MUSIKA

Gitarrak eta pop izarrak Bilbao BBK Liveren itxieran

Bezperako euri eta tximista jasaren ostean, lainopean baina gogotsu igo da berriz ere jende andana Kobetamendira. Janus Lester Nagusia oholtzan bikain eta negutegian Malko eta Viva Belgradoren energia deskarga. Kylie Minogue, Nathy Peluso eta Damiano David izarrekin bukatu da aurtengo edizioa.

Kylie Minoguek aho zapore bikaina utzi du Bilbora egin duen lehendabiziko bisitan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Indiea, popa eta musika beltza nagusi izan badira ere aurtengo BBK Liven, larunbatean gitarrek izan dute bere espazio eta protagonismoa. Malko taldeak ireki du azken eguna negutegian, 2023an elkartu eta Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen taldea. Aspaldiko proposamen rockeroena maketa lehiaketa irabazten, gitarrak eta Maddi Arlanzonen ahotsa baitira protagonista nagusiak proiektu honetan. Kantu berriak aurkezteko baliatu dute emanaldia, lehen hiru abestietatik bi berriak izan direlarik.

Bi deskarga indartsuren ostean beste pausa bateko hirugarrena etorri da, gitarra garbietan hasi eta behetik gora egiten duen abesti batekin. ‘Bigarren pertsonan’ azkar bat etorri da atzetik, ‘Esan ez direnak’ lehen diskoko abestia. Dinamikekin asko jolastu dute kontzertuan, intentsitatea neurtuz, gora eta behera ibilita. Pop rockera gertutatzean ere elektrizitatea maite dutela argi geratu da. Publikoko bat gerturatu da halako batean oholtza azpira eta denak aurreratu ditu taldeari babesa ematera. Sukena taldekoak ere bertan ziren herritarrei babesa ematen. 

‘Alkohola ta biolentzia’ kantua tempo lasaian bada ere, aipatzen duten odoluste horren amorrua bikain transmititu dute. Diskoa ixten duen ‘Amaierak’ kantuarekin etorri da agurraren hasiera, Arlanzon goxo eta erdi a cappella abestuz hasi da, eder. Baina behetik gora etorri da kantua, gitarra atmosferikoak lehertuz eta gaitasun bokala erakutsiz oihu dotore eginda. Gitarren apoteosi batekin bukatu dute, publikoaren parera jaitsita. Eskertzekoa BBK Liven halako jarrera duen euskal talde gazte eta rockero bat. Eszenak halakoak behar ditu.

Janus Lester, lehen pop izarra

Janus Lester etorri da segidan, V formazioan sei musikariak eta bera erdian, errefortzuekin gaurkoan, Izaro Ertamerikan delako eta harekin direlako Mattin Arbelaitz, Garazi Esnaola eta Txiki. Piramide moduko bat zuten oholtzan eraikita, hiru solairutakoa. Olatz Salvador tekletan eta koroetan, Mikel Santxez baxuan eta Ekain Elortza bateria jotzen. A zer nolako hirukoa.

‘Minutuak’ kantu mumfordianoa etorri da bigarren tokian. «Plazera da oholtza nagusia zabaltzea», esan du Pinatxok. Probokadorera aurreratu da une horretan eta publikoarekin konektatu du lehen instantetik. ‘Su argitan’ dantzagarria jotzen ari zirela, Jokin kontzentratuta, irribarrez eta gozatzen ari zela ikusten zen, nabari zen plaza handia zuela gaurkoa. «Egin dezagun borroka beti erasorik gabeko festibalen eta festen alde eta egin dezagun oihu Palestinaren alde», egin du aldarri Berako musikariak.

Akustikoa lepora eta ‘Lore’ publikoari elkarrekin abesteko eskatu dio. Disko berria zabaltzen duen ‘Nola hartu arnasa’ etorri da segidan, falsetearen erabilera bikainarekin eta hor aurkeztu du Olatz Salvador, bere zatia abestu aurretik; eta nola abestu duen gero! Ederra unea. Banda ere neurrian uneoro, koro ederrak eginaz. Bertsio berezia prestatu dutela aipatu du segidan, lehen abestietako batena, plazetan aldarrikatu duten mezu hori Kobetamendin ere zabaltzeko. A zer polifonia «Ez gaitzala loak harrapatu» kantuaren bertsio akustikoaren errepikan. Lehen zatiaren ostean, gainera, beste indar bat hartu du kantuak.

«Oihu txiki bat hemendik antzoki txiki, taberna eta aretoen alde, haietan sortzen direlako hemen gauden proiektuak, izan gu, Carolina Durante, Nathy Peluso edota Damino David», bigarren aldarria egin eta ‘Dap Dap’ jotzen hasi direnean mugitu egin behar izan dugu.

Ekaitza eta barealdia

Viva Belgradoren txanda negutegian, jende asko zutela, karpa goraino beteta. Cordobako taldea sekulako indarrarekin sartu da oholtzara, Candido Galvez oholtzaren alde batean, Cris G. Sanchez taldeko baxu-jotzaile den eta aurten sartu den taldeko emakume bakarrari zentralitatea utziz. ‘Una Soga’ eta ‘Cerecita Blues’ etorri dira lehen tokietan. Publikoa bero, propio hauek ikustera etorri zenik ere bazen.

Hasi eta bukatu geratu gabe jo dituzte abestiak, akopleen soinuekin lan ederra eginaz horretarako. Gora egin du emanaldiak ‘Chéjov y las gaviotas’ kantuan, pogoa geroz eta gertuago nabari zen. ‘Gemini’ etorri da atzetik eta efektuekin jolasean ibili da Galvez, garbiaren eta zikinaren mugan, abiadura handian. Ahots prozesatuek oso ukitu berezia ematen diote abestiari.

Barealdia segidan ‘Jupiter and Beyond the Infinite’ abestiarekin. ‘Por la mañana, temprano’ abestian momentu unisono ederrak eta break dotoreak entzun ostean, ‘El cristo de los faroles’ kantuarekin publikoa saltoka eta abesten hasi da eroa bezala. Fandome dezente zegoen eta adin tarte zabala zuten inguruan, gainera. ‘Un relato’ kantuarekin oholtza agurtu dugu. Kontzertutzarra. A zer hasiera atzokoak.

Atmosfera lasaia, Alice Phoebe Lou hegoafrikarrak San Miguel eszenatoki inguruan sortu duena. Ezin liteke esan zelaigunea hutsik zegoenik, jendea zegoen denean, baina sakabanatuta. Hara hona gehienak, batzuk hizketan, beste hainbat ikusminez hurbiltzen, asko lurrean eserita. Lehen lerroetara gerturatu beharra zegoen kontzertua bete-betean sentitzeko.

32 urte betetzear den abeslariak nerabea zirudien ia; armairuko arroparik kasualenak eta kapela zuri-beltza jantzita, besterik ez zeraman soinean. Hainbat abesti lasairen ostean, erritmoa berreskuratzeko deia egin dio publikoari, eta oholtzatik ere halaxe egin dute. «Vibing» mantendu dira, hark esan bezala, baina martxa apur bat hartuta.

Publikoari eskerrak eman eta goitik ikus zezakeen paisaia miretsi eta berehala, are gehiago berotu da giroa. Dantza txiki bat egiteko moduko erritmoa ematen zioten abesti batzuek, gitarra hartzekoa besteek. Bigarren plano batean, musikarietako baten pianoak bereganatzen zuen protagonismoa.

Lagunak eta nork bere burua zaintzeko gonbita egin du amaiera aldera. Ordurako beteagoa zegoen plaza, eta bereganatua zuen jakinmin hutsak bultzatuta bertaratutako publikoa. «Zuek berriro ikustea espero dut. Jaialdi izugarria da», bukatu zuen Alice Phoebe Louk.

Carolina Duranteren bulegoa

Arratsaldeko 17:00etan eguzkipean espazio txiki batean jotzetik, BBK Liveko eszenatoki nagusiko zelaigunea betetzera igaro dira zazpi urtetan Carolina Durante madrildarrak.

Azken bira honetan ohiko izan duten bezala, ‘The Office’ telesaileko musikarekin abiatu da Carolina Duranteren kontzertua. Oholtzan ere nabari zen azken urteotako bilakaera: bulego oso bat irudikatzen duen atrezzoa, eta ohikoa baino musikari gehiago. Mahaietako batean, Palestinar bandera zabalik. Publiko artean ere, beste bat bazen.

Herrenka atera da Diego Ibañez abeslaria, makulu bakarrarekin, NAIZ Irratiari kontatu dionez, «oraindik salto egin ezin duela ez ahazteko», azkar ahaztu du, ordea. Berriki egin diote hankeko ebakuntza eta hala eta guztiz ere mantendu egin dituzte orain arteko kontzertu gehienak, eta beste hainbeste egingo dute udakoekin.

Azken diskoko aurkezpen abestietako batekin ireki dute emanaldia, ‘Joderse la vida’, Bilbon lehen aldiz milaka ahotsek abestu dutena (aurrekoan ehunka izan ziren, Santana 27 aretoan). Askotariko ahotsak eta ahoak, gainera. Profil ezberdinetako koadrilak leku berean elkartzea lortu du taldeak. Lauzpabost abesti energikoren ostean, kafe makina baten parean itxaroten egongo balira bezala, oso goiz altxatu direla esan du Diegok. Kafea hartzearen itxura egin du jarraian, eta mugimendu espidikoz abestu du ‘Tomé café’. Ebakuntzaren ostean lehen astea zuela ibiltzen kontatu du, eta agur bat bidali dio medikuari, ez baitzekien zertan ari zen, oholtzan kantari alegia. «Kontatu behar da... 1,2,3,4!» esan eta ‘Cayetano’ lehertu da.

Gainerako musikariak agertu dira oholtzara segidan. «Orain bai, orain super banda gara», esan du txantxetan abeslariak. ‘Elige tu propia aventura’ etorri da orduan, haize eta soka sekzioek lagundutako abestia. Hortik aurrerakoetan ere lagundu dituzte oholtzan Carolina Durantekoak.

‘Probablemente tengas razón’ izan da musikariekin egin duten azkena. Jendea oihuka jarri dute ‘Qué nos ha pasado, si no ha pasado nada’ kantuaren errepikan, baita segundu luzez isildu direnean ere. Hunkitzera ere iritsi da ‘Hamburguesas’ abestian. Ederra emanaldia madrildarrena.

Kylie Minogue, diva hutsa da australiarra

Antipodetako musika maite dugunon erreferentzia nagusietako bat izan da ezbairik gabe Kylie Minogue. AC/DC, Tame Impala, Parcels, Royel Otis, Anastacia… eta bera, Kylie Minogue. Spoiler: kontzertu puska eman du 57 urte bete dituen urtean ‘Tension’ bira betean.

Kylie egurrean hasi da, ‘In your eyes’ kantuaren moldaketa berriago batekin, ‘Tension’ unibertsora gerturatuz nolabait ere. Intro bat egon da aurretik, denak oholtzara sartuz joan dira eta bera erdian goian, izar handiek egiten duten moduan. Eskilarak laguntzaz jaitsi ditu eta dantzan hasi da segidan, txarolezko buzo morea soinean, zortzi dantzari futurista inguruan eta banda goiko solairuan zuela, lau musikari eta hiru koristaz osatua.

‘Get Outta My Way’ etorri da segidan, ereserkiak hasieratik abestuz eta bandera feminista bat publikoaren erdi-erdian bueltaka. «Gabon Bilbao» esan ostean, eskerrak eman dizkie australiarrak bere zaletuei etortzearren, sekulako jaialdia dela gaineratuz Bilbokoa. Emanaldiaren hasiera oso bere 90etako 2000etako garaikoa izan da, ‘What Do I Have to Do?’ etorri baita gero eta ‘Spinning Around’ segidan. Baxuaren magia, gitarraren funka eta bateria konstantea, bandakoak oso sendo. Zuzeneko soinu perfektua dute, Pulpekin gertatu bezala, sentsazio ederra utzi digu oholtzan gertatzen ari zenak. Dantza neurtuak egin ditu berak, probokatzaile beti bezala hori bai, eta atzean zuen zortzikotearen koreografiak ederrak izan dira; argi ikuskizuna ere itzela. Eszenografia sekulakorik gabe, gauza handia egitea lortu du Minoguen taldeak.

Interludio luzexka bat egin dute bigarren pasarteari sarrera emateko, dantzariak aurrera etorri dira eta koristak ere bai Kylie desagertu den bitartean. ‘Taboo’ kantuarekin luzatu dute unea, denek erropa aldatzeko baliatu dute, eta han agertu da oholtzara Minogue buzo gorri bat jantzita, lentejuelaz beteta. Atzeko pantailan bere aurpegiaren proiekzioak ematen ari zirela, ‘On a Night Like This’ Pandora abeslari suediarraren coverra etorri da bigarren zatiari hasiera emanaz. Mikroa ere gorria zela jabetu gara une horretan, dena neurtuta zeukan.

‘Better the Devil You Know’ kantua eskaini duenean, oholtza osorik bete du berak bakarrik, publikoarekin konektatuz alde batetik bestera mugitu da. Geratu ere gabe ibili da halako puzgarriak soinean zituzten dantzariek lagunduta. Oholtzan jarraitu dute haiek ‘Shocked’ kantuak iraun duen denboran. Eta une honetan argi esan genezake: Australiarra diva bat da eta kitto. «Eskerrik asko» esan du segidan eukaraz eta bero egiten duela gaineratu, nahiz eta askorik ez zuen egiten. Australian negua delako izango da akaso esan duena. Countryra pasa gara ‘Dancing’ abestian eta hor bera ere pausu esijenteagoekin hasi da dantzan, geroz eta solteago eta mugituago, Kobetamendi txaloka jarri duelarik musikaren erritmora.

2025ean gaudela baina 80etara salto egingo dugula esan digu ‘The Loco-Motion’ Carole King New Yorkeko abeslari mitikoaren kantua abestu atarian, publikoak gogotik abestu duen kantua bide batez. Break txiki bat egin ostean, koristak lehen lerrora eraman ditu berarekin eta ‘Tension’ diskoko ‘Hold on to now’ etorri da. Koristen aurrean belaunikatuta bukatu du abestia Minoguek.

Gitarra-jotzailea akustikoarekin etorri da gero eta pandemia ekarri du gogora, diskotekak ezin izan genituela zapaldu esan eta berriz ere publikoarekin abestea bera ere ez zekiela posible izango zenik gaineratu eta gero, elkarrekin abesteko eskatu ‘Say Something’. Diskotekako bola izugarria biraka jarri dute hortik hasi eta emanaldiaren bukaeraraino. Berriz ere erropa aldaketa, egin eta buzotik soineko gorri batetara pasa da berriz ere medley dantzagarri bat eskaintzeko: ‘Supernova’, ‘Real Groove’, ‘Magic’ eta ‘Where Does the DJ Go?’ abestiak elkar lotu digu. Forma betean dagoela erakutsi du dantza eta abesten etenik gabe.

Zuri beltzeko bideo bat etorri da segidan, sokazko instrumentuek lagundutako musikarekin, dena oso zinematografiko, bera beltzez jantzita, «bakarrik sentitzen bazara deitu» jartzen zuen kartela ere agertu da pantailan eta halako tentsio batekin ‘Confide in Me’ abestu du. Elkar hartu eta zaintzeko deia berriz ere Kobetamendin. Kantu esijentea, agudoetan oso gora joan baita Minogue.

Kontzerturik jendetsuena aurten ezbairik gabe hau izan da, atzetik etorri den Nathy Pelusorenarekin batera. ‘Slow’ kantu sotil eta xuxurlarian dantzariak txandal zuriz jantzita agertu dira. «Flow Pello Reparaz total» esan du baten batek une horretan. Umorerako tarterik ere izaten da festibaletan. Kantua lehertu egin da eta kapa beltza izatetik berriz ere kolorea agertu da Kyliren arropan, probokadorean aurreraino joanaz lehenengo aldiz.

Azken zatira gerturatzen energiak gora egin du nabarmen. Sinte elektroagoak eta distotsioa gitarran ‘Timebomb’ abestian. Errealizadoreak asko jolastu duen abestia izan da ‘Edge of Saturday Night’ The Blessed Madonna taldearekin egin zuen abestia, planoekin ere asko jolasten baitu Minoguen ikuskizunak. Pena The Blessed Madonnakoak Bilbon bertan izan eta ez igotzea elkarrekin oholtzara.

Azken txanpa ‘Tension’ kantuarekin hasi da. Batwoman edota Morticia Adams purpurinaduna bailitzan agertu da azken tarte honetan australiarra. Berriz ere 2000etara salto egin dugu ‘Can't Get You Out of My Head’ kantutzarrarekin, a zer ‘puntxa’ duen kantuak zuzenean. Salto betean eta abesten Kobetamendi.

«‘All the Lovers’ kanta dezagun elkarrekin» eskatu dio etengabeko hartu emana izan duen publikoari. Kantu poperoena ezbairik gabe, abestuena ere bai ziur asko. Candido Galvezek esan moduan, melodia itsaskorra duten abestiak batira gehien kantatzen direnak. Azken biak bukaera ederra emateko, ‘Padam Padam’ indartsua lehendabizi. Soineko hori beltz bat jantzita zuela, azken txanparako hori aukeratu du, bere sinaduraz jositako soinekoa eta betaurreko beltzak. Bere 2001eko ‘Fever’ diskoko hitarekin bukaera ‘Love at First Sight’. Horixe sentitu dugu Minoguek Bilbora egin duen lehen bisitan, lehen begiradako maitasuna.

Nathy Peluso, gerriak koipeztatzen

Kylie Minoguen kontzertuaren ondotik, jarraian etorri da Nathy Peluso argentinarrarena. Bi esparruen artean pilatzen zen batetik besterako jendea. Hiru gizonezko dantzari bere biran eta atzean musikariak. ‘Mafiosa’ lurrean hasi du eta asko luzatu du, jarraian hainbat salsa kantu elkarren artean lotzeko. Dena oso performatikoa izan da, keinuak, haserre aurpegia, gizonekin egoerak antzezten… Gizonetako batek lurrean amaitu du, ‘hilik’, larrosa baten ondoan.

«Salsa gustuko duzuela entzun dut... Erotikarik al dago nire publiko artean?», egin du galdera Pelusok ‘Erotika’ abestu atarian. ‘GRASA’ hitza zeraman bandera erraldoia atera du, bere azken diskoaren izenburuaren omenez orduan. Publiko artera jaitsi da Peluso eta Bizarrapekin egun zuen 36. sesioko kantuarekin jendea zoratu eginda, denak abesten. Hip-hop mundura era pasa gara eta ‘Salvaje’ kanturako Lua atera da oholtzara kolaboratzera. ‘Buenos Aires’ abestian ere asko kantatu du jendeak, nabarmen entzuten zen. Camilo Sestoren ‘Vivir así es morir de amor’ klasikoa ia-ia a capella hasi du, piano leun batekin eta hasieratik batu zaio publikoakantatzera. «Viva la música, que sean muy felices mi gente, y por siempre, mueran de amor» esanaz bukatu du kantua, azken ‘Remedio’ abesterakoan musikariak aurketu eta agurtu den arte.

Azken txanpan sartu da jaialdia, Sidonie eta Damiano David oholtza banatan, The Blessed Madonarekin guztia bukatzeko. Beste urtebetez, jendea pozik Kobetamendin.