak. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Oholtza nagusiaren irudia, ekaitzak gogor jo aurretik.
Oholtza nagusiaren irudia, ekaitzak gogor jo aurretik. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Musikaren zaletasunari dagokionez, ez dago adinik.
Musikaren zaletasunari dagokionez, ez dago adinik. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Euria, haizea, tximista eta trumoiei aurre egiteko prest.
Euria, haizea, tximista eta trumoiei aurre egiteko prest. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Energiaz lepo Amy Taylor, Amyl & The Sniffers talde australiarraren abeslaria.
Energiaz lepo Amy Taylor, Amyl & The Sniffers talde australiarraren abeslaria. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Amyl & The Sniffers taldearen jarraitzaileak, bero.
Amyl & The Sniffers taldearen jarraitzaileak, bero. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Oholtzaren gainean, Carlos Ares galiziarra.
Oholtzaren gainean, Carlos Ares galiziarra. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Saldelcoche taldearen emanaldia. Begirada, tinko.
Saldelcoche taldearen emanaldia. Begirada, tinko. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Erantzuna, behetik ere, tinko.
Erantzuna, behetik ere, tinko. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Kneecapen herri zapalduen aldeko oihua Bilbao BBK Liven bigarren egunean

Palestinaren aldeko aldarriak izan dira Bilbao BBK Liven bigarren eguneko protagonista nagusiak. Xsakara bermeotarrak bere emanaldian gogor aipatu du genozidioaren afera eta Kneecap taldeak herri zapalduok elkar hartu eta babesteko dugun joera balioan jarri du Kobetamendin. 

Kneecap taldearen emanaldian Sol Band Gazako taldekoak igo dira oholtzara Kobetamendin.
Kneecap taldearen emanaldian Sol Band Gazako taldekoak igo dira oholtzara Kobetamendin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ekaitzaren mehatxua presente bazen ere momentuero, garaiz ireki dituzte ateak eta garaiz bertaratu da publikoa ostiral honetan Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren egunera. Xsakara ‘Dena emateko prest’ kantuan harrapatu dugu oholtzara igota. Monet DJa eta biak publikoa animatzeko lanetan ari ziren, askorik ez baina zeudenak gogotik abesten ari zirela. ‘Gustora’ abestu eta gero, hurrengoa aurkezterakoan, faxistak agertu zirenekoa eta sarean jasandako erasoak aipatu ditu Xsakarak: «faxisten aurka gaude gu, heriotza Israeli, putakume hauek oxala lehertuko balira, ez baita genozidioa, hori baino askoz ere gehiago da», esan du argi eta garbi oholtzatik. ‘Hemen’ kantu dantzagarri lasaia etorri da atzetik, ‘perreo’ suabea duen abestia.

Beranduago abestu duen ‘Yepa!’ kantuarekin sartu zaizkio TikTok plataforman faxistak mehatxuka Xsakarari, baina, kontzertu ostean esan digunez, «horrek ez nau kezkatzen, posizionatu beharra dagoelako, akaso beranduegi den arren».

Duplarekin egin zuen ‘Txiki’ etorri da atzetik, eta rave kutsua hartu du lehenengoz Kobetamendik. Dragoi Bolan Gokuk super saya bihurtzen zeneko soinu-efektua entzun da ostean, segidan ‘Beroa’ kantua etorri delarik. Atzetik, ‘Yepa!’ kantua, hiphop klasiko bat, eta ‘Nire kartzelan’ kantu berezia, baduelako gitarra distortsionatu asko eta baita auto-tunea ere abesti horrek.

Azken aurreko kantua euskal musikari omenaldi bezala ulertu dugu, hori defendatu baitu Xsakarak. «Halako jaialdietan euskarak tokia izan behar du, eta horregatik etortzen gara halakoetara, etorkizuneko musikariek ere ikus dezaten euskarak baduela tokirik hemen». ‘Ez gara betirako’ kantuaren atarian, euriaren mehatxua gogorarazi digu bertaratu garenoi. 

Azken txanpan ea inork porrorik baduen galdetu du eta abestia dantzarazteko nahian, «el que no bote policia nacional» edota «el que no bote guardia civil» esan du, probokazio modura. ‘Gau honetan afterparty’ kantua zetorrelako esan du hori guztia, berriz ere rave giroa sortuz. Baina beste bat eskatu du jendeak eta eskaini du hori ere, ‘Superlasai’ bere amamari eskainitako pieza.

Kneecapen atarian aniztasuna

Sal del coche hirukoa ikustera hurbildu gara segidan. Vulken errautsetatik sortutako proiektuetako bat da hau, berezia, gitarrarik gabe ikusi dugu egon garen denbora gutxian. Sinteak, saxoa, baxua eta bateria. Eta jarrera, sekulako jarrera indartsua. ‘Ciudad de polvo’ kantua hastean harrapatu ditugu bizkaitarrak, eta negutegian eta Julietaren kontzertuan egongo zenaren artean, ziur publiko alternatiboena edo undergroundena elkartu dutela hauek, estetikak gutxienean hori esaten zigun. Eta gerora jakin dugu, baietz, batez ere LGTBIQ+ kolektiboko jendea elkartu dela Julietaren oholtzaren bueltan. «Aurpegi ezagunak zein berriak topatu ditugu karpan, eta hori du halako jaialdi batean jotzeak», esaten zigun Jangitz Larrañaga taldekideak kontzertuaren ostean. Bateria-jotzailea oholtzaren aurrera etorri da ‘Herriko plaza’ abestera, melodika eskuan. Orduan aldatu gara oholtzaz beste behin.

Lau dantzari eszenan, atzean, eta ezkerretara DJa zirela, dantzari artean atera da eszenatokira Julieta bartzelonarra. Lehenengo ‘dance break’ baten ondoren, ‘Trenca'm el cor’ izan da lehen abestia. «Este festival es la puta hostia, tengo fomo de no estar de público» egin du oihu.«

«Guapa» eta «reina» esaten hasi zaio publikoa, eta haien oihuen erritmoan saltoka hasi da Julieta, eskerrak emanaz. Atzeko plataformarekin batera, atrezzo bakartzat zuen zuhaitzera (Adan eta Evari erreferentzia ote?) igo da abesti baterako.

‘M'oblido de olvidarte’ abiatu aurretik, dantzariak lurrean etzanda hasi dira orrietan marrazten, umeen antzera eta hori guztia grabatuta, atzeko pantailan ikusten zen. Tarteka mikrofonoa askatzen zuen dantzaren munduan erabat murgiltzeko. ‘Bruna’-ren garaia iritsi denean (hurbileko lagun bati eta, oro har, laguntasunari eskainitakoa), arraunlarien antzera eseri dira ilaran Julieta eta lau dantzariak, batak besteari ilea orrazten.

Kamera aurrean burua mugitzen eta poseak egiten hasi da orduan. Izan ere, uneoro ilea atzeraka mugiarazten zioten haizagailuak kontzertuaren protagonistetako bat izan dira. Bideoklip itxura hartzen zuen guztiak. ‘Loba’ abestu aurretik plataformaren atzean ezkutatu dira Julieta eta dantzariak, eta arrastaka atera dira bertatik, otsoen moduan. Publikoko batzuk uluka ere jarri ditu performanceak.

‘Ja no m'estima mès’ (Mushkaarekin, Bad Gyalen ahizparekin egindako kantua) publikoarekin hartu-emana izateko baliatu du eta  ‘L'amor de la meva vida’ abestian, zuhaitz albora gerturatu da berriro, eta aurretik agertu gabeko gizonezko dantzari batekin dantzan hasi da.

Publikoa zoratu egin da Belén Aguilera madrildarrarekin (beste pop diva bat) duen ‘Thelma y Louise’ abestia hasi den unetik. ‘Taxi’ girotu duen dantza iradokitzaileak ere oihuka jarri du jendea, eta batzuk twerking egitera ere animatu dira publikoan. ‘Lokura’-ren errepika elektronikoak saltoka jarri ditu guztiak eta horrela amaitu da hiru ordu laurdeneko kontzertua.

Julietak eskerrak eman zituen kontzertu bukaeran euskaraz eta katalunieraz, eta «os estimo moltissim» esan, irribarretsu. Publiko artean, hiru pertsonako casteller xume bat ere egin ziten, goiko kideak ikurriña handi bat zabaldu zuelarik.

Carlos Ares arrakastaren bidean dagoen musikariaren txanda etorri da segidan. ‘Dias de perros’ kantuarekin hasi du emanaldia, kantu poperoa. Instrumentazio desberdina du madrildarrak, perkusio set bereziarekin bateriaren inguruan, esekitako tinbal eta guzti. Gitarra akustikoak zituzten soinean beste hiruk, baxu elektrikoa, pianoa eta biolina gainerakoek. Folkaren eta poparen uztarketa hori da arrakasta eskuratzen ari dena eta publikoan nabari zen hori. ‘Aqui todavia’ kantua ari zela mugitu gara oholtza nagusira, han baitzegoen Jessica Pratt.

Kontzertua hasi berrizela iritsi gara. Oholtzan oso atzekaldean kokatuta zen talde guztia, xume, erdi ilunpean, mahai bat zuela Prattek bere ondoan. Bera akustikoaz eta teklatu bat, bateria xume bat, baxua eta saxoa gainerako musikariek. Proposamen berezia halako jaialdi baten oholtza nagusirako, eskertzen dira halakoak. Hori bai, jende gehiago Aresek. Nagusia hutsik, txikia beteta.

Euskal Herria, Irlanda eta Palestina elkar hartuta

Kneecap ‘3CAP’ intro abestiarekin hasi dira, pantailan genozidioa salatuz, ikurrina atera eta publikoan Palestinako banderak ere agertu dira modu berean. Euskal Herrian lehenengoz musika zabaltzeko aukera zutela eta oso pozik agertu dira behin eta berriz «Gora Euskal Herria!» edota «Askatasuna!» oihukatuz. Gazako Sol Bandakoak ere igo dira oholtzara eta zatitxo batez ere abestu dute eta euskaraz ozen oihukatu «Palestina Askatu!». Etxeraten banderolak, Gure Eskurenak… denetarik agertu da Kneecapen emanaldian oholtza gainean. 

Oihuen artean berena den «Tiocfaidh ár lá» ere entzun ahal izan dugu, denbora guztian nazio askapenaren kontuak taularen gainean jarriz ibili baitira Belfasteko hiru abeslariak.

Pogoak ertz desberdinetan ikusten ziren, jendea oso aktibo zegoen eta gogotsu emanaldiak iraun duen denboran. Hala, esteladak eta Irlandako banderak ere agertu dira publikoan. «Euskal Herria, Kataluniak eta Irlandak badakigu zer den zapalkuntza, badakigu zer den gure kulturaren espropiazioa pairatzea… Horregatik hemen guztiok elkar hartu eta egiten dugu Palestinaren alde», esan du Mo Charak. «Fuck Franco!» ere oihukatu dute eta Móglai Bapek argi esan du: «Epaiketan gertatzen dena gertatzen dela, genozidioaren aurka jarraituko du Kneecapek». Trap eta techno doinuen artean, herrien arteko elkartasuna agerikoa izan zen Kobetamendin. ‘H.O.O.D’ kantuan lehertu egin da da dena eta ‘The Recap’ abestirako DJ Próvaí publiko artera jaitsi da. Ez dira 45 minutu baino gehiago izan, baina BBK Liven nazio askapenaren alde aspaldian egin ez diren aldarriak egon dira, publikoak bikain erantzunaz gainera.

Tamalez, ezin izan dugu haiekin egon, denbora gainera etorri eta elkarrizketentzat zuten tartea murriztu dutelako. Pena, ‘El Mundo’ edota el diario.es medio espainiarrek izan baitute haiekin egoteko tarterik. Dena dela, ez dugu uste Euskal Herria bisitatuko duten azken aldia izango denik, berandu baino lehen berriz ere itzuliko direlakoan gaude. Atenasen izango dira orain hurrena Kneecap taldekoak, hori bai, hemen izan duten harrera eskertu ondoren.

 

Elektrizitatea oholtzan eta, gero, ekaitza lehertu da

Oholtza nagusietako proposamenik elektrikoena gaurkoan Amyl and the sniffers taldearena izan da gaurkoan. ‘Security’ kantuarekin indar betean sartu dira oholtzan taldekideak, lehen unetik energia gorenean.

Bertaratu den jendearen energia ere maila berean zegoen. Korrika iritsi dira gehienak Kneecap amaitu eta berehala, San Miguel eszenatokitik nagusira. Publiko artean taldearen herrikideak izan zitezkeen asko ikusi zitezkeen, Australiakoa baita Amy Taylorren banda, eta abestiak hasieratik amaierara oihukatzen aritu dira uneoro.

«Whats up, you bastards?» esan die publikokoei eta datozen herria beti izango dela herri indigena esan du abeslariak, errespetua zor zaiola eta beste hainbeste gertatzen dela Palestinarekin: «Ez duzu jeinua izan beharrik gertatzen ari dena izorratuta dagoela jakiteko». Euri txiki azpian igaro da oro har kontzertua, eta kontzertu erdialdera tximistak mehatxuka hasi dira urrunean. Kontzertuak aurrera egin ahala, euria ugarituz joan da, zakartzera iritsi gabe eta bitartean koloretako zira itsasoa pozik zegoen.

Proposamen elektrikoenetik, elektrizitateak zapuztu duen gauera pasa gara. Amaiaren txanda zen San Miguel oholtzan eta iruindarrak deabrua inbokatu du kontzertuaren hasieratik: «aquí en el norte de España llueve mucho». Tira, Kneecapek edota Amylek herrialde zapalduen diskurtsoa egin ostean, Amaiak zapaltzailearen herria garela esan du birritan. Bada, lehen lau abestiak eskaini eta gero, ‘Tocotó’, ‘Magia en Benidorm’, ‘La vida imposible’ eta ‘Dilo sin hablar’, kontzertua bertan behera geratu da. Haren kamioi ezaguna backstagean zegoen, instrumentuak kargatu eta martxa egiteko prest. Euritan saiatu bada ere, kontzertua ezin aurrera eraman.

Eta horrela izan da guztia ordu eta erdi pasaz geratu delako. Rusowskyren emanaldia eta Rayerena beranduago hasi dira, bigarrenarena, gainera, beste behin eten behar izan dute, nahiz eta azkenean aurrera eramateko moduan izan diren. Fomo pixka bat ere sentitu dugu, lerro hauek idazterako garaian bi artisten musika iristen baita prentsa gunera. Baina egiten duen euriak eta biharko eguna aurretik dagoela jakinda, erabaki zuzenena aterpean sartu eta indarrak biharko gordetzea da.

Bad Gyal eta Baiuca ere beranduago etorriko dira, ondo bidean, gaua luzatu nahi dutenentzat gozagarrai. Herrialde Katalanak eta Galizia, Euskal Herria, Irlanda eta Palestina. Gaur estaturik gabeko nazioek zer esana eman dugu Bilbao BBK Liven.